Literaturakoak

Galtzerdi suizida (2001). Mariasun Landa

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Mariasun Landak haur eta gazte literaturaren arloan egindako lana oparoa eta aski ezaguna da. Txan fantasma (1984), Iholdi (1988), Maria eta aterkia (1988), Nire eskua zurean (1995) edo Krokodiloa ohe azpian (2002) bezalako izenburuak, edukia jakin baino lehen hunkigarri zaizkigunak, gazte gaztetatik ezagun ditugu. Galtzerdi suizida 2001ean argitara emandako ipuina da, eta bertan Landaren unibertso literarioan ohiko diren zenbait ezaugarri topatuko ditugu. Has gaitezen, hala ere, idazle honek euskal haur eta gazte literaturan izandako garrantzia aztertzen.

Mariasun Landa 1973an bueltatu zen Euskal Herrira, Filosofia ikasketak Parisen burutu ostean eta, Zarauzko ikastolan lehendabizi, eta Lasarte-Oriakoan ondoren, jardun zuen lanean. Garai hartan euskarazko material didaktikorik ez zegoen apenas, eta hasiera hasieratik sortu behar horrek bultzatu zuen Landa idaztera:

"Hamarkada haren hasieran, ia hirugarren mundukoa zen egoeran ikastoletan euskaraz irakasten aritzea abentura bat zen. Eta abentura horrek bultzatu ninduen nire lehen haur liburuak idaztera, nire ikasleei euskarazko literatur materiala eskaintzeko xede duinarekin. Abentura horrek sartu ninduen, harriduraz eta berotasunez, kanon ofizialak baztertutako Haur Literatura modernoaren kontinente ezezagunean" (2003: 22).

Iñaki Aldekoak Euskal Literaturaren Historia lanean haur eta gazte literaturari eskaintzen dion atalean, Gerra Zibilaren ondorengo hamarkaden laburpena egiten du (2008: 374-379). Kritiko horren arabera, 60ko hamarkadan hasi ziren haur eta gazteentzako lehen liburuak argitaratzen. Marie-Jeanne Minaberry, Jean Etxepare edo Martin Ugalderen lanak urte haietan kaleratu ziren. 70ko hamarkadan joera horrek gora egin zuen, besteak beste, Mensajero-Gero eta Cisna argitaletxeen esfortzuei esker. Hala ere, 80ko hamarkadara arte ez zuen literatur genero honek aurrera egiteko beharrezkoa zuen bultzadarik jaso. Bultzada, Xabier Etxanizen arabera, Mariasun Landak eman zion:

"Txan Fantasma liburuak gai berria ekarri zuen euskal haur eta gazte literaturara, egia da 1982an [Bernardo Atxagaren] Chick Aranberri dentista baten etxean ipuinean ukitzen dela beldurraren eta fantasiaren gaia, eta A. Lertxundiren Tristeak kontsolatzeko makina (1981) ipuin bilduman ere ikuspuntu berri, modernoa azaltzen dela; egia da, baita ere, hiru liburuok garai berean idatzi zirela. Hala ere, benetako haustura Txan fantasma liburuak eman zuen, eta ipuin hori kaleratzen den unetik hitz egin dezakegu euskal haur literatura modernoaz" (1997: 281).

Zeri deitzen dio Etxanizek "euskal haur literatura modernoa"? Bada, errealismo kritikoa izena duen korronteari, hain zuzen ere. Horren definizioa Landak berak ematen du esaldi bakar batean, G. Rodariren idazteko teknikaz diharduela: "Tradiziozko maitagarrien ipuinetatik urrundurik, errealitatean txertatzen da, eta oso elementu eta egoera errealetatik umore handiz blaitutako gizarte kritika egiten du" (Olaziregik jasotako aipua, 1999). Haur literatura modernoak egunerokotasunetan kokatutako gaiak jorratzen ditu, beraz, eta helburua ez da irakurlea heztea edo konbentzitzea, ez bada errealitateari buruzko ikuspuntu berriak ematea, gizarteak izan ditzakeen arazoetan sakontzea edota familiaren barnean edo norberarenean sortzen diren egoerak aztertzea.

Landaren lanean garapena soma daiteke, hala ere, Olaziregiren ustez, Txan Fantasma-rekin euskal haur literatura modernitatera hurbildu bazuen, Iholdi-rekin John Barth-ek aipatutako minimalismo errealistara hurreratu zuen (ez ordea postmodernitatera; Olaziregik (1999) ez du kontutan hartzen Barth-ek postmodernitatea eta minimalismo errealista bereiztu egiten zituela). Baina bada, Etxanizen ustez, hirugarren etapa bat ere Landaren produkzioan. Azken hau Julieta, Romeo eta saguak (1994) liburuarekin hasten da, eta aro horren ezaugarri nagusia honakoa litzateke: "lan horretatik aurrera Mariasunek hasierako sinpletasuna eta irakurlearengan sentimendu eta gogoetak sortarazteko gogoa mantendu zuen istorio gero eta luzeagoetan, gero eta elaboratuagoetan" (2003: 20). Azken aro horretan kokatu beharko genuke Galtzerdi suizida.

Galtzerdi suizida Mariasunen nobela iniziatikoen sailean legoke, Nire eskua zurean liburuaren antzera. Bigarren horretan gurasoen etxetik ihes egiten duen gaztetxoaren istorioa kontatzen den bezala, lehenengo hartan Plinio Zaharra izen historikodun agurearen ondotik alde egiten duen galtzerdi abenturazalearena kontatzen da. Nobela iniziatiko orotan bezala, Galtzerdi suizida eleberrian ere pertsonaia nagusiak zenbait oztopo eta froga pasa beharko ditu nortasun berri baten jabe izatera, hots, heldutasunera, iritsi baino lehen.

Pliniok zintzilikatu duen balkoitik behera, galtzerdiak bere burua botatzen duen unean hasten da, eta galtzerdi-eme baten ondoan bizitza berri bati ekiten dion momentuan amaitzen da. Bidean, galtzerdiak esperientzia ugari biziko ditu, onak batzuk -aktore gisa erabiltzen duen eskalearekin pasatako egunak, adibidez-, txarrak besteak -elkarren artean borrokan ibiltzeko erabiltzen duten aurrekin pasatakoak-. Brujula gisa, beti izango ditu galtzerdiak buruan bai Plinioren -esaera zaharrak gustoko dituen agurea- eta bai Lukasen -arrain-ontzitik sekula atera ez baina mundua arras ondo ezagutzen duen arraina- hitzak. "Bizitza oso laburra da, baina zabala izan daiteke oso", gogoratzen du estutasun batean. "Gazteak bururik ez, zaharrak indarrik ez", etortzen zaio burura bestean.

Hala eta guztiz ere, lezio baliotsuena berak ikasiko du, bakar-bakarrik gainera, ez liburu batean irakurri duelako, baizik eta iniziazio abenturan esperimentatu egin duelako: "Nik halaxe jokatu nuen, zer sentitzen nuen eta zer nahi nuen galdetu nion neure buruari, harik eta oso egia txiki bat aurkitu arte; txikia diot, baina ezin argiagoa, galtzerdi-egia: bizikide hura maite nuen! Harekin egon nahi nuen betiko!" (74). Beraz, amodioa, maitatzearen garrantzia, da galtzerdiaren abenturako ikaskizun garrantzizkoena.