Literaturakoak

Laura kanpoan da (1999). Jabier Muguruza

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

"Laura kanpoan da" eta "Mont-de-Marsan" izeneko narrazioak biltzen ditu Jabier Muguruzaren (Irun, 1960) helduentzako bigarren narrazio-bildumak. Bizitza pusketak (Erein, 1996) izan zen helduentzat kaleratu zuen lehen narrazio-lana, baina haur eta gazte literatura landu izan du gehiago egileak helduentzakoa baino. Dagokigun liburuko bi narrazioetan bidaia bana da ardatz nagusia, protagonistak (bietan 30 urte bueltako gizon gazteak) egindako bidaia, fisikoa bainoago barnekoa eta barruranzkoa.

"Laura kanpoan da" narrazioan 33 urte inguruko Markos protagonistak, emazte Laura ikastaro bat dela eta kanpoan dela, anaia eta haren rock taldearekin Vigora egingo du hiru eguneko bidaia. Bulegaria da Markos, ezkondua, bizitza egituratuta eta antolatuta duena, eta bidaia horretan bestelako bizimodua duen jendearekin batera biziko da, anaiaren musika-taldearekin eta rock kontzertuetako giroan murgiltzen direnekin. Bi bizimoduren arteko, hots, bizitza ikusteko bi eraren arteko talka jasotzen du Muguruzaren narrazioak. Emaztearengandik urrun, egunerokotasunetik aterata, Markos arrotz sentitzen da, "girotik kanpo" zenbaitetan, baina baita alai ere, inoiz baino alaiago, galdutako gaztetasuna eta bitalismoa bat-batean berreskuratu balitu bezala. Barne bidaia horretan, bizitzaz eta emaztearekiko harremanaz gogoeta egiten du protagonistak, eta bakardadetik euforiara, eta atzera desolaziora, iragango da.

"Mont-de-Marsan" ipuin laburrean, berriz, Nestor protagonistak herri frantses batera egingo du bidaia autobusez, bakarrik, piano-jole gisa lan bila kafetegi batera. Bidaia hori ere aitzakia da barneranzko bidaia psikologikoa egiteko. Nestorrek bere egoera ekonomiko larriaren kontzientzia hartuko du; barne-gatazkak eta mugak azaleratzeko balioko dio bidaiak.

Bi pertsonaiak etxetik kanpo, "nolabaiteko babesa damaien emaztearengandik urruti" (Zapiain 1999) kokatzen ditu Muguruzak, eta horrek bidea ematen dio pertsonaien bakardadeaz, ezinegonaz, babes gabeziaz gogoetatzeko. Inguruarekiko eta beren buruarekiko haserrea eta tristura, desolazioa, nagusituko da bi pertsonaia nagusiengan. Muguruzak, hala, Nestor eta Markos pertsonaiak tarteko, fin erretratatzen du XX. mende akabuko gizakiaren (gizonaren) barne hustasuna, larrimina eta bakardadea. Nolanahi ere, desolazioa pertsonaiez nagusitzen bada ere, ironiari eta umoreari zirrikitu bat zabalik uzten die idazleak: narrazioa eta haren tonua desdramatizatu egiten du.

"Begirale amorratua naiz" esan izan du inoiz Muguruzak, eta horixe da egilearen narrazioek eskaintzen dutena: begirale zorrotzaren ikuspegia, eguneroko ekintza xumeetan erreparatzen duenarena, pertsonaien barne gatazka hausturak ikusten dakienarena. Ekidin ezinekoa da Raymond Carver-i erreferentzia egitea, beraz; maisutzat du Muguruzak estatubatuarra, eta hark bezala irundarrak ere eguneroko ekintza itxuraz hutsalen atzean egosten den zurrunbiloa eta prozesu psikologikoak atera ohi ditu azalera narrazioen bidez. Ekintza-unitateak minimoak, gutxienekoak, dira Muguruzaren narratiban, aitzakiak baino ez atzean dauden tentsio psikologikoei eta harremanezkoei buruzko gogoeta eskaintzeko.

Idazle ez ezik musikari estimatua ere bada Jabier Muguruza, eta musikak, tankera eta molde askotan, badu itzalik narraziootan. Istorio biek dute zerikusia musikarekin eta musikariekin: musikaria da bigarren narrazioko protagonista, eta "Laura kanpoan da" kontakizunak, berriz, rock banda baten bidaia du hari narratibo nagusi gisa. Hainbat eta hainbat dira, berriz, kantuei eta musikariei egindako erreferentziak: Lluis Llach, M-ak, Itoiz, Les Mecaniciens... batzuk aipatzearren. Guztien gainetik, Itoiz eta haien Desolatio kantua nagusitzen da, kantu haren malenkonia eta desolazioa kutsatuz doakiolarik narrazioaren tonuari. Musika eta literatura, mintzaira bereizitzat eta apartekotzat bainoago, hizkuntza osagarritzat ditu Muguruzak, eta bien arteko elkarrizketa bilatzen du batean nahiz bestean, baita liburu honetan ere.

  • CARRERE, Josemari. "Non ditugu barru mugak?". Gara. 1999-07-17
  • ELIZONDO, Edurne. "Jabier Muguruza: Musika inportantea da nire literaturan, eta literatura nire musikan". Euskaldunon Egunkaria. 1999-06-04
  • IBAN, Amagoia. "Ez naiz ausartzen poesia idazten". Euskaldunon Egunkaria. 1999-12-04
  • MENDIZABAL, Iñaki. "Begirale amorratua naiz". Deia. 1999-06-11
  • ZAPIAIN, Markos. "Kantu galduaren bila". Euskaldunon Egunkaria. 1996-02-09