Dantza

Legazpiko Ezpatadantza

"A Francisco de Oñativia de la Costa de 17 que danzaron la danza de espadas el día del Corpus y de los tamborines, atabalero, cachidiablo y bobo.........6 dcs
A Joanes de Zanguitu, guión de la danza, por zapatos............................4 rls
Gastos de la procesión del corpus de 1624."

Hau Legazpiko Ezpata Dantzaren gainean dagoen lehenengo erreferentzietako bat da (Euskal Herrian aurkitu den zaharrena XV. Mendekoa da). XVII. mendetik aurrera dantza honekiko dauden erreferentziak anitzak dira, bai euskal geografian, baita gainontzeko penintsulan ere.

Antzinatik dantza hau San Juan egunean (ekainak 24) gauzatzen zen, XVII. mendetik aurrera Corpus Christi jaietan eta herriko festa egunetan ere dantzatzera pasa zelarik; Maiatzako Santikutz egunean (maiatzak 3), Abuztuko Ama Birjinaren egunean (abuztuak 15) eta Santikutz sorreran (irailaren 14a).

Historian zehar folklorea, dantza tradizionalak eta batik bat ezpaten dantzak Legazpiko jai ekitaldietan presente izan dira. Legazpin ezpata dantzaren lehenengo erreferentzia San Juan jaietan azaltzen da, ondoren Korpus jaien barruan ere interpretatzen delarik. 1633. urtean, 1580ko Mirandaola burdinolako gertakaria mirari izendatzen denean maiatzak 3a Legazpiko festa nagusi bihurtzen da, ezpata dantzak bertan garrantzi handia izango duelarik. Hemendik aurrera Legazpiko festa guztietan ezpata dantza interpretatzen da, San Juan (ekainak 24), Korpus eta Santikutz (maiatzak 3) jaietaz aparte, Abuztuko Ama Birjina (abuztuak 15), Agorreko Santikutza (irailak 14) eta Korpusaren zortziurrena egunetan ere. Gainera Legazpin antolatzen diren ospakizun berezietan ere ezpata dantzak garrantzi handia izango du.

Mirandaolako miraria
Legazpiko jai nagusiak Santikutz egunean ospatzen dira (maiatzak 3), 1580 urtean egun horretan bertan gertatutako mirariaren omenez. Egun hartan, igandea, olagizonek lan egin zuten, Eliza kristauak ezarritako agindua bete gabe. Hori bai, egun osoan lortu zuten gauza bakarra gurutze formako burdin zati bat izan zen. Besterik ez.
Hura, igandean lan egiteagatik Jainkoaren zigorra zela uste izan zuten. Hortaz, gurutzea desagertarazten saiatu ziren (ondoko burdinola bateko hondakinetara botaz). Hala ere, miraria herritarren artean zabaldu zen, legazpiarrak gertarakari horren inguruko errituak egiten hasi zirelarik. Hori bai, isilpean. Izan ere, gurutzearen miraria 53 urtez gorde zuten legazpiarrek, 1633ra arte.
Urteren buruan, XVI. mendeko gertarakari hura mirari bihurtu zen, herriko jai nagusiak egun horretan, maiatzak 3, ospatzen hasi zirelarik. Oraindik ere jarraitzen dute. Egun horri jarraitzen dion igandean Mirandaolan irudikatzen dute miraria bera. Mirandaolako egun horrek jaiei amaiera ematen die.


Sustraiak Dantza Taldeak 1975a aldera Legazpiko Ezpata Dantzaren berreskurapenean murgiltzen denean, dantzaren erreferentzi bitxi batekin topatzen da: Ezpata dantza "Oktabario edo Okrabario" dantza izenarekin ezagutzen da. Izan ere, dantza hau urte batzuetan zehar, 1864-1875 bitarte hain zuzen ere, korpusaren zortzigarren egunean burutzen zen. Beraz, izen honek Korpusaren Zortziurrenarekin lotzen du dantza, Legazpin garrantzi handia duen egunarekin, bertan ohizko Oilar Jokoa ospatzen baita.

1860 eta 1872 urteetan zehar udal artxiboetan azaltzen diren datuetan, Korpusaren zortziurrenaren eguneko ezpata dantzetan aritutako dantzarien ordainketak daude. Ordura arte Ezpata Dantzan dantzarien kopurua 20tik 40 lagunera izaten bazen ere, aipatutako data hauetan dantzarien kopurua murriztu egiten da, 19 dantzaritik igotzen ez delarik. Lagun gutxiekin dantzan sortzen den soka oso eskasa izaten da eta, ikusgarritasuna handitzeko, dantzari kopuru handirik eskatzen ez duten bestelako koreografiak gehitzen direla uste da, besteak beste gaur egun interpretatzen den "arrosa" (degollada edo parrilla bezala ere ezagutzen da) koreografia.

Legazpiko Udalak Jose Ignacio de Zabalo (ezpata dantzaren gidaria) Zaldibiara bidaltzen du 1847 urtean Juan Ignazio Iztueta maisuak kontserbatu duen ezpata dantza ikasteko asmoarekin. Itzultzean dantzarien jantziak eta ezpatak berritzen dira, ondorengo urteetan Ezpata Dantzak berriro ere arrakasta handia lortuz.

Jose Ignacio Zabalo-ren ondorengo ezpata dantzarien gidariak Fidel de Plazaola, Francisco Paulo de Galarza (1872-1876), Martín de Plazaola, Jose Francisco Arrizabalaga, Gregorio Arrizabalaga (1887-1901), José Maria Nazabal, Jose Maria Insausti (1903-1905) eta Avelino Ciaran (1905-1917) izango dira. Ondoren dantzak indarra galduko du eta 1941 eta 1942 urteetan udalak Lorenzo Pujana maisua kontratatzen du herriko gazteei dantzak erakusteko asmoarekin.

Avelino Ciaranek Ezpata Dantza Nicolas Urmenetari erakusten dio, Pujanak koreografiari aldaketa batzuk gehitzen dizkiolarik.

Sustraiak Dantza Taldeak Nicolas Urmenetaren eskutik Legazpiko Ezpata Dantza berreskuratzen du eta, 1977tik aurrera, urtero Maiatzaren 3ko Santikutz Egunean interpretatzen du. XXI. mendean Legazpiko Ezpata Dantza Santikutz Egunaz gain Mirandaola Egunean eta herrialde ezberdinetako hainbat folklore jaialdietan dantzatzen da.