EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.
Gabriel Arestiren (1933-1975) nobela bakarra Egan aldizkarian argitaratu zen 1965. urtean aurreko antzerki lan bat moldatu ondoren. Karmelo Landak egindako oharretan zehazten denez (1986:170or.) 1963an idatzitako Oilarganeko etxola batean teatro lanean bilatu behar da eleberriaren aztarna. Dena dela, beste argitaraldi bi egin dira geroztik: bata Erein argitaletxearen eskutik 1985ean, eta bigarrena Bilboko Udala eta Bizkaiko Aldundiaren laguntzaz Susak kaleratutako Gabriel Arestiren literatur lanak bildumaren seigarren alean 1986. urtean.
Prosazko lanak poetaren, hala nahi baitzuen idazleak bere aipu egitea, obraren alderik ezezagunena izanik ere ez dira kritikoen aldetik laudoriorik falta izan hauek aztertzerakoan. Eta aztertzen dugun lan honek ere, idazlearen beste lanekin gertatu zen bezala sortze lan luzea eta idazkera-aldaki desberdinak ezagutu zituen. K. Landak (1986, 171) bere hitzaurrean adierazten duenez bada hasierako teatro lana eta bukaerako eleberriaren artean aldaketarik, honen lehen kapitulu osoa berria baita flash-back jokoari esker hogeita hamar urte lehenagora jo eta fikziozko Basaibar herrian gertaturikoa kontatuz. Teatro lana ordea, Bilbon kokaturik dago oso-osoan.
Eleberrian gehituriko lehen kapituluko erreferentziak: Basaibar herria den "arkadia zipriztina", ume koadrilaren arteko harremanak... ondorengo sei kapitulutan agertuko diren egoera ekintza eta kokaleku zein denborarekiko kontrapuntua azpimarratuko dute.
Dena dela atalen planteamenduak badu aurrez-aurreko agerpen zuzena, antzerki lanetan eszena hasieratan diren akotazio eta oharren ohiartzuna: "Basaibarko herrian gaude" lehen atalean, "Zufiaren etxean gaude, Bilboko Zazpi Karriketan, tafernaren gainean dagoen bizi-lekuan. Sala zabal bat da, mendearen hasierako modan...Erdi-erdian, jan-mahai haltu eta astun..." hirugarren atalean. Eta horrela jarraituko du laugarren, bosgarren eta seigarren ataletan.
Bigarrenean ordea, besteetan akotazio-legea egiten duten oharretatik aldenduz, narratzailearen ahotsa entzun dezakegu: "Hogetamar urte inguru iragan dira. Haurrak handitu dira. Dakusagun zer gertatu den haietaz", narratzaile orojakile eta sustatzailearen ahotsa. Ahots honek lehen pertsona pluralean dihardu irakurlea idazlearen ikuspuntu subjektiboan bildu nahian. Ez da horrela baina zazpigarren atalean, zeinetan hirugarren pertsonan ari baita narratzailea balizko objetibotasunaren bila.
Azken ataleko narratzailearen pertsona aldaketa honek zeharo aldatzen du ikuspuntua, narrazioaren tonua eta modulazioa eleberrira hurbilduz. Bestelakoa da, ordea aurreko sei ataletako tonua, lehen pertsonan egindako kontatze lan horrek, akotazio itxurako azalpenek lagundurik aspaldiko filmetako off-ahotsaren oihartzuna dakarkigu burura eta. Oihartzun hori, hain zuzen ere, eleberriko atalek ematen duten koadrotan eginiko antolaketaren eskutik datorrela esan dezakegu. Eta koadrotan eginiko egituraketak B. Bretch-ek hain gogoko zuen antzerki lanen egituraketaren meneko da gure ustez narrazioaren eta kontakizun hariaren zatikaketa azpimarratuz.
- ARESTI, G. Mundu munduan. in Gabriel Aresti. Gabriel Arestiren Literatur lanak-6. Zarautz: Susa, 1996.
- LANDA, K. "Hitzaurrea" in Gabriel Aresti. Gabriel Arestiren Literatur lanak-6. 170-172 or. Zarautz: Susa, 1996.