Literaturakoak

Ipuiak (1842). Agustin Paskual Iturriaga

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Agustin Paskual Iturriagak (1778-1851) 1842an argitara eman zuen liburua euskaraz idatzita zegoen, baina izenburua gazteleraz zuen: Fábulas y otras composiciones en verso bascongado, dialecto guipuzcoano, con un diccionario basco-castellano de las voces que son diferentes en los diversos dialectos. Liburuaren bigarren argitalpenean, 1884an egindako bertsioan, izenburua euskaraz agertzen zaigu: Ipuiac eta beste moldaera batzuec. Auspoa argitaletxeak, ostera, 1967an liburua argitaratu zuenean (horri jarraituta egin da Klasikoen Gordailuan dagoen bertsioa), Ipuiak izenburu soila jarri zion, eta izen horrekin ezagutzen da orain liburua.

Liburuan, jatorrizko izenburuan iradokitzen den bezala, orotariko testuak agertzen dira. 1884ko argitarapenean, Sancho el Sabio Liburutegi Digitalean den alean kontsulta daitekeenaren arabera, osagai hauek agertzen dira:

  1. Euskal Herriko gazteriari zuzendutako hitzaurrea.
  2. Berrogeita bederatzi ipuin.
  3. Bestelako gaiak (erlijioa, morala) dituzten beste hiru testu.
  4. Virgilioren lehenengo eta hirugarren eglogen euskal bertsioak (lehenengo eglogaren sarrera moduan argumentuaren azalpena ere agertzen da gazteleraz).
  5. "San Inazioren Martxa" eta "Ezpata Dantza" (azken horrek ohar hau dakar gazteleraz: "Baile romano llamado PIRRICO").
  6. Hiztegia.

Geroko bertsioetan zenbait aldaketa agertzen dira; garrantzitsuena Manterolak idazlearen paperetan arakatuta aurkitako beste sei ipuinak gehitu izana da (Zugasti, 1956, 26). Argitalpen berriagoetan, Klasikoen Gordailuan dagoenean, adibidez, lehenengo bertsioetan agertzen zen hiztegia alde batera utzi dute.

Liburuaren atal guztiak bertsoz idatzita daude, euskal bertso tradizionalen neurrian, hain zuzen ere, zortziko txikian: bertso sailak launaka antolatuta daude, 7/6/7/6 neurria dutelarik, eta 6 silabako bertsoek hoskidetasuna dutelarik.

Idazleak ipuin gehienen gaiak Samaniegorengandik jaso zituen, baina, liburua idaztean, egilearen lana ez da itzulpen soila izan: "Benetako birsortze-lana egin zuen liburu honekin, zeren, itzultzen ari delarik ere, bere baitatik ari dela bait dirudi." (Alberdi 1994, 15).

Edonola ere, Iturriagak euskal gazteriari zuzendutako bertsozko hitzaurrean, liburuaren helburua zehaztu nahi duenean, ez du Samaniegoren aipamenik egiten; Esopo, ordea, bai, aipatzen du, eta bere lana idazle haren lanarekin konparatzen du.

Horrez gainera, hitzaurrean irakurri daitezkeen gauzen artean, zenbait puntuk merezi dute aipamenen bat, azalekoa bada ere:

  1. Ipuinak bertsoz jarri zituen ("gure zortzikoan", berak dioen bezala), gazteek kanta ditzaten.
  2. Ipuinetan kontatzen diren istorioak entzun edo irakurtzean, publikoak barre egingo omen du askotan.
  3. Eta inportanteena: ipuinen bukaeran agertzen diren sententzietan ikaskizun handiak omen daude. Klasikoen Gordailuan dagoen bertsioaren arabera: "Ipuinen akaballan / dauden sententziak, / agiri da dirala / egia andiak; / eta, sartzen badira / zuen biotzetan / damutuko ez zazute / zeren egunetan."

Alegiagile guztiek bezala, Iturriagak irakastea zuen helburu, eta ipuina dibertigarria izatea helburu horretara heltzeko erraztasun bat baino ez zen. Alde horretatik, ez dugu ahaztu behar pedagogiaz eta irakaskuntzaz arduratutako idazlea zela Iturriaga: "Ezer bazen, irakasle genuen Agustin Iturriaga", diosku Alberdik (Alberdi, 1994, 7). Juan San Martinek hitz-joko baten bidez azaltzen du idazlearen garrantzia, haren ezaugarri hau azpimarratuta: "Iturriaga dugu euskal literaturak [sic] maixuetariko bat, batez ere euskerazko eskoletara begira jartzen badugu." (San Martin, 1969, 104).

  • ALBERDI, Andres (1994): Agustin Paskual Iturriaga (1778-1851). Gasteiz: Eusko Jaurlaritza, 1994.
  • SALABERRI MUÑOA, Patxi. Iraupena eta lekukotasuna. Euskal literatura idatzia 1900 arte. Donostia: Elkar, 2002.
  • SAN MARTIN, Juan. "Agustin P. U. Iturriaga. Ipuiak". Egan. 1/3-1969. 104-105 or.
  • VILLASANTE, Luis. Historia de la literatura vasca. Burgos: Ed. Arantzazu, 1979.
  • ZUGASTI, Anizeto. "Iturriaga Apaiza. Euskal-idazle". Egan. 1. zenb, 1956. 25-31 or.