Arkitektura

Guggenheim Bilbao Museoa

Guggenheim Bilbao Museoa Bilboko hirigunean bertan dagoen eraikina dugu, hain zuzen Ibaizabal ibaiaren erriberan, Abandoibarra izeneko gunean. Aurretik bertan portu eta industria jardunetarako kaia izandakoa zegoen eta egun museoa aurkitu dezakegu, Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak New Yorkeko Guggenheim Fundazioarekin hitzartutako akordioren emaitzaren ondoren. Akordioa 1989an sinatu zuten eta horren bitartez Guggenheim Fundazioak New Yorkeko museoaren frankizia Bilbon irekitzea onartu zuen, baina museo berria egoitza nagusiaren esanetara egon behar zuen, horrekin elkarlanean behin betiko eta behin behineko erakusketak eta programazioak antolatuz.



Museoa eraikitzeko lehiaketa 1991ean kaleratu zen eta irabazlea Frank Gehry (Toronto, Kanada, 1929) arkitekto estatubatuarra izan zen. Egile horrek 1989an Pritzker arkitektura saria jaso zuen eta garai horretan ospe handiko arkitektoa zen, dekonstruktibismoa izeneko estiloaren defendatzaile sutsuenetakoa izanik. Estilo horren arabera, eraikin baten formek ez zuten erregularrak eta arrazionalak izan beharrik. Eraikinaren formak berak adierazgarria eta esanguratsua izan behar zuen, estetika zainduz eta forma eskultorikoen aldeko apustua eginez. Gehryren proposamen ausartak, lehiaketa irabazteaz gain, orduan oraindik finkatu gabe zegoen kokalekua aukeratzeko lagundu zuen, Gehryk berak proposatu baitzuen egun museoaren kokalekua den ingurunea. Printzipioz, berau industria jarduerei eskainita zegoen, Abandoibarrako besteak bezala.

Museoaren eraikina 1993ko urritik 1997ko urrira bitartean gauzatu zen, eta inaugurazioa azken urte horren amaieran burutu zen. Horrela, 2012. urtean museoak hamabost urte bete zituen. Bilboko museoak egun oraindik New Yorkeko museoarekin elkarlanean jarduten du. Horren ondorioz, arte garaikideari eskainitako museoa izateaz gain, behin betiko erakusketak ditu, bai Bilboko museoak sortuta berezko bildumatik hautatako lanak erabiliz, bai New Yorkeko bildumatik ekarritakoarekin osatuz. Gainera, behin behineko erakusketak antolatzen ditu, mundu zabaleko beste erakundeekin elkarlanean. Ez dira arte garaikidearen inguruko erakusketak bakarrik, beste garai historikoetako aldiak eta artistak ere lantzen dituzte.

Museoaren eraikinaren diseinua oso ikusgarria da, egitura eskultorikoa baitu, hau da, funtzio zehatza betetzeaz gain, eraikinak berak adierazgarria izan nahi du, liluragarria, ahaztu ezina. Arte erakusketak antolatzeaz gain, lan horiekin lotura zuzena edo zeharkakoa duten beste zerbitzuak eskaini behar zituen, hots, bulegoak, tailerrak, informazio eta ikuskizun aretoak, kafetegia edo jatetxea. Horretarako, Frank Gehryk bi erabaki hartu zituen. Alde batetik, bereziki forma makurrak erabili zituen, askotan erabaki horrek museoaren funtzionaltasuna eta betebeharrak zaildu bazituen ere. Bestetik, kanpoaldean estalkirako titaniozko xaflak erabili zituen. Bi baliabide horien bitartez, Gehryk erdietsi zuen eraikina ikusgarri hori hiriaren ikur nagusia bihurtu da, hiriaren garapen eta aldaketa ekonomikoaren isla ere izanik. "Guggenheim efektoa" esan dioten fenomenoa sortu zen, hau da, hiri baten eraldatzea eraikin ikusgarri baten bitartez gauzatzea. Tamalez, hainbat lekutan hiri askok fenomeno hori errepikatzen saiatu badira ere, gutxi izan dira arrakasta izan dutenak eta bakar batek ere ez du lortu Bilbok lortutako ospea eta emaitza, bereziki ekonomia alorrean.

Museoaren oinplanoari so eginez gero, ardatz nagusia Atrioa izeneko espazioa da. Oso espazio handia eta argitsua da eta elementu makurrez osatuta dago. Kanpoaldean beirazko gortina-hormak ditu eta sabaian lore forma duen metalez eta beiraz osatutako sabaileiho erraldoia du. Museoak dituen hiru solairuak erdiko atari horren inguruan antolatuta daude eta horiek pasabide makur, kristalezko igogailu eta eskailera dorreen bitartez elkarri lotuta daude. Hiru solairu horietan bataz beste hogei erakusketa areto daude, eta Atrioa bera ere erakusketa gunea da. Areto horietako batzuk itxura klasikoagoa dute, lerro ortogonalak baitituzte, baina beste batzuk bolumen makurragoak, organikoagoak eta irregularragoak dituzte, adibidez Fish izenekoa. Horixe da museoko areto handiena; zutaberik ez duen galeria zabala da eta egun Richard Serraren "Denboraren materia" izeneko behin betiko instalazio eskultorikoa bertan dago.

Eraikinaren kanpoaldeari begiratuz gero, hemen ere elementu esanguratsuenak forma makurrak eta aipatutako estalkia dira, titaniozko 33.000 xafla fin-finez osatuta. Horien akaberak efektu zimurtsua eta organikoa lortzeko aukera ematen du, izan ere, unean uneko eguraldiaren arabera titanioa tonuz aldatzen baita. Eraikinean erabilitako beste bi material nagusiak kareharria eta beira dira. Museoaren sarrera nagusia ere berezia da, beherantz doazen eskailera batzuk jaitsiz heltzen baikara atarira, horrela Bilboko itsasadarra eta hiriaren arteko aldea leunduz. Orokorrean, museoaren kanpoaldea ere nabarmentzekoa da, konfigurazio anitzak dituelako, hau da, eraikina bera hainbat lekutatik ikusi liteke forma desberdinak osatuz, eta perimetro osoan barrena ibili gaitezke, horretarako hainbat pasealeku eta plazaz inguraturik baitago. Horietan artelanak ere ikusi litezke, Louise Bourgeois, Eduardo Chillida, Yves Klein, Jeff Koons, Fujiko Nakaya edo Daniel Burenek eginak. Museoaren ondoan dagoen Salve zubiak ere museoarekin bat egiten du, iskin batean eraikina bera zeharkatzen baitu, Fish aretoaren gainetik alegia. Areto horren mutur batetik dorre bat altxatzen da zubia besarkatuz.

Guggenheim Bilbao Museoak hain forma makurrak eta bereziak ditu irudi geometriko konplexuetan oinarrituta dagoelako. Horien kalkulu matematikoa egiteko garai hartarako software aurreratua erabiltzea erabaki zen, CATIA izenekoa. Berez, industria aeroespazialean soilik erabiltzen zen. Egun, bestalde, arkitekturako diziplinan nahiko ohikoa da eta Gehryk bera ere beste hainbat eraikin burutu ditu munduan zehar Guggenheim museoaren formetan inspiratuta. Horien artean, eta gure inguruetan, Arabako Eltziego herrian Marques del Riscal upeltegirako eraikitako hotela nabarmendu behar dugu. Gainera, eraikin horretan forma makurrei eta titaniozko xaflei hirugarren elementu bat gehitzen die, titanioaren gainean kolorearen erabilera alegia. Eraikina ikusgarria izateaz gain, sinbolikoa bihurtzeko xedea baitu, koloreek ardo botilaren koloreak gogora ekartzen baitituzte.

Museoaren "efektoa", eragina Bilbo hirian sekulakoa izan da. Baina ez bakarrik izan duen bisita kopuruagatik, mundu mailan lortu duen ospeagatik edota hiriaren ikur bihurtu delako, baizik eta Bilboko itsasadar guztiaren aldaketa ekarri duelako. Horrela, bere inguruan Abandoibarra auzoan beste hainbat eraikin altxatu dira, honako hauek nabarmenduz: Euskalduna Jauregia (Federico Soriano eta Dolores Palacios), Euskal Herriko Unibertsitatearen Paraninfo berria (Alvaro Siza), Deustuko Unibertsitateko Liburutegia (Rafael Moneo) eta Iberdrola dorrea (Cesar Pelli).