Literaturakoak

Laborarien abissua (1692). Mongongo Dasanza

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Laborarien abissua (1692) liburu teknikoa da, albaitaritzaren inguruan diharduena. Mongongo Dasanza zirujau-botikariak osatu zuen liburua, eta ziur asko, XVI. eta XVII. mendeetan oso ezagun egin zen obra hau ezagutuko zuen: Charles Estienne frantsesaren Praedicum Rusticum (1565). Estienne medikuaren liburu hark argitalpen eta itzulpen ugari izan zituen, eta, besteak beste, ataltxo bat euskarara itzulia zen Laborarien abissua izenburuarekin (Urkizu, 2000, 213). Laborarien abissuan laborariei zuzenduriko ohar zenbait argitaratu zituen Mongongo Dassançak; Lapurdiko laborariak kexu ziren ganaduaren heriotza-tasak gora egin zuelako, eta Dassançaren liburutxoak laborarien kezka horri erantzun nahi izan zion: hitzaurrean bertan dioenez, laborariek frantsesez irakurtzerik ez zutenez, Estiennen liburu ezaguna itzultzea eta egokitzea erabaki zuen egileak, Lapurdiko laborariek ganaduaren eritasunei aurre egiteko erremedioen berri izan zezaten.

XVII. mendean prosa aszetikoa izan zen nagusi, eta Laborarien abissua liburu teknikoaz gain, beste liburu tekniko bat baino ez zen argitaratu: hain zuzen ere itsasoko nabigazioaren inguruko liburu teknikoa, Piarres Detcheverryk 1677an argitaraturiko Liburu hau da ixasoco nabigacionecoa (Hoiarzabal ziburutarrak frantsesez idatzitako itsas nabigazioko liburu ezagun eta hedatuaren egokitzapena). Jakina, bi liburu tekniko horiek helburu didaktiko-praktikoa zuten. Bi liburu horiek moldaketak badira ere, horien argitalpena esanguratsua da zientzia gai profanoak euskaraz ere landu nahi zirela adierazten dutelako. Hain zuzen ere, garai hartako ekonomiaren bi zutabe garrantzitsuenak dituzte aipagai, arrantza eta nekazaritza.

  • ALDEKOA, Iñaki. Historia de la literatura vasca. Donostia: Erein, 2004. [Euskaraz, 2008: Euskal literaturaren historia. Erein. Donostia]
  • MITTXELENA, Koldo. Historia de la literatura vasca. Madril: Minotauro, 1988.
  • SALABERRI, Patxi. Iraupena eta lekukotasuna. Donostia: Elkar, 2002.
  • URKIZU, Patri (koord). Historia de la literatura vasca. Madril: UNED, 2000.