Arkitektura

Abrisketako San Pedro baseliza. Arrigorriaga

Abrisketako San Pedro baseliza Arrigorriagan dago, eta XI. mende bukaeran ala XII. mende hasieran altxatutako eraikin erromanikoa da, batzuetan aurreko eraikin prerromaniko bat egon zela aipatu den arren.

Nabe bakarreko oinplanoa du, eta estuagoa den eta testero zuzenean erremataturik doan burualdea darama. Disposizio honek biziki gogorarazten du Bizkaian dauden beste baseliza batzuk, hala nola Bakioko San Pelaio eta Zumetxagako San Migel. Sarrera oinetako murruan dago, mendebaldean beraz, Epistolaren aldeko murruan beste ate baten arrastoa dagoen arren, elizpe batekin babestua seguru aski, Bakion eta Zumetxagan gaur egun gertatzen den bezalaxe.

Murruak harearriez egindako harlangaitzez egina daude, tamaina ezberdinekoak eta forma biribilekin horma-atal guztietan, angeluetako eskantzuak handiagoak eta karratuagoak direlarik. Argamasa askorekin kokatu zituzten. Epistolaren aldeko murruan erdi puntuko arku handi bat ikus daiteke, itsutua gaur egun, esan bezala. Desagertutako elizperako sarrera izan zen, zalantzarik gabe. Hipotesi hau baieztatuz, arkuaren gainean, ikusten dira oraindik eraitsitako atari horren gapirioen abiaguneak. Arku honen gainean bi behe-erliebe daude. Ezkerrekoan, bikote bat sexua praktikatzen irudikatu zuten, eta eskuinekoan, gaizki kontserbatua dagoen arren eta nahiz eta burua falta zaion, deabruaren irudia ezagutu daiteke. Irudi moralizanteak dira, zalantzarik gabe.

Gaur egun irekita dagoen sarrera bakarra, lehen aipatu dugun bezala, mendebaldeko murruan dago, eta erdi puntuko arku xumea da, zortzi dobela irregularrez osatua, profil bereko euri-babesa kanpotik duelarik. Arkuaren abiagunea edo salmerrean, apaindura oso galdua duten bi inposta daude, kapitel gisan. Erabat higaturik dagoen xakeztatu baten aztarnak sumatu daitezke. Atezangoak monolitikoak dira, eta eskuinekoan gurutze greko bat ebaki zuten. Ondoan, ur bedeinkaturako ponte txiki konikoa dago, apaindura ebakiarekin.

Horma testeroan, gainera, leiho interesgarri bat ireki zuten, barnealdearen behar bezalako argiztapena bermatzeko. Bakion edota Zumetxagan ez bezala, leihoa ez dago kasu honetan fabrikaren ardatzean zentratua, Epistolaren aldera zertxobait desplazatua baizik. Baoa harri monolitiko batetan landu zuten, eta jatorriz gezi-leiho bat besterik ez zen arren, geroago handitu zuten, leihozangoak zertxobait desitxuratuz. Leihoburuan eta leihozangoetan apaindura lineala dago, ebakia, Bakioko San Pelaio baselizako sarrerako kapiteletan ikus daiteken dekorazioaren antzekoa. Beheko zonaldean, berriz, gurutze latinoak irudikatu zituzten bi aldeetan. Leihoaren gainean harrizko euri-babes zuzena dago, xakeztatu batekin apaindua, erromanikoaren estetikarekiko hurbiltasuna berriro adieraziz.

Estalkiari dagokionez, nabean zurezko egitura duen sabai arrunta dago, burualdeak kanoi ganga bat jaso zuen bitartean. Honen gainean bi isurialdeko sabaia dago, lima zabal batekin absidearen gainean. Burualdearen fabrika nabearena baino nabarmenki baxuagoa da, horregatik bi atalak teilatu bakar batekin estali ahal izateko, absidearen bi alboetan zurezko zutoin luze batzuk daude teilatuari airean eusteko. Modu honetan, kanoi gangaren arkugainera agerian gelditzen da, teilatua aipaturiko zutoinen eta bizkarraren muturraren gainean dagoen harlangaitzez eginiko pilare baten gainean doa, inpresio arraroa eta orijinala duen soluzioa sortuz.

Baselizaren ondoan hilerri abandonatu bat dago, eta bertan ikus daiteke iruinarri bat, toki honen antzinatasuna eta gurtza ezberdinek mendez mende izan duten linealtasuna nabarmenduz.

  • ARREGI AZPEITIA, G. Ermitas de Bizkaia. Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia, Labayru Ikastegia, 1987.
  • ARREGI AZPEITIA, G. Las ermitas de Bizkaia. Bilbo: Labayru Ikastegia, 1999.
  • ARREGI AZPEITIA, G. "Origen y significación de las ermitas de Bizkaia", Munibe aldizkaria, 42 zk., Donostia 1990, 473-477 orr.
  • AZCÁRATE, A./ SÁNCHEZ ZUFIAURRE, L. "Aportaciones al conocimiento de las técnicas constructivas altomedievales en Álava, Guipúzcoa y Vizcaya", Arqueología de la Arquitectura aldizkarian, 2005, 4. zk., 193-213 orr.