Arkitektura

San Pedro eliza. Erriberri

Gaurko fabrika baino lehenago dokumentaturik dago orube berean egon zen San Felicesen eliza, baina hau desagertu omen zen oraingo eliza protogotikoa hasi zenean altxatzen, hau da XII. mendeko azken hamarkadetan. Eliza berria Montearagoneko monasterioaren babespean sortu zen, eta horrela jarraitu zuen 1574ra arte. Eliza protogotikoa orain baino nabarmenki motzagoa zen jatorriz, hiriko harresiak moztu zuelako bere garapena, baina burualde zaharra 1700en bota egin zuten, elizari bi atal gehiago emanez, gehi oraingo transeptua eta burualdea.

Gauzak honela, gurutze latinoko oinplanoa eratu zen, lau ataletan banatuta doazen hiru naberekin, gehi transeptua eta buruhorma zuzeneko absidea. Sarrera nagusia mendebaldeko murruan dago, eta Ebanjelioaren aldeko murruari itsatsita dago klaustroa. Horma bereko ate batetik sakristian sar daiteke, oinplano errektangeluar luzea duen gela. Epistolaren aldeko murruan bigarren mailako beste ate bat dago, elizpe batekin babestua, eta bi kapera, horietako bat dorrearen pisuari eusten diona.

Murruak harlanduez egina doaz, eta euskarriak estilo zistertarrean egindako eta kapitel begetal eta historiatuak dituzten pilare kruziformeak dira. XVIII. mendean egindako elizaren zatietan antzeko pilareak daude, baina erraz bereizten dira, meheagoak direlako. Horma hauek garai ezberdinetako leihoekin zulatu ziren, barnealdeari behar bezalako argiztapena ematearren. Transeptuaren besoetan errosetoi gingildunak ikus daitezke, baita bi leiho protogotikoak ere, antzeko trazeriekin. Nabe nagusian ikus daitezkeen leihoak, berriz, erabat gotikoak dira, XIII. mendekoak zalantzarik gabe. Azpimarratu dezakegu elizaren oinetako horman irekitzen den errosetoi gingilduna. Elizaren oinetan ere, azkenik, XIV. mendeko koru jasoa dago.

Elizako hiru nabeak, koru jasoa eta transeptuaren bi besoak nerbio lodiak dituzten gurutze-ganga protogotikoekin estalita daude. Giltzarrietan loreak eta buruak landu zituzten. Estalkia indartuta doa erdi puntuko arku fajoiekin, arku formeroek profil zorrotza duten bitartean. Kruzeroan, bestalde, petxinen gaineko kupula barrokoa dago, XVIII. mendeko lanetan egina, eta sakristia barrokoak kanoi-ganga lunetoduna du, erdi-puntuko arku fajoiekin indarturik.

Ebanjelioaren murruan Campanaleko Amabirjinaren kapera dago, protogotikoa ere. Oinplano karratua du, eta erdi puntuko leihoekin argiztatua dago, estalki bezala gurutze-ganga bat jaso zuelarik. Ondoan dagoen Gurutziltzatuaren kapera XVI. mendekoa da, gotikoa oraindik. Oinplano karratua du, eta leiho zirkular txiki batekin irekitzen da soilik. Estalita doa gurutze-ganga gotiko batekin, eta giltzarri nagusian armarri bat ikus daiteke.

Kanpoaldean, elizaren harlanduzko horma dotoreak ikus daitezke, garai barrokoan burututako zabaltzean adreiluz eginiko horma-atalak ere dauden arren. Oinetako horman jatorrizko atea dago, XII. mende bukaerakoa eta estilo erromaniko berantiarrean egina. Erdi puntukoa da, eta profil bereko sei arkibolta ditu, xakeztatuarekin, pinaburuekin eta landaretzarekin apainduak, harroina zirkularrak eta fuste zilindrikoak dituzten zutabeen gainean doazelarik. Kapiteletan San Jorge eta dragoi baten arteko borroka irudikatu zuten, baita zentauro eta arpia baten arteko lehia ere.

Tinpanoa gotikoa da, XIII. mendeko erreforma batean egina. Eskulturak oso gaizki kontserbatu dira, baina oraindik ikus daitezke San Pedroren irudia, bedeinkatuz, eta San Andres eta Santiagoren irudiak, azken hau erromes bezala jantzita. Ataburuan San Pedroren bizitzaren pasarte batzuk daude: giltzen ematea, apostolua uraren gainetik ibiltzen, eta bere martirioa. Barneko arkiboltan pintura aztarna batzuk ere ikus daitezke, bost armarri irudikatuz, eta tinpanoaren azpian idazkera gotikoarekin egindako inskripzio bat, 1093. urteko data irakur daitekeelarik.

Ate honen gainean friso eskultoriko bat dago. Bere kontserbazio-maila txarra den arren, oraindik bereiz daitezke ikonografia batzuk, mitologikoak zein biblikoak, hala nola zentauro eta dragoi baten arteko borroka, Sanson eta Dalila, Sanson eta lehoi baten arteko lehia, Kain eta Abel etab. Aurrealde honen gailurrean, azkenik errosetoi handi bat dago, lehen esan dugun eran. Portadaren ezkerrean kanpai-dorre bat ikus daiteke, Erdi Aroan egina eta osagai nabarmenik gabekoa.

Epistolaren aldeko murruan Erdi Aroko ate bat dago, erromanikoa, apaindurarik gabeko bi arkiboltez osatua. Hau babesteko XVIII. mendean elizpe barroko bat eraiki zuten, adreiluz egina eta bi atal dituen ertz-ganga batekin estalita. Transeptuaren parean fuste luzeko dorre bat dago, XIV. mendekoa eta gezi gotiko luze oktogonal ikusgarri batekin bukatua.

Hegoaldetik, elizaren fabrikari atxikirik doa XIII. mendeko klaustro gotikoa. Oinplano karratua du, eta alde bakoitzean erdi puntuko zazpi arku doaz. Harroina zirkularrak eta fuste leuna duten zutabe bikoitzen gainean doaz arku horiek, eta kapiteletan landaretza eta Genesiseko istorio batzuk irudikatu zituzten. Klaustro honen hormetan hilobi gotikoak daude, bateren bat Jehan Lome maisuaren tailerrean seguru asko egina, eta XV. mendekoa ondorioz .

Elizaren presbiterioan Juan Eguílaz maisuak burututako erretaula nagusia dago, hizkuntza barrokoan egina, XVII. mendean. Egitura laua du, banku batekin eta hiru kaleko bi atalekin, gehi atiko kurbatua. Erdiko nitxoan San Pedroren irudi barrokoa dago, eta gainontzeko hutsuneetan XVII. mendeko pinturak ikus daitezke, Xabierko San Frantzisko, San Fermin, Ama Birjina Sortzez Garbia, San Pablo eta San Joseren irudiekin, atikoan Kalbarioa irudikatu zuten bitartean.

Ebanjelioaren aldeko murruan Santiagoren irudi gotikoa aurki daiteke, XV. mendekoa, Jehan Lomeren tailerrean sortutako lana seguru aski. Jarraian XVIII. mendeko aulkiteri barrokoa dago, sei jarlekuez osatua. Transeptuaren alde honetako besoan San Joan Bataiatzailearen eta San Joan Ebanjelariaren erretaula ikus daiteke, 1862an eta estilo neoklasikoan egina, eta San Paskualen erretaula, XVIII. mendekoa eta barrokoa.

Epistolaren aldeko murruetan, transeptuaren besoan Fatimako Amabirjinaren erretaula dago, XVIII. mendekoa eta barrokoa, eta Arrosarioko Amabirjinarena, garai eta estilo berekoa. Beste kapera batetan XVII. mendeko Gurutziltzatua dago, eta Campanaleko kaperan Amabirjinaren irudi gotikoa, XIV, mendekoa, non Maria eserita agertzen den, Haurrarekin ezkerreko belaunaren gainean duela. Kapera honetan, bestalde, XIII. mendeko horma-pintura interesgarriak agertu ziren, Erriberriko Lehen eta Bigarren Maisuek egina, gaur egun Nafarroako Museoan ikus daitezkeenak. Aurrerago Eneco Pinel nafar notarioaren hilobia dago. XV. mendeko lana da, eta Jehan Lome eskultorearen tailerreko lana dirudi. Hilobia hiru arkibolta dituen arku zorrotz baten barruan dago. Kapiteletan lehoia eta zakurra irudikatu zuten, indarra eta fidagarritasunaren sinboloak, eta Hirutasunaren erliebe dotorea. Eneco eta bere emaztea belaunika agertzen dira, bi seme eta bi alabekin, eta haien artean familiaren armarria. Inskripzio batek lanaren data zehazta ematen digu: 1432. urtea.

Koruan, azkenik, XVIII. mendeko aulkiteri barrokoa dago, eta sakristian orfebreria lan ezberdinak gordetzen dira.