Kontzeptua

Pedagogia Euskal Herrian

Historian zehar izan duen garapena eta gaur egungo egoerari buruzko hurbilpena.

Informazio osagarria


· Hezkuntza
· Pedagogia
· Berrikuntza Pedagogikoa Euskal Herrian

Euskal pedagogiaz aritzerakoan agertzen zaigun lehengo galdera zaharra bezain oinarrizkoa zaigu: ba al da euskal pedagogiarik?

Galdera bera plazaratu izan da euskal literaturaz, musikaz edo zinemaz gogoeta egin nahi izan den bakoitzean. Hau da, egilearen jatorriak markatzen du ekoizpena erabilitako hizkuntzak baino?

Ba al dago, ordea, euskal estiloren bat, nolabaiteko hezkuntza berezitua, egileaz edo hizkuntzaz gain euskal artea, filosofia ala pedagogiaz definitzerakoan funtsezkoa dena?

Areago, Pedagogia kontzeptu moderno moduan, Kanten filosofiatik abiatutako hezkuntza zientziak ba al du euskal pentsamenduaren historiarik?

Argi esanda, euskal pedagogotzat joko da Euskal Herrian sortutakoa soilik?

Horrela, Marko Fabio Kintiliano, Abraham Ibn 'Ezra, Gonzalo Bertzeokoa, Loiolako Iñigo, Joanes Uhartekoa, Saint Cyran edo, garai modernoetan, A.P. Iturriaga, L. Astigarraga, J.M. Eguren, edota J.B. Artxu euskal pedagogoak lirateke? Egia da Iturriaga Hernanin jaio zela eta Abraham Ibn 'Ezra Tuteran, baina, eskakizun geografikoa betetzen duen edozeri euskal etiketa ematen dion jarrera ez al da aski faltsua eta hori baino gehiago euskal tankera kontzeptuan oinarritu beharko zen hautua?

Honela, euskal pedagogiaren ezaugarri sakonenak erabiliz (jendarteratzeko moduak, idazkeraren erritmoa, aukera estetiko iraunkorrak, eskolaz kanpoko irakaskuntzak, herri-ikasketa motak etab...) edo, alderantziz, hizkuntzaren arabera soilik, euskalduntasuna definitzea posible izango litzateke?.

Azken baldintza hau zentzu hertsian aplikaturik, ezin esango zen esan, adibidez, Gottfriend Wihelm Leibniz edo Immanuel Kant, Filosofia Unibertsitate germaniokoetan irakastea ahalbidetu zutenak, hezkuntza pentsalari alemanak zirenik zeren latinez edota frantsesez aritu ziren idazten zein irakaskuntzan, eta jardun haietan gainera, egungo alemaniar lurraldeetatik nahikotxo urruti.

Irizpide haiek, beraz, ezin dira erabakigarriak izan euskal pedagogiari buruz ez eta edonongo pentsamenduaz definizio eraginkorrik erdiesteko ere. Gauza jakina da, horretaz gain, garai bateko Euskal Herriaren lurraldetasuna eta barruti administratibo garaikideak bat ez datozela, beraz, orduko euskalduna ezin izango litzateke gaur gurera ekarri.... Ildo beretik, lehen aipaturiko Kantek eskolak eta idazkiak burutu zituen duela bi mendetako Köninsberg (Prusian) egun existitzen ez den estatuan, hau da, egungo Kaliningrado (gaur egungo Bielorrusian). Lurraldetasunak, bada, ezezta dezake Gesammelte Schriftenen egilearen alemaniartasuna filosofian?

Alabaina, Kant ez litzateke izango alemaniar segurua ez bere jardunean erabili izan ohi zuen hizkuntzagatik ezta jaio eta aritu zen tokiagatik ere. Immanuel Kant, Filosofia Unibertsitate germanikoetara bideratu zuen moderniaren aitapontekoa alemaniar pentsalaria da berak horrelako aldarrikapena egin izan zuelako, bere irakaspenak horretan oinarritu zituelako, hain justu.

Askotan Euskal Herria munduarekiko lehian eta saihestu ezinezko hautuan jarri nahi izan da. Hau da, euskalduna eta unibertsala batera izatea ezkontezina balitz bezala. Euskal Herriaren kasuan, dikotomia faltsu honek, bakoitza bestearen arerioa bailitzan aurkeztea, aukeratze atakan jartzen du bat (euskalduna) bestearen aitzin (unibertsaltasuna) edo alderantziz. Honi aurre eginez, ordea, hezkuntza pentsamenduaren munduan garrantzia izan duten euskaldunak badaudela esan beharra dago, heziketari buruzko hausnarketak idatzita utzi dutenak, eta hauxe izango da, orduan, lerro hauetan erabiliko den oinarrizko irizpidea. Alde batetik, hezkuntza pentsamenduaren historian bere burua euskalduntzat hartu nahi izan duen egile bakoitzaren munta izango da kontutan. Bestetik, noski, kulturaren bilakaerak markatzen dituen ezaugarrien arabera kokatuko da, zeren aro bakoitzak heziketa gogamenaren paradigma jakin bat edo bestea hobetsi behar izan du beti.