Zinekoak

Behiak

Julio Medemen lehen luzemetraia. Sogetelek (Madrid) 1992an ekoiztua izana. Todo por la pasta (1991) edo Alas de mariposa (1991) bezalakoekin batera, laurogeiko hamarkadaren bigarren zatiko duda-mudak atzean utzi eta laurogeita hamarreko hamarkadan ohizkanpoko talentu eta indarrez bidea hasteari ekingo zion euskal zine berria ekarri zuen.

Behiaken Julio Medemek, bailara txiki batetan auzo diren euskal bi sendi, Irigibeldarrek eta Mendiluzetarrak, aurkakotu eta deboran betierekoa den istilua azaltzen digu. Betierekotasun-sentsazio hori, lurrean enkistatutako irtenbiderik gabeko drama hori, aktore berari egiteko desberdinak emanez lortzen du. Horrela, Carmelo Gómezek Irigibeldarren leinuko kide desberdinak interpretatzen ditu (Manuel, Ignacio eta Peru) eta Kandido Urangak Mendiluzetarrak diren Carmelo eta Juan. Hasierako eszenak film bikain honek emango duen guztiaren gako asko eskaintzen dizkigu. Tropa liberalek, karlistak babestutako lubakia erasotzen dute. Manuel Irigibelek, beldurrak jota, Carmelo Mendiluze bere auzoaren odolez aurpegia zikindu eta hildakoarena egiten du. Hortik aurrera Manuel, sinbolikoki, behi baten begi-barruan sartzen da benetako mundutik urrutiko toki baten, argitasunaren eta eromenaren erdibidean, kokatzeko. Izate-lazturaren aurreko babeslekua da. Sendia bietako belaunaldiak, gorroto, maitasun, intzestu eta heriotza harremanak eraginez igarotzen dira. Medemek giza-ahultasunaren aurrean aldagaitza eta ikaragarri handi agertzen den baserriz inguratutako oihana irudikatzen du. Sexua, misterioa, eta usteltzea elkar bizi diren lurraldea da. Gainera, bertan ehun urtetik gorako enborra ezkutatzen da, gizakien miserietatik haratagoko toki baten, Manuel bizi den babesleku horretara, "beste aldera" barruratzeko sartu beharra dagoen zulo misteriotsua. Behiak erromantizismo lazgarri batek jotako lana dugu.

Bere egitura narratiboaren konplexutasuna, Medemen begiradak ezarritako irudien ikus-ahalmena, kameraren jatorrizko kokapena, naturatik ateratako ikaragarrizko onura, gidoian azaltzen diren sentimenduen indarra edo kontatzen dabilen guztia zutabetzen duten ikurren aberastasunak euskal zinemagintzaren baitan historia egitera deitutako luzemetraia uzten digu. Halaber, Alberto Iglesiasen musika iradokitzailea edo zerrendako aktoreek erakutsitako maila azpimarratu beharra dago. Carmelo Gómez, Txema Blasco, Kandido Uranga, Emma Suárez, Ana Torrent, Karra Elejalde edo Klara Badiolak interpretazio bikainak dituzte. Kritikak, lehen lan honetako talentuaz amore eman zuen. Berlineko Zinemaldiaren Panorama atalaren baitan, filmaren aurkezpena egitean, kritikaren baitan eta baita jendartean ere sentsazioa eragin zuen. Geroztik Turineko Erakusketako Filmik Hoberenaren Saria, Tokioko Zinemaldiko Urrezko Sari Nagusia, Zinearen Britainiar Institutuaren Arte-Kalitatearen Saria, Zuzendaritza berri hoberenaren Goya Saria edo Euskal Zinemari El Mundo Sarietako Gidoirik Hoberenaren eta Musika-banda Hoberenaren Sariak jaso zituen.

  • Angulo, Jesús; Rebordinos, José Luís; Contra la certeza. El cine de Julio Medem, Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Festival de Cine de Huesca, 2005, 322 orr.
  • Larrañaga, Koldo; Calvo, Enrique: Lo vasco en el cine (las películas), Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1997, 583 orr.
  • Rodríguez, María Pilar: Mundos en conflicto: Aproximaciones al cine vasco de los noventa, Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Universidad de Deusto, 2002, 284 orr.
  • Roldán Larreta, Carlos: El cine del País Vasco: de Ama Lur (1968) a Airbag (1997), Donostia, Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos, Ikusgaiak-Cuadernos de Cinematografía, 3 zka., 1999, 407 orr.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 orr.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 272 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 2, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 311 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 3, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 276 or.