Zinekoak

Gaurko maitasuna

Luis Eguiraunek produzitu zuen filma, Sendeja Films-entzat, 1987an. Ernesto del Ríok zuzendu zuen. 1986ko irailean hasi zen filmaketa. Filmatzen ari ziren bitartean, filmaren arduradunek haren intimismoa azpimarratzen zuten prentsaren aurrean, eta filmak egunerokoa aztertzen zuela.

ETAko kideen gizarteratzearen gai minberara hurbiltzen da trama. Hain zuzen ere, 1986ko irailean ETAk Yoyes hil zuen, hark gizarteratze-neurriak onartu zituelako. Horregatik, haren irudia hor izan zen beti, filmaketa osoan zehar. Istorioa hauxe da: ETAko bi kide, Peio eta Arantza (Patxi Bisquertek eta Klara Badiolak ederki antzeztuak), borroka armatua utzi, eta bizitza zibilera itzultzen dira. Haien maitasun-harremana, ordea, okertzen hasten da: bat-batean, bizitza normal batekin topo egin dute, baina hark ez die eskaintzen uste zutena. Peio dinamika autosuntsitzaile batean sartzen da, ez baitu ikusten lanik aurkitzeko modurik. Arantzak aspaldiko amodio batekin egiten du topo atzera, eta horrek handitu egiten du ezkontideen arteko krisia.

Abiapuntu interesgarri hori eduki arren, El amor de ahora filmak huts egin zuen, irtenbide tekniko desegokiak erabiltzeagatik. Arantzaren joan-etorri etengabeek, adibidez, bizitzaren gogorra erakutsi nahi dute; protagonistaren bakardadearen eta egokitu ezinaren metafora izan nahi dute. Baina kontua da diskurtso narratiboaren erritmoa hausten dutela etengabe. Gizarteratzearen aukera defendatzeko, Ernesto del Ríok Lombardiren irudia sartzen du filmean, Euskal Herriaz dokumental bat egiten ari den pertsonaia. Lombardik egiten dituen galderetan eta Arantzak ematen dizkion erantzunetan, argi da filmaren mezua ETAren aurkakoa dela. El amor de ahora Valladolideko Zinemaldian aurkeztu zen, baina harrera hotza izan zuen. Zuzendaria garratz mintzatu zen; esan zuen oso desitxuratua zegoela Euskal Herriaren irudia, eta horregatik ez zela ulertu filma bere osotasunean. Kontua da gero Euskal Herrian estreinatu zela, eta hemen ere erabateko porrota izan zela, bai kritikaren aldetik, bai ikusleen aldetik.

  • Larrañaga, Koldo; Calvo, Enrique: Lo vasco en el cine (las películas), Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1997, 583 or.
  • Miguel, Casilda de; Rebolledo Zabache, José Ángel; Marín Murillo, Flora: Ilusión y realidad. La aventura del cine vasco en los años ochenta, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 1999, 295 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: El cine del País Vasco: de Ama Lur (1968) a Airbag (1997), Donostia, Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos, Ikusgaiak-Cuadernos de Cinematografía, 3 zk., 1999, 407 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 3, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 276 or.