Zinekoak

1872-1873 Karlistadaren Kronika

Zauli Films-ek produzitu zuen filma, 1988an, eta José María Tudurik zuzendu. Karlistadei buruzko eta fikzio moduan egindako dokumental bat da, eta historia luzea du atzean.

1979an, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza politika hasi aurretik, II. karlistadan oinarritutako proiektu baten berri eman zuen prentsak. Kooperatiba batek finantzatu behar zuen. José Maria Tuduri, Iñigo Silva eta Jon Intxaustegi zeuden hor. Azkenean, problema ekonomikoak tarteko, asmoak ez zuen aurrera egin. Tudurík, halere, ideia lantzen jarraitu zuen. Ez zion uko egin nahi betidanik buruan josita zeukan gaiari. Jadanik ikasle izan zenean Parisen, tesina bat egin zuen 1839 eta 1876 bitarteko Euskal Herriko argazkigintzaz. 1985ean, berriz hartu zen proiektua. Zinegileak filmatzeari ekin zion. Diru faltak ekarritako etenaldiengatik, 1987 arte iraun zuen lanak. Tuduri oso gogotsu aritu zen gertakari historiko haiek birsortzen. Garaiko 150 jantziak egiteko lana ere berak zuzendu zuen. Atrezzo militarrarentzat, funtsezkoa izan zen zuzendariak berak Remington fusil sorta zahar bat aurkitzea Tolosako udaletxeko ganbaran. Bi hauek nahasten dira filman: alde dokumentala eta garai hartako fikziozko irudiak. Euskal antzezle ugari ageri dira horrela: Klara Badiola, Mikel Garmendia, Isidoro Fernández, Kontxu Odriozola eta are Anabel Alonso gazte bat, figurante moduan, ezezaguna baitzen artean. Gerran ziren bi aldeen ahotsa entzunarazteko, Tudurik bi pertsonaia darabiltza: Iñaxio Zatarain, boluntario karlista, eta Policarpo Amilibia, kazetari liberala. Eraketa horri esker, Tudurik bi aldeen ikuspegia, karlistena eta liberalena, jaso dezake, maila berean. Filmaren zati dokumentalean grabatuak, karikaturak eta garaiko hainbat tresna ageri dira. Zati hori askoz hobea da fikziozkoa baino. Hor, izan ere, zuzendariaren eskarmentu faltak oso itxura amateurreko irudiak utzi ditu. Dena dela, historialariek eta kritikariek harrera beroa egin zioten hurbilketa-lan interesgarri honi; beharbada, euskal historiako garai hark sekulako eragina izan zuelako, eta daukalako, egungo Euskal Herrian.

  • Larrañaga, Koldo; Calvo, Enrique: Lo vasco en el cine (las películas), Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1997, 583 or.
  • Miguel, Casilda de; Rebolledo Zabache, José Ángel; Marín Murillo, Flora: Ilusión y realidad. La aventura del cine vasco en los años ochenta, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 1999, 295 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: El cine del País Vasco: de Ama Lur (1968) a Airbag (1997), Donostia, Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos, Ikusgaiak-Cuadernos de Cinematografía, 3 zk., 1999, 407 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 272 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 2, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 311 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 3, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 276 or.