Zinekoak

Tu novia está loca

Creativideo produkzio-etxe bilbotarrak produzitu zuen filma, 1987an. Enrique Urbizuk zuzendu zuen. Hasiera-hasieratik, Urbizuk umorezko komedia bat egin nahi izan zuen, laurogeita hamargarren hamarkadako euskal zinemak beti ageri zuen joera serio eta transzendentetik urruntzeko.

Istorioa maitasun hirukote batean oinarritzen da, eta hauek dira protagonista nagusiak: publizitateko emakume exekutibo bat, haren senargaia, kausa galdutan espezializatutako abokatu bat eta ustekabean haien bizitzan sartzen den aktore ospetsu bat. Izan ere, aktore horri eta publizistari gau bat pasarazten diete elkarrekin, polizia ezgai batek elkarrekin lotu dituelako. Bigarren mailako pertsonaia batzuek, gainera, izugarri korapilatzen dute hasierako nahaspila. Umorearen aldeko saio hori, hasieran, ez zuten ongi hartu. Adibidez, Eusko Jaurlaritzak ez zion diru-laguntzarik eman filmari. Ez erakundeek, ez iritzi publikoaren zati handi batek, ez zuten ongi ikusten hain begirada friboloa, Euskal Herriko une hartako egoera politikoaren aurrean. Baina filmak moldeak hautsi zituen, eta laurogeigarren hamarkadako euskal zinemagintzako lehen komedia bihurtu zen. Urbizuk iturri edo erreferentzia asko baliatu zituen bere lana egiteko: garai hartan Madrilen egiten zen komedia, Hollywoodeko zinema klasikoa (George Cukor, Billy Wilder eta Ernest Lubitsch zinemagileak, adibidez), zinema komiko edo mutua, eta, are, komikiaren mundua.

Urbizuk obra jostagarri, fresko eta naturala lortu zuen, nahiz eta eskarmentu faltaren ajeak ere nabari zaizkion. Raccord edo enkoadraketa huts ugari ditu, eta, horregatik, pantaila sobratzen da askotan. Nabarmendu behar da, dena den, zuzendariak sekulako etekina atera ziela aktore guztiei. Antonio Resines, Santiago Ramos eta Ana Gracia hirukotea primeran ari da. Eta bigarren mailako aktoreek ere algara bermatzen dute. Maila horretan, aipatzekoak dira Maria Barrancoren, Pepo Olivaren, Ramón Barearen eta Alex Anguloren agerraldi barregarriak. Edonola ere, egina zen jadanik euskal zinemaren tematika zurruna hausteko lehen urratsa. Laster ohikoa izango zen euskal komediak egitea, eta inor ez zen harrituko horregatik. Horixe da, bada, Tu novia está loca filmaren meritu handia. Gainera, ikusleek konplizitatez erantzun zioten Creativideoren eskaintza alaiari. Gauza berria, zinez, laurogeigarren hamarkadaren bigarren erdiko euskal zineman.

  • Angulo, Jesús; Heredero, Carlos F.; Santamarina, Antonio: Enrique Urbizu, la imagen esencial, Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 2002, 358 or.
  • Larrañaga, Koldo; Calvo, Enrique: Lo vasco en el cine (las películas), Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1997, 583 or.
  • Miguel, Casilda de; Rebolledo Zabache, José Ángel; Marín Murillo, Flora: Ilusión y realidad. La aventura del cine vasco en los años ochenta, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 1999, 295 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: El cine del País Vasco: de Ama Lur (1968) a Airbag (1997), Donostia, Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos, Ikusgaiak-Cuadernos de Cinematografía, 3 zk., 1999, 407 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 272 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 3, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 276 or.