Zinekoak

Zazpi Kale

1981ean egin zen filma. Juan Ortuostek eta Javier Rebollok zuzendu zuten, Lan Zinema produkzio-etxe bilbotarraren arduradunek.

Biak Bilboko Unibertsitate Zineklubarekin lotuta egon ziren. Film motzetan eta publizitatean zentratutako ibilaldi baten ondoren, Ortuoste eta Rebollo film luze bati ekiteko kemenarekin sentitu ziren. Laurogeigarren hamarkadaren hasiera zen. Akziodun batzuen, kreditu batzuen eta publizitate-enkargu batzuen laguntzaz eraman zuten aurrera gauza. Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza bat jaso zuten, gainera: gobernu autonomoak laurogeigarren hamarkadan funts galdura emandako lehen diru-laguntzetako bat.

Proiektuaren hasierako ideia hauxe zen: ohitura-komedia bat egitea, Fernando Truebak Opera prima-n egina eredu hartuta. Horri, gero, genero beltzeko osagai batzuk gehitu zizkioten: bitxi-saltoki bateko lapurreta, esate baterako. Bi zinemagileek ikusleen arreta piztu nahi zuten. Batez ere, ikuslea aspertuko ez zuen produktu bat nahi zuten, zinemagintzan jarraitzen utziko zien produktu bat. Egia esan, ordea, ez zen lortu hain trama desberdinak elkarrekin batzea. Argumentu asko zebiltzan obran sakabanatuta. Problema larria. Dena dela, filmak amaiera formal akatsik gabea du, hasi berri batzuengan ezohikoa. Filmak, gainera, hiri estetika berri bat hasi zuen laurogeigarren hamarkadako euskal zinemaren barruan. Noraezean zebiltzan pertsonaiez betea zen, eta itolarri existentzialak estututa bizi ziren: Euskal Herrian gatazka politikoak sortutako giroaren metafora, bidenabar esanda. Aurrerantzean ere saiatuko zen estetika hori, zuzenago edo okerrago. Garai bereziki gogor eta nahasi batean, bi zinemagile ausartak ironiaz aritu ziren Euskal Herriko egoera sozio-politikoaz. Filmeko pasarte batean, adibidez, polizia-sirena bat entzuten da. Istilu gogorrak ikusiko ditugula dirudienean, hor agertzen da jostailuzko polizia-auto bat, haur batek kontrolatua. Txantxa mota horrek ez zuen harrera onik jaso ikusleen aldetik, haiek hunkituegi baitzeuden Euskal Herriko orduko egoera soziopolitiko latzaz. Izan ere, hirurogeita hamarretako azken urteez eta laurogeietako lehenez ari gara.

Siete Calles Donostiako Zinemaldiko Errealizadore Berrien Atalean estreinatu zen, 1981ean. Filmak diru gutxi bildu zuen handik aurrerako ibilaldi komertzialean. Horrek geldierazi egin zuen orduko euskal zineman ausartegitzat ikusi zen adierazmolde bat.

  • Larrañaga, Koldo; Calvo, Enrique: Lo vasco en el cine (las películas), Donostia, Euskadiko Filmategia/Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1997, 583 or.
  • López Echevarrieta, Alberto: Cine Vasco: de ayer a hoy -época sonora-, Bilbao, Mensajero, 1984, 331 or.
  • Miguel, Casilda de; Rebolledo Zabache, José Ángel; Marín Murillo, Flora: Ilusión y realidad. La aventura del cine vasco en los años ochenta, Donostia, Euskadiko Filmategia, 1999, 295 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: El cine del País Vasco: de Ama Lur (1968) a Airbag (1997), Donostia, Eusko Ikaskuntza, Ikusgaiak-Cuadernos de Cinematografía, 3, 1999, 407 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2003, 351 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 2, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 311 or.
  • Unsain, José Maria: El cine y los vascos, Donostia, Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Filmategia, 1985, 355 or.
  • Zunzunegui, Santos: El cine en el País Vasco, Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundia, 1985, 603 or.