Dantza

Nafarroa Behereko Dantzak

Nafarroa Behereko dantzek aniztasuna, ikusgarritasuna eta zailtasun teknikoak dituzte ezaugarri. Eskualde mugakideetakoek -Lapurdi eta Zuberoakoek- bezala, gorteetako antzinako balletekin eta dantza klasikoarekin dituzte loturak, eta lotura horiei dantza-maisuen bidez eutsi zaie. Dantza klasikoko zenbait pauso erabiltzen dira, hala nola, pas de bourré, pas de basque, les tricolets, les ailes de pigeon, entrechats, jettes battus eta rond de jambes. Eskualdeko dantza herrikoi gehienak jatorriz beste herrialde batzuetakoak ziren, baina bertakotu ondoren halako jatortasun berezi bat hartu zuten, tokiko biztanleen nortasun handiaren ondorioz. Aipatutako fenomenoa oso ohikoa da euskal kulturan, eta horrek agerian uzten du, ezbairik gabe, kanpotik datorrena hartzeko, bertako berezitasunetara egokitzeko eta euskal itxura peto-petoa emateko gaitasun handia dagoela hemen. Horren guztiaren adibide ditugu, besteak beste, Gabota, Minuetoa eta Fandangoa. Lehen biak XVIII. mendetik aurrera hedatu ziren, txirularien edo txistularien (frantsesez tambourinaires) bidez. Hirugarren dantzari XIX. mendearen bigarren erdian eman zitzaion sarbidea. Estiloak ez du zerikusirik antzinako dantzen seriotasunarekin, ez dago erritu finkorik, ez dira eraman behar arropa jakin batzuk soinean, eta neska-mutilek dantzatzen dituzte, bikoteka, elkar ukitu gabe: besoak altxatuta eta atzamarrak etengabe kriskitinka, gorputz osoarekin mugimendu harmoniatsuak eginez, binakako erritmo hirutar bizi-bizi bati jarraiki.