Enpresariak

Arteche y Villabaso, Julio de

Finantzari bizkaitarra, Artetxeko kondea 1950etik aurrera.

Bilbon jaioa 1878ko abuztuaren 4an.

24 urte zituela Banco Bilbaoko kontseilari izendatua da. Lehendabiziko Mundu Gudan zehar Agrupación de Sociedades Anónimas del Norte de España erakundeko lehendakaria izan zen, guda ondoren ohiz kanpoko irabazietan eta zerga fiskalei buruzko aldaketari buruzko gaietan sortutako arazo larrien erabakietan jarrera eraginkorra hartuz.

Trenbide-enpresen akzioen nazionalizazioan parte hartu, Saltos del Duero sortu eta herriko paper-industria abiarazi zituen. 64 urte zituela Banco de Bilbaoren betirako lehendakari izendatu zuten.

1950ko uztailaren 18an, egindako finantza ekimen ugariengatik Artetxe Kondea titulua eman zitzaion.

Besteak beste, hamar enpresa eta sozietatetako administrazio kontseiluetako lehendakaria izan zen eta beste hirutan lehendakariordea. Hurrengo enpresa eta erakundeetan kontseilari kargua bete zuen: Banco de España, Naviera Vizcaina, Eraikuntza Aeronautikoen Elkartea, Minas Riotinto konpainia eta Industria eta Merkataritzarako Banketxe Asturiarra.

Bizkaiko (Markina) Liga Monarkikotik hautatutako diputatua izan zen 1923an.

Bilbon hil zen 1960ko uztailaren 12an, 82 urte zituela.