Instrumentugilea

Zubeldia, Juan Carlos Gomez

Piano-jotzaile bizkaitarra. Bilbon jaio zen 1924an eta bertan hil zen 1992an.

Bilboko Merkataritza Goi eskola peritu-ikasketak eta Mekataritzako irakasle ikasketak egin zituen. Musikarako zaletasuna berandu iritsi zitzaion -hemezortzi urterekin hasi zen musika ikasketekin hiriko kontserbatorioan- eta batez ere bere kabuz ikasi zuen.

1947an, Bilbon Cervantesen omenez egin zen kontzertua zela eta, Manuel de Fallaren El retablo de Maese Pedro obraren muntaitza artistikoa eta musikala egin zuen, Aranbarri maisua, Lola Rodriguez de Aragon eta Esteban Calle Taurino idazlearen laguntzarekin. Hizlari bezala, 1947an Bilboko Frantses Institutuan Maurice Raveli buruzko hitzaldia ematera gonbidatu zuten. Hurrengo urtean berriz Claude Debussyren Pelleas eta Melisande lanari buruzko iruzkina aurkeztu zuen proiekzioak erabiliz. Era berean, 1962an, Béla Bartók y el Impresionismo francés-ri buruzko beste hitzaldi bat eman zuen Bizkaiko hiriburuan, pianoko adibidek Isabel Picaza piano-jotzaileak Pianoko zenbait adibide eskeini zituelarik. 1950ean musika garaikideko kontzertua eskaini zuen Bilboko Studio aretoan, Bela Bartoken lanekin eta hiru urtez egongo zen Bilboko Ateneo Berriko Musika saileko zuzendari postua bete zuen.

1952tik aurrera piano interpretazioko irakaslanetan hasi zen. Bere ikasleen artean Bizkaiko belaunaldi ezberdinetako pianista garrantzitsuenetakoak egon dira: Isabel Picaza, Emma Jimenez, Joaquin Achucarro, Miguel Ituarte eta Alfonso eta Marta Gonzalez Maribona, baita Almudena Cano madrildar piano-jotzailea eta Josefina Fernandez Nespral argentinarra ere. Era berean, Joseph Colom, Cristina Pardo, Rosa Torres-Pardo, Regina Agnesini, Pedro Espinosa, Paul Komen eta Rafael Senosiain piano joleek bere gomendioak jaso izan zituzten.

Halaber, Juan Carlos Zubeldiak 1956tik 1959ra arte El Correo Español-El Pueblo Vasco egunkari bizkaitarrean musika kritikari bezala aritu zen. 1958tik aurrera interpretazio musikaleko ikasketak sakondu zituen eta Heinrich Schenker, Rodolf Reti eta Leonard B. Meyer analisten lanekin harremanetan jarri zen. Bere ikerketak, musika ulertzeko psikologiaren osagarriarekin batera, erritmo eta musikaren interpretazioa sistematizatzeko oinarri dira. Modu berean, bere olerki eta idatzietan irudikatua gelditu den alderdi poetikoa garatu zuen. Gainera, literatur analista bikaina izan zen, besteak beste, Juan Ramon Jimenezen lanari buruzko ikerketa sakon bat idatzi zuen. Olerkari andaluziarrak analisi hauetako batzuk jaso eta "kritiko argikuslea" zela adieraztera iritisi zen; "Destino" kataluniar aldizkarian argitaraturiko artikuluan, Juan Carlos Zubeldiak Animal de fondo obrari egin zion analisi bat ere sartu zuen. Era berean, analisi honen zati bat Juan Ramon Jimenezen "Selección de cartas" (Bartzelona, Ediciones Picazo, 1973) obran argira eman zen.