1897ko martxoaren 20an Tolosan (Gipuzkoa) jaio eta 1952ko otsailaren 2an Kuban hildako politikaria.
21 urterekin Zuzenbide karrera amaitu zuen Madrileko Unibertsitatean eta bi urte beranduago bere bulegoa ireki zuen Bilbon, Zuzenbide eta Gizarte-zientzien Akademiako presidenteorde izan zelarik.
Primo de Rivera jeneralaren diktaduran zehar euskara sustatu nahi izan zuen talde bateko kide izan zen. Horrez gain, Eusko Ikaskuntzako kide izan zen eta baita Bilboko El Sitio izeneko Elkarte liberalekoa ere. Errepublikanoa, liberala eta autonomista zen eta 20-30 hamarkadetan bere etxea bilerak eta konspirazio politikoa egiteko egoitza bilakatu zen. 1930ean Frente egunkariko kolaboratzaile izan zen eta "Donostiako Itun" ezagunean parte hartu zuen. Urte berean, abenduan izandako altxamendu errepublikanoaren ondorioz, atxilotu eta espetxeratu egin zuten Madrilen. 1931ko martxoan Bizkaian "Errepublikako Zerbitzuen Elkartea" sortu zuen beste zenbait kiderekin. Horrez gain, apirilean egin ziren hauteskunde-kanpainetan amnistiaren aldeko mitin eta ekintzetan parte hartu zuen aktiboki.
Bigarren Errepublika aldarrikatu ostean, Gipuzkoako Gobernadore Zibil izateko hautatu zuten. Kargu horretan erabaki garrantzitsuak hartu zituen. Hala, Foru Aldundia Kudeaketa-batzordea izendatu zuen eta Juan Astigarrabia buruzagi komunista atxilotzeko agindua eman zuen. Gainera, Euskal Herriko eta Nafarroako balizko autonomia batean Errioxa txertatzearen alde agertu zen. Garai horretan EAJ alderdia sarritan kexatu zitzaion erlijio arloan garatzen zuen politika zela medio. Kutsu errepublikanoa zuten hainbat taldeko militante izan zen: lehenik eta behin Alderdi Errepublikano Autonomoan, beranduago Alderdi Errepublikano Sozialista Erradikalean eta, azkenik, Ezker Errepublikanoan, hots, Manuel Azañaren alderdian. 1931ko hauteskundeetan Bizkaiko Diputatu izateko hautatu zuten, errepublikano eta sozialisten artean osatutako hautagaitzaren barnean. Gorteetako idazkari izendatu zuten eta begi onez ikusi zuen Eusko Ikaskuntzak idatzitako Autonomia Estatutua.
1932an Autonomia Estatutuaren onarpena bultzatzeko egin zen "Iruñeko Asanbladan" parte hartu zuen. Proiektua kudeaketa-batzordeek prestatu zuten. Batzorde horiek egin zuten garai hartan Foru Aldundien lana. Aipatu bilkuran Aldasoro Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoan txertatzearen alde agertu zen eta bere alderdikide eta politikari Emilio Azarola limurtzen saiatu zen. Azkenean, ordea, hura aurka azaldu zen. Proposamenak porrot egin zuen, izan ere, aldeko 101 boto jaso zituen eta 123 izan ziren kontrako botoak. Horrenbestez, estatutua Nafarroa txertatu gabe onartu zen.
1934ko urrian Bizkaian iraultzaileen greba egin zen eta hartako sustatzaile izan ziren zenbait kide atxilotu egin zituzten, besteak beste, Santiago Arnaz eta Paulino Gomez Sainz. Aztarrika horretan Aldasorok Bilbo, Abanto, Zierbena, Durango, Galdames eta Ezkerraldeako talde sozialista garrantzitsu baten defentsan jardun zuen.
1936ko uztailean izandako Altxamenduan Aldasorok paper erabakigarria izan zuen, izan ere, orduan Bizkaiko Gobernadore Zibila zen Echevarria Novoa presionatu eta Mola Jeneralak matxinadarekin bat egiteko emandako aginduak betetzea saihestu zuen. Bizkaiko Defentsako Komisioko arima izan zen. Gogoan izan behar da komisio hori altxamendu militarraren ondorioz sortu zen Bizkaiko Defentsa Batzordea sortu aurretiko erakundea zela. 1936ko abuztuaren 12an Irin, Gari eta Jangaien zuzendari nagusi izendatu zuten.
1936ko urriaren batean Gorte Errepublikanoetan Euskal Estatutua onartu zen eta berehala Eusko Jaurlaritza osatu zen. Horren ostean, Ramon Aldasoro Merkataritza eta Hornidurako kontseilari izateko hautatu zuten bere alderdia ordezkatuz, Ezker Errepublikanoa. Eusko Jaurlaritza sortu berria zen eta hornidura-gabetzea jasan zuen hasieratik.Hala, Aldasoro, kontseilaritza horren barnean, hori saihesteko lanean murgildu zen 1936ko azarotik aurrera. Zailtasun asko izan arren, Ingalaterrarekin merkataritza-bide bat ireki eta hornidura-gabetze hori arindu ahal izan zuen. Hala, Bizkaiko burdina atera zuen elikagaien truk. Merkataritzako hainbat delegazio ireki ziren, hala Espainian nola kanpoan (Bordele, Baiona, Bartzelona, Valentzia eta Alacant). Hori lagungarri izan zen hornikuntza-zerrendak betetzen joateko. Picavea diputatuarekin batera "Bizkaiko Defentsa Batzordeko" ordezkari izan zen. Euskal ejertzitoa hornitzeko armak eta gerra-materiala lortzen saiatu ziren.
Garai horretan ez zuen abokatu jarduna alboratu eta, besteak beste, Guillermo Wakkonigg Hummer izan zuen bezero, Austriako kontsula, gerran zehar atxilotu eta fusilatu zutena matxinatuen iheserako sare bat antolatu izana leporatuta.
Euskal ejertzitoak porrot egin ostean erbestera jo zuen. Lehenengo Frantziara eta, beranduago, Uruguaira. 1938an Agirrek Buenos Airesera bidali zuen ordezkari gisa, Argentinara joandako euskaldunei laguntzeko, bereziki haur errefuxiatuei laguntza emateko. Zeregin horretan Isaac Lopez de Mendizabal, Santiago Cunchillos eta Pablo Archanco izan zituen lankide. Aipatu gizonak herrialde horretako agintari politikoekin harremanak estutzen ahalegindu ziren. Egindako lanari esker, 1939ko abuztuan Euskal Immigrazioaren Aldeko Komitea sortu zen. Urte berean Eusko Deya-La voz de los vascos en América argitalpena kaleratu zuen eta "Euskaldunen Lagunen Liga" izeneko filial argentinarra antolatu zuen.
Sasoi horretan Ramon Aldasorok ez zuen harreman onik bere alderdikideekin eta 1938ko otsailean kanporatu egin zuten Bartzelonan egindako asanblada baten ondotik. Une horretatik aurrera Agirre lehendakariaren lagun izateak ahalbidetu zion Eusko Jaurlaritzan lanean jarraitzea eta EAJ alderditik gertuago kokatzen zen joera politikoa garatu zuen. Lehendakariak Aldasoro eta Irujo izendatu zituen, bera ez zegoenean, Euskal Herriari zegozkion gaien ardura hartzeko.
1940ko uztailaren 11n "Euskadi'ko Batzar Nagusia" sortu zen Manuel de Irujo eta Londresen Eusko Jaurlaritzako ordezkaria zen Jose Ignacio Lizasok bultzatuta. Erakunde nazionala zen, ez autonomikoa. Horren ondorioz, gainerako indar politikoek mesfidantzaz ikusten zuten erakundea. Erakunde horretan barneratu zen Aldasoro, Buenos Aires, Caracas, Mexiko New York eta Londreseko beste ordezkari batzuekin batera. Manuel de Irujo izan zen erakundeko presidentea eta haren zuzentzeko moduaren eraginez, arazo ugari izan zituen Agirre Lehendakariarekin. 1941eko urriaren 9an azken horrekin elkartu zen Uruguaiko mugan Montevideora joateko xedez. Buenos Airesen zegoela, Aldasoro ordezkari kataluniar eta galiziarrekin harremanak estutzen saiatu zen, Eusko Jaurlaritzarekin kolaborazio-bide bat zabaltzeko asmoz. Horren harira, sarritan parte hartu zuen Galeuzca aldizkarian. Aldizkari horretan hainbat artikulu idatzi zituen Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Errepublikaren arteko harremanen inguruan. Horrez gain, bestelako ekintza batzuetan ere parte hartu zuen. Horrela, hainbat hitzaldi eman zituen, esate baterako, Las Guerras Civiles y el Concepto de Libertad en la Historia Contemporánea del País Vasco izenekoa, beranduago liburuxka modura argitaratu zuena.
1945ean, nazismoaren porrota agerian zegoela, Eusko Jaurlaritzak New Yorken egindako bilkuran izan zen. Bilkura horretan Agirre Lehendakaria izan zen presidentea. Han, besteak beste, Santiago Aznar, Nardiz eta Aldasoro bertaratu ziren sozialisten, Ekintza Nazionalisten eta errepublikanoen ordezkari gisa, hurrenez hurren. Bilkuran Eusko Jaurlaritzak II. mundu-gerran Aliatuei eta euskal politika nazionalari emandako babesa azpimarratu zen. Horren ondorioz, Lehendakariak aginduta Latinoamerikako herrialdeetan zehar bira bat egin zuen bilkura hartako helburuak azaltzeko.
1946an Donibane Lohitzunera itzuli eta berrantolatu berria zen Euzkadiko Gobernuan parte hartu zuen. 1947ko martxoan Euskal Mugimendu Federalista (EMF) sortu zen Parisen eta Aldasoro ere han izan zen. Jose Antonio Agirre Lehendakaria izan zen erakunde horretako ohorezko presidente, Manuel Irujo izan zelarik jarduneko presidente. Ramon Maria Aldasoro, Juan Carlos Basterra eta Laureano Lasa izan ziren presidenteorde izateko hautatu zituzten hiru kideak; Javier Landaburu idazkaria izan zen eta organigrama beste hainbat kide garrantzitsurekin osatu zen, besteak beste, Jose Maria Lasarte, Jose Ignacio Lizaso, Rufino Garcia Larrache eta Julian Arrien. Ordezkariak, aldiz, Angel Gondra (Londres), Jesus Galindez (New York), Jose Luis de la Lombana (Bogota) eta Jose Olivares (Buenos Aires) izan ziren.
1949ko otsailean Aldasorok Parisera jo zuen Europako Mugimenduaren Espainiako Kontseilu Federalaren eraketara, Euskal Kontseiluko delegazioko ordezkari gisa. Hauek izan ziren erakunde horren sorrera sustatu zuten bestelako kideak: Europako Estatu Batuen Aldeko Mugimendu Sozialista, Europako Batasun Liberala, Kataluniako Kontseilua eta Euskal Herriko Kontseilua. Beranduago Monarkiko Europazaleen Taldea, Kristau-demokraten Talde Federalistak eta Galiziako Taldea batu ziren. Salvador de Madariaga izan zen presidentea eta Jose Maria Lasarte lehen idazkari nagusia (1952. urtera arte). Euskal Kontseiluaren aldetik, Manuel de Irujo izan zen presidenteordea. Dena den, Ramon Maria Aldasorok hartu zuen haren lekua 1951-1952 bitartean.
Aldasoro 1952ko otsailaren 2an hil zen ustekabean Kuban, bihotzekoak jota. Koloneko Hilerrian lurperatu zuten, Benefizentziaren Euskal Herriko eta Nafarroako Elkarteak zuen Laurac-Bat Panteoiaren hilobi anonimo batean. Haren ordez, Ambrosio Garbisu alderdikidea izan zen kontseilari kargua hartu zuena.