Arkitektura

Zabaleta Dorrea

Lesakako dorretxea (Nafarroa), izen bereko familia leinuaren oinetxea. XV. mendeko eraikina da. Caro Barojaren ustez, 1444 baino beranduago eraiki omen zuten, urte horretan Gaztelako gizasemeek aurreko dorrea eraitsi egin baitzuten eta horren jabea zen Ochoa Lopiz-ek, Zabaletako jauna, dorrea berreraikitzeari ekin zion. Goialdean hainbat itsu-leiho bateratuak zeuzkan, almenaz horniturik. Bere garaian, ondoan dorre txikiago bat izan zuen itsatsia, zurezko urkamendiaz. Cashernea esaten zioten, Napoleonen inbasio garaian kuartel edo kaserna bezala erabili izan zutelako.

Independentziako Gerran Wellington generalaren kuartel nagusia izan zen. Dorre dotorea zen, harlanduz egina. Lurraldea babesteko eraiki zuten eta oinplano kubikoa zeukan. Fatxada hiru mailatan egituratu zuten. Beheko solairuan, arkuz hornitutako atea ikus dezakegu lorategiko sarbidea eratuz. Albo berean, baina bigarren solairuan, horren antzeko leihoa dago eta hirugarrenean aldiz, arku konopiala duen leihoa ageri da. Hainbat gezileihok argi erakusten digute eraikinaren babeserako egituraketa. Begi bistakoa da harrizko matakanetan oinarritzen den goialdeko estalkia, koska nabarmena agerian uzten baitu. Zabaleta inguruan bestelako dorre gotiko bat aurki dezakegu, azken hau txikiago izanik. Oinplano kubikoa badu ere, aurrekoaren antzeko egitura dauka baina ez da hain dotorea. Hemen ere goialdeko estalkia esanguratsua da, matakan handiak dituelarik. Erdiko solairuan balkoi luzea dauka, horren atea ere txikiagotu egin delarik.