Eskultoreak

Valdivielso Lopez, Mauricio

"Pagoetako santujalea". 1760an jaio zen eskultore arabar hau Burgosko Suzana herrian; herri hartan egiten zuen lan bere aita Gregoriok. 1822ko martxoaren 14an hil zen Arabako hiriburuan.

Pagoetako Valdivielso irudigileen dinastiako kiderik esanguratsuena izan zen. Bertan bizi izan zen eta han egin zuen lan, familiaren lantokian, 1797an Gasteiza joan zen arte. Valdivielsotarren lan oparoa, batez ere, Gasteiz eta Arabako lautadako elizetan gauzatu zen. Erregistratutako lehen lana (1781) Argoteko elizako erretaulan zizelkatutako lau aingeruak eta hainbat irudi dira. Hurrengo urtean San Pedroren irudi bat egin zuen Gobeuko elizarako eta Arrosarioko Andre Maria Uribarri Ganboakoarako. 1787an Ecce Homo bat eta zutabearen pasioko pasoa zizelkatu zuen Urizaharrarako; 1788an, San Mateoren eta San Marcosen irudi bana egin zituen Donemiliagako San Roman elizarako. Valdivielsok eginiko lanen artean aipagarrienetakoa 1790an egindako Araiako elizako kristoren irudia da. 1791tik 1795era hainbat irudi landu zituen Elorriaga, Argandoña, Betoñu eta Navaridasko parrokietarako. 1797an Erentxunen (pulpitua, San Vicente Ferrerren irudia) eta Maturanan (gurutzea) egin zuen lan. 1798koa da Ixonako kristoa eta 1800ekoa, berriz, Egiletako parrokiako Ama Birjina.

1801ean San Joseren, San Lorenzoren eta Arrosarioko Andre Mariaren irudi bana zizelkatu zituen Sarriko elizarako. 1802an Albaitako San Miguel elizako erretaula nagusia egiten hartu zuen parte; berak egin zituen irudi nagusia eta beste pieza txikiago batzuk. Hurrengo urtean, Lezan, San Martinen irudi bat, Ecce Homo bat eta Bakardadearen Ama Birjina egin zituen erretaula nagusirako. 1806an, berriz, Gasteizko San Migel elizaren aurrealdean konponketak egin zituen; 1810ean Astegietako parrokiako Ama Birjina. 1816an artistaren arrastoa aurkitu genuen Forondako San Kristobal ermitan; ordukoa da Gamarrako kristoa ere. 1816tik 1817ra, bere estiloa heldutasunera iritsia zen garaian, hainbat pieza zizelkatu zituen Gasteizko Santa Maria kolegio-elizarako. Horien artean daude bere maisulanetako bi: arimen erliebea eta kapitulu-gelako Jasokundearen irudia.