Politikariak eta Kargu publikoak

Ugarte Lambert de Sainte-Croix, Felipe

Gipuzkoako politikari ospetsua, Donostian 1916an jaioa eta 1988an hila. Gipuzkoako hiriburuko alkate izan zen 1969tik 1974ra bitartean.

Batxilergoa bere jaioterrian hasi zuen, Parisen amaituz, eta han bizi izan zen bere familia hainbat urtez. Zuzenbide eta Ingeniaritza ikasketak 1936ko gerrak eten zituen, bolondres bezala hasi eta Artilleriako behin-behineko teniente bezala amaituz. Armadan jarraitu zuen eta teniente koronel, Estatu Nagusiko diplomadun eta Informazio eta Turismo Ministerioko funtzionario izatera iritsi zen. 1953an Gipuzkoako Lurralde Ordezkaria izendatu zuten Sail horretan, eta 1969ko ekainean alkate, Miguel Muñoa Caressonen ondorengo gisa.

Kargu hori 1974ra arte bete zuen, urte hartako otsailean Arabako gobernadore zibil izendatu zutelarik. Mugimenduko probintzia-kontseilari eta Gorteetako prokuradore ere izan zen, Gipuzkoako udalerrien ordezkari gisa. Udaletxearen buru izan zen, besteak beste, Donostiako Udal Telefono Konpainiaren salmenta sinatu zuen (1970); Gran Kursaaleko antzokia eraistea onartu zuen (1972); Miramar Jauregia erosi zuen, bere ondasun eta lur guztiekin, Juan de Borboni (1973) eta "El Chofre"-ko Zezen Plaza desagertzea baimendu zuen.