Sendagileak

Bergareche Maritorena, Julián

1893ko urtarrilaren 9an Irunen (Gipuzkoa) jaio eta 1968ko urriaren 14an Donostian hil zen medikua.

Lekarozen (Nafarroa) egin zituen lehen ikasketak. Madrilen ikasi zuen Medikuntza eta digestio-aparatuko espezializazioa hautatu zuen.

Ikerketa-bidaia ugari egin zituen Alemaniara eta alemanera bikain menderatzea lortu zuen. Egonaldi horietako batean zegoela Europako lehen gerratea piztu zen. Aipatu bezala Madrilen ikasi zuen eta azken ikasturtean zegoela, 1918an, gripe zitala hedatu zen. Horren ondorioz, karrera amaitu bezain laster eta dagoeneko Gipuzkoara itzuli ostean (Billabona) haren aurka borrokatu behar izan zuen. 1919. urtearen hastapenetan Donostian finkatu zen eta San Ignacio klinikan lan egiten hasi zen Urrutia doktorearen aldamenean. Lagun handiak egin ziren, hura zendu zenean idatzi zuen artikulu txeratsuan (jasota dago) ikus daitekeenez ("B.R.S.V.A.P.", 1946). Donostiako klinika horretan egin zuen lan gehien eta bertan erakutsi zituen gastroenterologo paregabearen, ikertzaile apal eta leialaren eta gizon liberal eta jakitunaren dohainak. Marañonekin batera sortu zuen Gastroenterología Española aldizkarian idatzi zuen, eta bere espezialitatea aztergai zuten atzerriko hainbat aldizkaritan ere idatzi zuen. Medikuntzari buruzko kongresu askotan parte hartu zuen eta 1930ean Bartzelonan egindako kongresuan txostengile gisa jardun zuen.