Arkitektoak

Ventura, Pedro Nolasco

XIX. mendeko arkitekto nafarra, Lizarran jaioa.

San Fernando akademian nabarmendu zen 1799an, lehen klaseko lehenengo saria irabazi zuenean. Madrilgo hiru hilerritarako prestatutako diseinuengatik eman zioten saria. 1803an Nafarroako Erreinuko Bideen zuzendari izendatu zuten baina ezin izan zuen zegokion lana behar bezala gauzatu frantsesen okupazioa zela-eta. 1806an, Juan Antonio Pagolarekin batera Iruñeko udal arkitektoa zen garaian, proiektu bat egin zuen Arte Ederren Akademia Publikoarentzat.

Bi dira Venturaren lan ezagunenak; batetik, Arroitzeko San Salvador elizaren dorrea, 1807an burutua eta, bestetik, Alloko Santa Maria parrokia (1805-1821). Arroitzeko dorreak estilo neoklasikoa du eta hainbat solairutan kokatutako elementuak ditu. Ildo akademizistari jarraitzen dio eta Ochandategui arkitektoaren beste lan batzuekin ere badu lotura. Alloko parrokiak solairu angeluzuzen bat du eta duen nabe bakarra joniar ordenako zutabeek, lunetadun kaioi erdiko ganga batek eta dorreak osatzen dute. Aurrealdea soila da eta argi erakusten du garai hartan Europan garatzen ari zen arkitektura neoklasikoak bere duen soiltasun hori.

1820an, Bideen zuzendari postua utzi eta Madrila joan zen Ventura. Handik bi urtera, ordena greziarrei eta erromatarrei buruzko hitzaldi bat eman eta Arte Ederretako merezimenduzko akademiko izendatu zuten. Ordutik aurrera Akademiarentzat, Madrilgo Udalarentzat eta Gaztelako Kontseilu Gorenarentzat egin zituen hainbat lan.

  • GARCÍA GAINZA, M. C. eta beste batzuk. Catálogo Monumental de Navarra. II t., I libk. Iruña, 1982, 109 eta 267 or; II libk. Iruña, 1983, 324 or.
  • LABEAGA MENDIOLA, J. C. Art. Pedro Nolasco Ventura. Iruña: Gran Enciclopedia Navarra, 1990, XI t.
  • LARUMBE, M. "El neoclasicismo en la arquitectura navarra". Arquitectura neoclásica en el País Vasco. Bilbo, 1991, 150-155 or.
  • RIVAS CARMONA, J. "Notas para la arquitectura neoclásica en Navarra". Scripta Theologica, XVI libk., Iruña, 1984.