Pintoreak

Pascau, Eugène

Margolari egiatia. Baionan jaio zen, 1875eko apirilaren 15ean, eta Parisen zuen etxean hil, 1944ko abuztuaren 7an.

1908an, Dessineko École Municipale eskolaren zuzendari eta Musée Bonnat museoko kontserbatzaile izendatu zuten, Leon Bonnat-ek hala proposatuta. 1889an, 14 urte baino ez zituela, Baionako Marrazketa Eskolan izena eman zuen. Hurrengo urtean, lehen saria jaso zuen perspektiban, eta etorriko ziren urteetan, beste hainbat golardo lortu zituen. 1895ean, lehenbiziko aldiz obra bat bidali zuen Frantziako Artisten Salón parisien-era. 1896-97an, Bonnatek antolatutako erakusketan parte hartu zuen, Donibane Lohitzunen. Pascauk errealitatea margotzen zuen, baina modu espresiboan.

1900an, Roby-ren erretratua Baionako udal bilduman sartu zen. Horrez gain, Rostand familiako kide guztien erretratuak margotu zituen. Parisera, Baionara eta Kanbora maiz bidaiatzen hasi zen. Garai hartan, La Robe à ramages pinturak arrakasta handia lortu zuen. Luxenburgoko museoak erosi zuen Madame Rostand-en erretratu hori, eta 1911n, Frantziak Erromako Nazioarteko Erakusketan aurkeztutako obretako bat izan zen.

1914an, gerra baino pixka bat lehenago, Baionako Saint-André elizaren kaperarako horma irudia prestatzen hasi zen, Familia Santua irudikatzen zuena. Familia Santua aurkeztu osteko lehen erakusketa Parisen egin zuen, 1921eko Salón parisien-en, eta, bertan, bere lehen urrezko domina eta Arte Ederretako Akademiaren Henner Saria lortu zituen, Kanboko apaiza irudikatzen zuen l'Abbé Schlaegel erretratuarekin. 1922an, 1923an eta 1927an arrakasta handiko erakusketak egin zituen. Urte horietatik 1932ra arte, garaiko frantziar pertsonai garrantzitsu askoren erretratuak margotu zituen. Esan behar Pierre Champion historialariaren erretratuarekin, Salón parisien-en urrezko domina lortu zuela, eta Parisko Udalak erosi zuela koadroa. 1931an, bigarren aldiz ezkondu zen, Camille-Marie-Louise Carlier margolariarekin, handik aurrera C. Pascau-Vignal izenez sinatzen hasi zena. 1938an, Le Paysan basque izeneko fantasiazko margoa egin zuen. 1939ko gudak eta 1941eko porrotak tartean harrapatu zituen senar-emazteak. Hala ere, beren bizitza artistikoa berreskuratzen gogor saiatu ziren, eta hiru urteetan erakusketak egitea lortu zuten.

Erref. Jeanpierre, Henri: "Eugene Pascau". Bulletin des Sciences, Lettres et Arts de Bayonne, 130 zk., 1974, (227-241. or.).