Otorrinolaringologoa eta neurologoa. Donostian jaio zen 1926ko otsailaren 21ean eta Madrilen hil zen 2007ko urriaren 25ean.
Medikuntza ikasketak egin zituen Valladoliden 1944 eta 1950 artean. Frantzian, Ingalaterran eta Italian espezializatu zen, Otorrinolaringologiako zenbait ospitale-zerbitzutan. 1952an Espainiara itzuli zen, eta Laneko Segurtasunaren Medikuntza eta Higieneko Institutu Nazionalean espezializazioa osatu zuen, Otorrinolaringologia zerbitzuaren barruan. 1965ean Zientzia Neurologikoen Institutuko Otoneurologia Zerbitzuko buru izendatu zuten. 1970ean, Gizarte Segurantzako Laneko Klinikako Otorrinolaringologia Zerbitzura pasatu zen, zerbitzuburu gisa.
Otorrinolaringologia eta Neurologiako Espainiako eta atzerriko elkarte askotako kide da, eta bere lan didaktikoa, profesionala izateaz gain, oso garrantzitsua eta estimatua da. Mahai-inguru, biltzar eta sinposio askotan parte hartu du. Mundu osoan ezagunak diren teknika kirurgikoen sortzailea, besteak beste, aipa ditzagun: "Makroantroa", belarriko zorne-jarioetan; "Hodiaren taila eta berreraikuntza", belarriko zorne-jarioetan; "Isopresioa", Menière-ko Bertigoan; "Mastoideen berreraikuntza eta hodia zementu akrilikoarekin", belarriko erradikaletan. Bide transtemporala Espainian sartu zuen akustikoko neurinomak erauzteko, eta kontserbatutako tinpanoaren eta mailuaren transplantea ere egin zuen.
Erref. Quién es Quien en Vizcaya.
