Pintoreak

Barbara y Balza, Joaquin

Pintore garaikidea; Laudion jaio zen (Araba), 1867ko abenduaren 18an. Heriotza datari dagokionez, adituak ez datoz bat. Etxean istripu bat izan eta sendatzen ari zela, agian Santanderren, ustekabean, bere buruaz beste egin zuen buruan tiro eginez. Hortaz, adituek bi data aipatzen dituzte: 1920 eta 1931. Hil zen egunari dagokionez, ordea, erabateko adostasuna dago: irailaren 10a.

Artista honen biografian oraindik hutsune eta dokumentu falta handia dago, eta horrek pertsona zuzen balioestea zailtzen du. Haurra zela marrazteko gaitasun handia zuelako nabarmendu zen, eta horri esker, Alday familia adarrak babesa eman zion; familia adar hori Urquijo adarrarekin lotuta zegoen. San Fernando Arte Ederren Akademian ikasi zuen, eta han egon zen matrikulatuta 1885etik 1891era. Irakasleen artean Federico de Madrazo izan zuen, kamara pintorea, erretratugilea eta Prado Museoko zuzendaria.

Garaiko beste artistek bezala prestigioa eta aitorpen ofizialak lortu nahi zituen, eta hortaz, Madrilen ospatzen ziren biurteko edo hiru urteko deialdietara aurkeztu zen. Arte Ederren Erakusketa Nazionalak deitutakoetara, alegia. Lehen aldiz 1890eko edizioan bidali zuen obra bat, ¿Qué habrá dentro? izenburua zuena. 1892an berriz aurkeztu zen, Último adiós izeneko lanarekin; urte horretan hirugarren mailako domina lortu zuen. 1895ean bi olio-pintura helarazi zituen: Retrato de señora, Paisaje eta Retrato del marqués de Villamejor, eta berriz hirugarren mailako domina eskuratu zuen. 1897ko deialdian bigarren mailako dominetako bat irabazi zuen Náufragos lanarekin, eta 1901eko deialdian azken aldiz lehiatu zen, margolan bakarrarekin.

Mende bukaeran Bartzelonako Arte Ederren Erakusketa Nagusian ere hartu zuen parte, eta 1891ean ohorezko aipamena lortu zuen Último adiós lanagatik. Hurrengo urtean mihise bera Madrilgo Erakusketa Nazionalera bidali zuen. Bilboko Arte Erakusketan berriz erakutsi zuen, 1894an. Hirugarren domina lortu zuen.

1894an Erromako Arte Ederretako Akademian pentsiodun izateko lehen plaza lortu zuen, oposizio bikaina eta zorrotza gainditu ondoren. Urtebete geroago Italiako hiriburura joan zen, eta han estilo errealista landu eta finkatu zuen. Italia hegoaldetik iparraldera zeharkatu zuen, bertako maisu handien lanei buruz dokumentatzen. Beka-pentsio garaia bukatu zuenean ezin izan zuen hura luzatu, eta Madrilera itzuli zen 1899-1900 urte inguruan. Nolabait izen handia lortu zuenean, Madrilgo burgesiak erretratugile gisa jarduteko kontratatzen hasi zuen; gaitasun paregabea zuen modalitate horretan, ofizioan prestakuntza bikaina jaso zuelako.

1903an Maria Garavillarekin ezkondu zen, Laudioko Lamuza San Pedro elizan. Familiaren ekonomia indartzeko unea zen, arte enkargu aldakorren zain egon behar izanik gabe. Horregatik, Administrazio publikoko oposizioak prestatu zituen, marrazketa irakasle izateko. Esan denez, Kordobako Institutuan eskatu zuen plaza, 1903-1904 ikasturte inguruan, eta handik gutxira Gasteizko Institutura joan zen. Arabako hiriburuan denbora gutxi egon zen, eta azkenean Santanderrera joan zen; han bizi zen hil zen arte.

Santanderren bizitza sozial eta kultural interesgarria izan zuen: besteak beste, Marcelino Menendez y Pelayo idazle eta filologoaren laguna izan zen, baita Alcalde del Río zientzialari eta arkeologoarena ere; azken horrek El Castillo leizea aurkitu zuen. Kantabriako hiriburuan erantzukizun handiko lanpostuak izan zituen, baina ez zen Madrilgo intelektualen zirkuluetatik aldendu. Hala ere, badirudi azken urteetan ez zuela pintzelekin lan oparorik egin.

Historia, erlijioa, kostunbrismoa eta paisaiak marraztu zituen arren, Joaquin Barbara y Balza, oro har, erretratugilea izan zen. Inguruko lagunen eta senideen irudi bikainak osatu zituen, baita auto-erretraturen bat ere. Barbara y Balzaren obrak, historikoki, hilzoriko akademizismoz beteak zeuden; elokuentzia handiko eta pintore soilen marrazketa garbia garatu zuen, ez baitzen kromatismo ausartetan barneratu. Ereduak teknika garbiarekin daude osatuta eta islatuta, ikasketa pazientzia handiarekin, eta horrek ezaugarri fisonomikoak, oihalak, objektuak eta agertokiak modu egokian kopiatzea eragin zuen.

Zoritxarrez, pintore honen sormen jarduna ez da jaioterrian eta gainerako EAEn behar bezala ezagutzen. Albiste gutxi gorde dira. EAEtik goiz aldendu zen, marrazketa irakaslea izan zen eta ekoizpenaren zati handiena enkargu partikularretan egin zituen (batez ere erretratuak). Horregatik, eta beste arrazoi batzuk direla medio, ez zaie lan horiei merezi duten arreta eman.

  • GARCÍA DÍEZ, José Antonio. La pintura en Álava. Gasteiz: Vital Kutxa, 1990, 98-103 orr.
  • MORENO RUIZ DE EGUINO, Iñaki. Artistas vascos en Roma (1865-1915). Donostia: Gipuzkoa Donostia Kutxa, 1995, 298-307 orr.