Tolosako herrian sortu zen 1911ko otsailean. Sustatzaileak bertako ugazaba eta industrialariak izan ziren. Bere hasieratik nabaritu daiteke erakunde berriaren helburua eskualdeko interes industrialentzako baliagarria izatea zela, sortzaileek, Administrazio Kontseilukoek eta lehen momentuko akzionistek Tolosa inguruko industria sektoreari lotutako pertsonak baitziren. Sortze eskritura publikoan Ladislao Zavala (gero Gipuzkoako Foru Aldundiko lehendakaria izan zena), lanbidez abokatua; Francisco Zubeldia ugazaba eta Gervasio Aramburu eta Gregorio Media industrialariak daude. Bere lehen Administrazio Kontseilua, Zubeldia, Aranburu eta Mendia bultzatzaileak ezik, Pedro Limousin, Joaquin Elosegui eta Juan Uquiola industrialek osatzen zuten, guztiak Gipuzkoako herri hartako biztanleak.
Tolosaldeko industriekin akziodunen harremana garbi geratzen da industrialarien partehartzearekin ez solik bakoitzak bere izenean baizik eta papergintzako enpresen bidez hala nola Araxes, Echezarreta, Ruiz de Arcaute y Cª edo Eloseguitarren txapel lantegia bera, Bankuko akziodunak ere izan ziren.
Tolosako bankuak, gainera, eskualdeko baserritarrak erakarri nahi izan zituen, bere finantza emendioak kontuan hartzeko eta entitatearekin bat egin zezaten akziodun modura edo etorkizunean bezero gisa. Zerbaitegatik 1911ean nekazaritzari lotutako zeregina funtsezkoa zen alta industriaren garrantzia ingurunean garai hartan. Hortaz, bere lana hasi orduko, baserri munduari deialdia egin zion euskaraz era arras adierazgarrian. Merezi du Tolosako bankuan euskal nekazari zintzoei igorritako idazki hartako lehen lerroetan arreta jartzea (Tolosako Bankuba: Euskaldun nekazari zintzuak), bankuen garrantzia eta adierazten zuen aberastasuna azpimarratzen zuena:
“Urruti eta toki ezkutuetan bizi zareten baserrietaraño irichiko zan noski, erri aundi, oraindik zuetako geyenak izenez baizik ezagutzen ez dituzutenetan, badaudela eche batzuek BANKUBAK izendatzen diranak, eta Donostiyan, Bilbon eta orrelako beste erriyetan izan zaretenak, ikusiko ziñituzuten eche aundi, eder eta apañak, letrero ederraz adierazitzen dutela, Banku ayetan peseak milloika dauzkatela.”
Parrafo honek eta gainontzeko testuak, agerian jartzen du garai hartan banku gabezia zela ezaugarri orokorra, batez ere probintziako herri eta herrixketan. Gogoratu behar da urte hartan, 1911, Gipuzkoan soilik 1899ean sortutako Banco Guipuzcoanok zituela sukurtsal gutxi batzuk probintzian. Bestalde, 1909ean sortutako Banco de San Sebastianen presentzia probintzian hutsaren hurrengoa zen oraindik ez baitzen abiatu ere, 1912en ireki zuelarik bere lehen sukurtsala probintzian (Irunen). Horrengatik. Tolosako bankua erabateko berrikuntza bat zen, zeren herri hartan Banco Guipuzcoanoko bulego bat besterik ez baitzegoen, 1906ean zabaldua. Baino Tolosako bankuak bereganatzeko asmoarekin bideratu zezakeen bezero multzoa oso txikia zen. Bankuaren helburua inguruko industriak, ugariak ekoizpen unitateetan baino tamaina urrikoak, sor zezakeen merkataritza eragiketarako onuragarria izatea eta era berean haietaz baliatzea bazen, bere lan eremua anitz laburra zen. Hortaz zentzuzkoa da hasiera-hasieratik baserri giroko bezeroak lortzen saiatzera, eskualdeko ekonomian bere munta garrantzizko baitzen oraindik.
Xehekakoak izan arren ugaria izango zen akziodun multzoa erakarri eta bezeroak beregana lotzeko asmoa garbi geratu zen Tolosako Bankuko akzioen izendegian. Hasierako kapital soziala miloi t´erdi pezetetan finkatu zen, 25 pezetako balioko akzioetan banatua, beraz bateren bat erostea eskuragarria zen eta horrela akzionista kopurua, handiak eta txikiak, zabala izatea. Izan ere akzioen harpidetzan izena ematea azkar lortu zen eta ia guztia Tolosako herritarrekin.
Garai bereko Gipuzkoako beste finantza erakundeekin alderatzen baditugu zenbaki hauek, tartea handia da. Adibide, 1909ean sortutako, Banco de San Sebastianeko kapital soziala 10 milioikoa zen eta bere akzioen balio nominala 250 pezetakoa zen. 1899ean sortutako Guipuzcoanoko kapitala 5 milioikoa zen, azkar handitu zena, eta bere akzioen balio nominala 500 pezeta.
Lehen urteetan, zeukan kapitala mugatua izan arren, Tolosako Bankua I Mundu Gerra garaiko egoera ekonomiko onaz profitatu ahal izan zen. Bere eragiketen kopurua 1911ko 27 milioietatik 79 milioira iritsi zen 1915ean eta 276 miloi bost urte beranduago. 1915tik aurrera kontabilitate balantzeetan bere erreserbak kontuan hartzen hasi ziren. I. Mundu Gerrako onurazko ondorioak erakundearen beste banku-adierazgarri batzuetan ere nabaritzen hasi ziren, inguruko industriak bizi zuen une onaren ondorioz. Mozkinak 1915ean ozta-ozta 20.000 pezeta izatetik ia 150.000 izatera igaro ziren 1920ean, 330.000ra hazi arte oraindik 1925ean. Alabaina, beste hainbat erakundetan bezala, 20. hamarkadaren amaierako larrialdia Tolosako Bankuan ere nabaritu zen. Bere balio erlatiboen mailan, 1930ko mozkina 1925koa baino ia %15 gutxiago zen.
Bere jardueraren lehen 15 urteetan jasandako hazkundea arren, kapital soziala ez zen handitu. Soilik, 1942an bikoiztu zen akziodunen Batzordeak hartuko erabakiez. Urte horretan, gainera, Tolosako Bankua eta Bilboko Bankuaren arteko hitzarmen bat izenpetu zen. Ordutik aurrera, gipuzkoar finantza erakundea hein handi batean bilbotar bankuaren menpe egon zen.
Bilboko Bankuarekiko zuen menpekotasunak Tolosakoak bestearekin bat egitea susmarazten zuenean, azkenean Banco Central izan zen, 60. hamarkadaren amaieran, erosi zuena gipuzkoar erakunde xumea, 50 urtetik gora lan egin ondoren. Horrela Banco Centralak bulegoak ezarri ahal izan zituen gipuzkoar herrian, soilik Tolosako Bankua erosketaren bidez, zeinen kapitala orduan 40 miloi t´erdi pezeta ziren eta gordailutzeak ia 715 milioietara iristen ziren.
Horrela amaitzen zen gipuzkoar tokiko banku baten historia, Tolosako industrialari talde bati esker eratu zena, eskualdeko industriaren finantza zereginetako eta baserriari lotutako bertako jende xumearen euskarri izateko sortua. Tolosako Bankuaren hedapena eskualdetik kanpo ez zen sekulan kontuan hartu bere jardueretan. Bere bidea, bere kapital eskasiak baldintzatutakoa, tamaina handiagoko erakundeekin ezin lehiatu zuelarik, bere hasierako helburuak betetzeko nahikoa izan zen. Bere urre-eztaiak bete ondoren, Tolosako Bankuak desagertu behar zuen banku sektorearen bilakaeraren ondorioz, 1911ko inguruabarrekin zerikusirik ez zuena.
