Olerkariak

Arana Ezpeleta, Juan

Aitzol zenaren eraginaz, Euskaltzaleak elkarteak antolatuta, zazpi Olerti-Egun ospatu ziran, 1936ko gerra piztu bitartean. Lehena 1930ean, Errenterian, Lauaxetaren Maitale kutuna sariztatu zela. Hurrengo urtean Tolosan, Lizardiren Urte-giroak ene begian olerkiak eraman zuen lehen saria. Eta 1932an, Hernanin antolatua, Loramendiren Barruntza-leyoan izan zen garailea3. Aitzolek berak dio Euskal Olerkiak. 1932 lanean Loramendik 1931ko norgehiagoketara ere bidali zuela bere ekarpena, Arrantzalien arrats-otoitza olerkiarekin. Eta lehen saria eraman ez zuen arren, onenekotzat jo zuten eta bildumaren bigarren tomoan sartu zen olerki hura. Urtebete beranduago, ordea, sari nagusia eraman zuen Barruntza-leyoan tituludunarekin. Loramendi berezko merituaz euskal poeten nominan zegoen ordudanik.

Jose Aristimuño Aitzolek idatzi zuen:

"Arrantzalien arrats-otoitza euskal arrantzalearentzako eupazko abesti bulartsua da. Aren besoaren indarra, aren bular ta kemena ditu kantagai, aren elizkoitasuna, batez ere. Poema txiki biotz-oldarkoia dala esan daiteke. Ondarribiko lekaidetxean ikasle zeneko olerkia da nonbait au; itsasoak eta itsas-gizonen bizitzak "Loramendi"-ri eragindako biotz-zarrazta. Or agertzen bait zaigu olerkari, itsasoa ola ikusten zekian gaztea, baita arrantzale euskalduna maite zuan eusko abertzale zintzoa, aien tresna ta izkuntzaren berri ongi ikasita bait da".

"Aitzol"-en suposamenduari jarraiki, Loramendik olerkia konposatu zuenean 20 urte izango zituen. Hona hemen ahapaldiren batzuk:

Kantauri-itxaso, Kantauri-itxaso,
eusko zangarren ekin, eraso:
zure orruak
ekaitz nastuak
arrantzalien azken orduak
gotargi beroz nai ditut jaso.

...

Ara non diran arrai-ontziak
su-buru beltzak keaz nasiak:
ara goi-bera
keaz batera
saiets-ezurra pitsez leuntzera
barren orrazten moltso gaziak.

...

Miren Ederra, Miren Garbia
arrantzalien Ama Eztia
zure aur onak
itxas-gizonak,
enda zarraren txertu sakonak
bekarkizute ale gorria.

Barruntza leioan izan zen Olerti Eguna 1932ko edizioaren irabazlea.Aitzolek olerkiaren mugaketa egitean idatzi zuen:

"Zearoko biotz olerkia. Olerki ontan dana da barrukoi, biotz-barreneko txokorik izkutuenean gordea. Dana da yainkotiar... Auxe da "Loramendi"ren olerkilanik gurenena"

Eusko Olerkiak. 1932. Aitzolen idazkian aurkitzen dugu, bestalde, bedoñatarraren eta Lizardiren literatura ekarpenen arteko diferentzien deskribapen zehatza. Oso interesgarria da, euskal bi poeta hauen mamia hobeto ulertzeko:

"Lizardiren besterakoa genuen Loramendi. Aren eta onen bideak alkarren aurkakoak ez badira ere, oso dira banakoak. Lizardi zaintsua, gogai sakonak soil yalkitzen zituana, irudi bakan-bakan aukeratuak gorri-yator ematen zekiana... Loramendi, ostera, yarei darabil irudimena ta bere gazte-iturburuko etorria ibaika dioakio neurtitz oparo ozenetan".

Ikus dezagun nola aritu zen Fray Joaquin de Bedoña, ikurtzat Zilarrezko Hostoa zeukan saria bereganatzeko:

Loak ar bitza, loak ar bitza gudozte-kantak,
dunbost zakarrak beude gaurdanik ixilean...
Zarata orde, otsera bitez, biotz ormetan,
Lelo xamurrak, argiz ez ezik, gau beltzean.

...

Maitasun-izpiz urtuki dago nire gogoa;
zenbat jaramon, ainbat biotza goriago,
ta argi-dirdaiak lilura duan txoriñoa lez,
galda zuritan, eguzki orri begi nago.

...

Ta abesti orren oiartzunera, pizkor genuzke
maite-eguerdien egon luze ta bazkal-mintzo.
Ta arratsaldeak, izpi euritan, lekarzkiguke
Maite-koluxken izar zuri ta zorun-ardo...

Gurasoei bere garaipenaren berri eman zien, Iruñetik 1932ko abuztuaren 12an bidalitako eskutitzean, modu bitxian, gainera. Merezi du irakurtzeak:

"Don Ferminek4 garbi bezain argi esango zizuten nire berriak... Gañera "Zeruko Argia"-n ere ikusiko zenuten onezkero... Orregatik etzegon zergatik nik eskribitu. Periodikuak ere amaika gauza ekarri dute, eman nai dizutedan berri orrezaz... Entzun dezute sari bat eman didatela. Egia ote da gero?... Egia al dan?. Nire begiak oker ezbadaude behintzat, bai orixe! Ikusten nago, aurrean daukat-eta. Eta zergatik eman didate neri sari au?. Irabazi ez detalako ez da izango behintzat, orrelako pitxiak ez dira nolanai botatzen-ta. Bai, irabazi detalako eman didate: Euskal-Erri guziko olerkari guzietatik (poeta) nik irabazi det lenengo saria. Eta jakin bear dezute oso gaitza zala sari ori irabaztea, ez du edozeñek eramaten. Bada, Euskal-Erriko olerkaririk oberenak borroka ortan izaten dira. Ezagutzen dezute, "Zeruko Argia"-n atera genuen-ta sari au irabazi zuen nire olerkia. Gaitz xamarra izango zuek entenditzeko: Jakintsuentzat egiña da-ta, ez-ta arritzeko..."

Gurasoenganako ageri zuen maitasun osoaren sentimendua aurreko lerroek lausotzen dutela esan al liteke?. Harropuztu al zen Fray Joaquin de Bedoña sariarekin?. Eskutitz horren estiloari bagagozkio baietz aitortu beharko litzateke, baina pertsonen erreakzioak ez dira neurtzeko errazak eta uneko aitorpen solteek ezin dute, inondik ere, inor betiko epaitu. Eta Juan Arana Ezpeletak sakon maite izan zituen bere gurasoak, bizi izan zen bitartean. Berak lerro batzuk geroago baieztatuko duen moduan:

"Saria zertarako bear detan? Zuei emateko, zenbaterañoko maitasuna diotzutedan ikus dezazuten... Artu, nere guraso ta anai-arreba maiteak, biotz onez eskeintzen dizutedan maite-erakutsia..."

Bihotzeko aitorpena egin ondoren beste azalpen bitxi asko ematen dizkie aita-amari eskutitzean:

"... Egia esan bear badizuet (nere gurasoak zerate-ta) hamaika txalo jo diote... Izugarrizko jai eder bat egin zuten irabazi nuenean Ernanin. Meza emana izan banintz ni ere jai ortara joango nintzan, baña oraindio ez. Nere ordez beste iru Aita joan ziran eta aiek jaso zuten saria. Baña galdetzen badidazute nolakoa dan sari au, egiz eta zintzo: baliteke zuei ez gustatzea, itxuraz beste edozein gauza bezelakoa da-ta. Larru-gorrixta batean josirik zilarrezko aritz abar bat. Ori besterik ezbada, esango dezute zuen kolkorako, ori besterik ezpada... beste edozein gauza obe da, batez ere diru mordo bat... Baña horrela pensatzen badezute gaizki zabiltzate, oso gaizki, gauza guzi oiek baño askoz balio aundiagokoa da-ta..."

Jarraian, dena den, Loramendi ausartu egin zen balorazio bat egitera, dirutan, "mila baño askoz geyago pezeta balio ditu" Eta sari-ikurra ahal bezain azkarren bidaliko diela agintzen die, izan ere "baliteke errepublika onek baliozko gauzak guri kentzea"

Fray Joaquin de Bedoñaren osasuna makaltzen joan zen 1932ko urte hartan, nahiz eta gurasoak ez zituen kezkatu nahi izan: "ederto jarri naiz". Ez zen horrela, eta lau hilabete geroago -abenduaren 8an- horrela aitortu behar izan zien:

"egun auek arte, aspalditik oso ondo nebillen; asko irabazia nengoen. Baiña egun auetan zerbait galdu det; lau egun ogean egon naiz buruko miñez eta sukar (fiebre) pizka batekin (38º) Orain jeikirik nabil baiño makal xamar eta pizkat meetua"

Eskutitz hori da, Loramendik gurasoei igorrietatik nik daukadan azkena, eta larri idazten die, bederatzi egun geroago diakono ordena hartuko zuela adieraziz, eta laster meza berriko eguna etorriko zitzaiola abisatuz. Hori dela eta, lehen bai lehen Iruñera norbait hurbiltzea eskatzen zuen, ahal izanez gero aita edota Xanti anaia nahiago zituela azpimarratuz. Eta amaitzen du idazkia:

"Vitoriako anai-arreben ezertxo ere ez dakit. Eskribitu gura neuzkie, baiña zuzentzarik ez dakit. Beraiek ere ixilik daude eta ez dakit gero zergatik. Eta orain nekatu naiz hainbeste eskribitzen, ordu bete osoa baitaramat. Barkatu olako euskera zastrala. Gura-ta egin dizutet, dana entenditu dezazuten."

Eta sinatzen du "Bedoña'r Joakin

Osasunean ez zela suspertzen ikusita, Iruñetik Donostiako klinika batera eraman zuten. Ebakuntza egin zioten berehala, baina peritonitis eraso batek zeharo jota utzi zuen eta heriotza etorri zitzaion, 1933ko martxoaren 23an5. Hilabete eskas geratzen zitzaion bere lehen mezarako.

4Fermin Fernandez de Arroyabe, Bedoñako erretorea zen.

5"Lizardi" zena hamabi egun lehenago hil zen, martxoaren 12an, alegia.