Konposatzaileak

Aldave Rodriguez, Pascual

1924ko ekainaren 22an Lesakan jaiotako konpositore nafarra, 51eko belaunaldia delakoaren partaide.



Jaioterrian ekin zion musikari Victor Albistur organistaren eskutik. Aldiz, Salvador Radarekin jaso zituen pianoko oinarrizko ezagutzak eta berak prestatu zuen Bilboko Musika Kontserbatorioko ikasle aske azterketara aurkezteko. 1947an Lesakako parrokiko organista izendatua izan zen eta bertan sortu zuen Santa Maria Abesbatza. Ondoren, 1949an bere prestakuntzarekin jarraitu zuen Bartzelonako Goi Kontserbatorioan eta bere ikasketa ofizialak Donostiko Udal Kontserbatorioan bukatu zituen, Jose Maria Iraolarekin pianoa ikasiz, eta Francisco Escuderorekin harmonia eta konposiziokoa.

1974tik Madrileko San Fernando Arte Ederretako Errege Akademiaren kide da.

1954 eta 1973 urteen artean Parisen bizi izan zen, bertan hobetu zituelarik bere musika ezagutzak: konposizioa Nadia Boulangerrekin, pianoa Agnelle Bundervoët eta Andrée Bonnevillerekin, orkestrazioa Jean Françaisekin eta orkestra zuzendaritza Eugène Bigotekin. Frantziako Gobernuaren beka bati esker, piano errezitalak eskeini zituen Londres, Paris, Madril eta Donostian. 1958 eta 1966 urte bitartean bere jarduera artistikoa eta Frantziako hainbat ikastetxetan eginiko Musikaren Historiaren irakaskuntza uztartu zituen. 1967 eta 1973 urteen artean Frantziako Irrati eta Telebistako Orkestrarekin musika arloan elkarlanean aritu zen. Nafarroara itzuli zenean Iruñeko Pablo Sarasate Kontserbatorioko zuzendari postua bete zuen 1973tik 1983ra bitartean. Kontserbatorio honetako ganbera-orkestra eta korua sortu zituen eta honez gainera, Eslava, Remacha, Berlioz, Charpentier eta Stravinski bezelako autoreen lan sinfoniko-koralak ezagutarazi zituen. Nafarroako herri nagusienetan eskeinitako kontzertu asko estreinaldi bereziak izan ziren Espainian. 1976tik eta 1982ra bitartean, Luis Tabernarekin organoa ikasi zuen. Aurelio Sagaseta nafarra bezelako autore batzuk Aldaveren lana Ravelenarekin alderatzen dute eta XX. mendeko estetika erradikalenetan murgildu gabeko norabide abangoardista bat jarraitzen duela ziurtatzen dute.

CRG 2003

  • Akelarre, bi zatitan banaturiko partitura burleskoa: Jaun de Alzate eta La dama de Urtubi (4 ahots eta orkestra) (1983-91).
  • Ave Maris Stella (1953)
  • El Cristo ibérico (1963-67)
  • Paráfrasis del Aleluya, VI. tonua; Aleluya (1976)
  • Pelegria naiziela (1978)
  • Himno de Navarra (1988)
  • Navarra, historia y camino (1992)
  • Agerraldi Bakikoa (bakotar eszena) (1993-95)
  • Sorginen Agerpena (1994-5).
  • Oi Bethleem (1980)
  • Nerabe Sorta (1990).
  • Epitafio de Don Quijote (1952)
  • Tríptico del amor (1952-96)
  • Nana del niño muerto (1956); No me mueve mi Dios; Ez dukezu O María; El trapero (1959)
  • Díptico errenazentista (1977)
  • Zer egin dizut nere herri? (Popule meus) (1960-77)
  • Perfección (1984)
  • Benedicta es tu (1986)
  • Negro Spirituals (1993).
  • Nafarroko (1949)
  • Romance de Fuenteovejuna (1951)
  • Azul, azul! (1952)
  • Tú me mirarás llorando (1957)
  • Tríptico renacentista (1961-93)
  • A mi primer nieto (1961-94)
  • El lagarto está llorando (1962)
  • Las doce en el reloj (1984)
  • Los inmortales (1986).
  • Tres cantilenas vascas (1968-89).

CRG 2003

  • SAGASETA ARIZTEGUI, Aurelio: "Aldave Rodríguez, Pascual". Non: Casares, E. (zuz.): Diccionario de la Música Española e Hispanoamericano. Madril, Egile eta Editoreen Elkartea, 1999. 1. t., 239 or.

Bere lan batzuk Eresbileko artxiboan daude.

KSE 2008