Xabier Gereño.
Idazlea eta ekonomista. Bilbon jaio zen 1924ko abuztuaren 12an, eta hiriburu berean hil, 2011ko apirilaren 8an.
Peritu eta merkataritza-irakasle izateko ikasketak burutu zituen (1945), eta La Aeronautica S.A. enpresan lan egin zuen 33 urtez. 1980 eta 1988 artean, Euskaltzaindiko kontabilitatea berrantolatu eta gauzatu zuen. CINSAko arduraduna izanik, 42 disko editatu zituen, euskal musikarekin. Bi urtez, euskaraz ikasteko programa bat prestatu zuen, TVErako. Euskarazko antzerkien dinamizatzailea izan zen, 1960. urteaz geroztik. Hainbat aldizkaritan aritu zen lanean, Txistulari eta Anaitasuna, besteak beste, eta, horrez gain, Dantzari aldizkariaren lehenengo 12 aleak zuzendu zituen. Euskaltzaindiko kide izan zen 1965. urtetik, eta ohorezko kide 1999. urtetik. Euskararen batasuna edo euskara batua defendatu zituen beti.
Haren lehenengo liburua Arantza artean (Itxaropena argitaletxea, 1969) eleberria izan zen, eta ordudanik hamarnaka narrazio eta obra argitaratu ditu. Hizkuntza erraza erabiltzen zuen, euskarazko ikasleek ere irakurtzeko gai izan zitezen. Polizia-eleberrietan edo misteriozko istorioetan espezialista zen. Napoleon, Mahoma eta Zumalakarregi jenerala bezalako pertsonai historikoen biografiak ere argitaratu zituen. 1976. urtetik aurrera, ia lan guztiak berak editatzen zituen.
1975ean Diccionario escolar argitaratu zuen, 1981an Diccionario Vasco-Hiztegia, eta 1992an Gran Diccionario General. Método facil para aprender Euskara básico delako gida bat idatzi zuen. 1983an argitaratu zen, eta bost liburuz osatua zegoen. 2000an, bere antzezlan-liburuen bildumako 29. liburukia argitaratu zuen.
XX. mendeko 90. hamarkadan, gaztelaniazko narrazioak argitaratzen hasi zen, adibidez: Residencia Rochester (1994) eta Huyendo del pasado (1995) intriga-istorioak, eta Carta fatal (1994) espioitza-nobela.
Idazle emankorra izan zen, 70 obra baino gehiago argitaratu zituelarik.
- Armiarma. Literaturaren Zubitegia."Xabier Gereño". [Kontsulta data: 2011ko apirilaren 11].