Nafarroako erregea (1479-1483), Bearnoko bizkondea (1472-1483), eta Foixeko eta Bigorrako kondea.
Gaston Foixekoa (Vianako printzea) eta Frantziako Magdalena izan zituen guraso. Azken hori Frantziako Karlos VII.aren alaba zen eta Luis XI.aren arreba, aitaren oinordekotza hartuko zuen gizasemea alegia.
Frantzisko Febus edo Frantzisko I.a Foixekoa Nafarroako koroaren oinordeko bihurtu zen 1470ean aita hil zitzaionean eta 1479an bere amona zen Leonor I.a erreginaren lekua hartu zuen tronuan. 11 urte zituela hasi zuen erregealdia, amaren ardurapean, beronek erreginaorde gisa jardun baitzuen.
Frantziako Magdalenak Pauen bizi zen eta erresuma zuzentzeko Lassalleko edo La Salako Juan (Conserans-eko gotzaina) eta Pees Miguel (teologian maisua) bidali zituen ordezkari militar gisa. Horiez gain, gobernu gaietarako, bere koinatua zen Foixeko Pedro kardinalaren laguntza zuen.
Erreginaordeak eta bere semeak Luis XI.aren babesa zuten, Fernando "Katolikoa" erregearen etsaia zena. Nafarroan, agramondarren laguntza zuten; baina, beaumondarrak, Fernandoren zuzendaritzapean, etengabeko arazo-iturri ziren. Beaumondarrak ez ziren Gorteetara bertaratu erresumako ordezkari militarrek zin egin zutenean, eta erreginaordeak Fernandorekin tratua egin behar izan zuen, talde horrek ez zezan bere seme Frantziskoren gobernua oztopatu. Agoitzen sinatu zuten ituna, 1479ko udan. Horren bidez, Fernando erregeak hitz eman zuen beaumondarrek Frantzisko erregea onartuko zutela, eta, ordainetan, gotorleku garrantzitsuen (Viana, Zangoza eta Tafalla, esaterako) merioek eta amabiek gorazarre egin behar zioten, baita Azkoiengo Piarres agramondarren buruak ere, Tuterako gaztelua eta gotorlekua zituena. Hilabete beranduago, agramondarren eta beaumondarren arteko su-etena etorri zen, eta Leringo kondeak beaumondarren aldeko baldintza gogorrak ezarri zituen. Handik urtebetera, Leringo kondeak berak hautsi zuen su-etena, Nafarroako Felipe mariskala hil baitzuen, eta bi bandoen arteko gerra zibila piztu zen.
agramondarren eta beaumondarren arteko su-etena adostu ostean, erreginaordeak Foixeko Pedro kardinala (infantea eta erregearen osaba zena) izendatu zuen Nafarroako ordezkari militar eta erregeorde. Frantzisko oso gaztea izan arren, Foixeko Pedrok hura koroatzea proposatu zuen, eta 1480ko urriaren 20an, Gorteak deitu zituen Iruñean, errege gaztearen etorrera prestatzeko. Frantzisko Febus Iruñean sartu zen 1481eko azaroan, eta katedralean koroatu zuten, abenduaren 8an. Abenduaren 24an, Foruak zin egin zituen Tuteran, eta, gero, Olitera joan zen, Gorteak bertan ospatzen ziren eta. Bearnora itzuli zen 1482ko otsailean, eta Foixeko Pedroren agindupean geratu zen gobernua.
Bitartean, erresuman liskarrak areagotuz zihoazen. Pedro kardinala eta Jaime infantea Leringo kondearen eta eraildako Piarres mariskalaren anaiaren asmoak baretzen saiatu ziren. agramondarrek zein beaumondarrek erresumako hainbat gaztelu eta gotorleku hartu zituzten, euren esparru estrategikoak indartu nahian.
Nafarroako erresumatik kanpo, Fernando "Katolikoak" bere alaba Joana (Joana "Eroa" ezizenez ezaguna egin zena) Frantziskorekin ezkontzeko ahaleginetan zebilen. Frantziako Luis XI. erregeak, bere aldetik, babestu egin zituen Joana "la Beltraneja" infantak Gaztelako tronua eskuratzeko zituen eskubideak, eta beraren ilobarekin ezkondu nahi zuen.
Frantzisko erregea Paueko gazteluan hil zen 1483an. Testamentuan Iruñeako katedralean lurperatua izateko borondatea adierazi zuen arren, Leskarreko katedralean (Bearno) dago ehortzita. Bere arreba Katalinak hartu zuen oinordetza, eta testamentuan, Frantziskok gomendatu egin zion Luis XI.aren babesa lortzen saia zedila.
- ALVAREZ PALENZUELA, Vicente Angel (koord.). Historia de España de la Edad Media. Bartzelona: Ariel, 2008. 3. argit.
- LACARRA DE MIGUEL, Jose Maria. Historia política del reino de Navarra: desde sus orígenes hasta su incorporación a Castilla. Iruña, 1972.
- LACARRA DE MIGUEL, Jose Maria. Historia del Reino de Navarra en la Edad Media. Nafarroako Aurrezki Kutxa, 2000. 2. argit.
- ORELLA UNZUE, Jose Luis. Historia de Euskal Herria. Tomo I. Los vascos de ayer. Tafalla: Txalaparta, 1999.
- SUAREZ FERNANDEZ, Luis. Fernando el Católico y Navarra. El proceso de incorporación del reino a la Corona de España. Madril: Rialp, 1985.
- USUNARIZ GARAYOA, Jesus Maria. Historia breve de Navarra. Madril: Sílex, 2006.