Dramaturgoak

Luku, Antton

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

San Frantzisko, 1959.

Antton Luku 1959an San Frantziskon (EEUU) jaio bazen ere, Amikuzen (Nafarroa Beherea) hazia eta hezia da. Batez ere antzerkiaren inguruan ibilitako autorea dugu berau (antzerkia idazten duen autore bakanetakoa), egun Donibane Garazin irakasle diharduena, ikasleei antzerkigintzaren misterioak helarazten dizkielarik beti ere.

1985-1990 artean Hiruak Bat taldean ibili zen antzezle legez. Antzeztetik antzerkia idaztera igarota, 1995ean Ezkonduko ditugu obra idatzi zuen teatrorako, eta 1996an kaleratu zuen arrakasta lortu zuen lehen obretako bat: Tu quoque fili. Antzezlan horrek Donostia Hiria merezi izan zuen, eta berdin gertatu zen hurrengo urtean, sari bera jaso baitzuen Lukuren Antso Azkarra edo Miramamolilnen esmeralda obrak. Tu quoque fili obrak belaunaldien arteko arazoak ditu ardatz, Baiona Tipiko gazteen jarrerak eta kaleko borroka azaleratzen direlarik.

Bestelako antzezlanak ere moldatu eta idatzi ditu Lukuk (beti ere tobera, karrusa eta euskal antzerki zaharraren funts eta errekurtsoez), batez ere lizeoko ikasleek antzez zitzaten, hala nola: Manuela, Gerezitzea, Doktor Novartis, Bishop klub, Globokop, Eroak?, Larzabal mugaz muga. Hiru punttu taldearentzat idatziak dira Hotel du Fronton, Lurra, Beltzeria, Escualdunac, Fauxto eta Baionan bizi. Antzerkirako egindako egokitzapenak ere sortu ditu Lukuk: Jasone Osoro autorearen Tentazioak liburuarena bat, eta Xabier Montoiaren Gasteizko hondartzak bestea.

Lukuren antzerkia ezergatik nabarmendu badaiteke iparraldeko antzerkia, bertsolaritza eta dantzari lotua ikustea da, eta horretan bere arte-dramaren oinarriak, horretan inauterietako ospakizunen sustatzea eta arraberritzea zein autoreak berak egindako libertimendu kontzeptuaren inguruko gogoetak.

Obra batzuetan (Gerezitzea eta Hotel du Fronton, kasurako) taula gaineko instalazio eta objektuen balio sinbolikoan eta pertsonaien arketipo izatean oinarritutakoak dira. Lukuren obra horiek, autorearen hitzetan, testuaren eta jokoaren arteko decalagea bilatzen dute, irudiaren poetikaz gainera. Beste batzuetan, aldiz, pertsonaiek balio dute berentzat bakarrik, fikzio bat kontatzen dute, eta posible izan behar dira gure ingurumenean, sinesgarri. Bitsuk darabiltza Lukuk, ezen hala dio: "Konbentzitua naiz eta Larzabal mugaz muga idatzi ondoan, gure iparraldeko antzerkiak bi jatorri dituela: karrusa edo tobera alde batetik eta komedia bestetik, Larzabalek biak sintetizatu zituelarik.

1998ko Botoiletan ipuin bilduman Ezterenzubin kokatutako ipuinak biltzen ditu autoreak. Antton Gomezek esana da (Euskaldunon Egunkariarako idatzitako kritikan) "mugakoak" direla Lukuren pertsonaiak liburuan, eta Lukuren ipuingintza beltza dela, Euskal Herri sakona, baserritarraren alderik gordinena, azalerazten duela idazleak bilduman. Etnografia eta mitologia ere jorratzen dira, halaber. Obra honetan, uraren sinbologia darabil idazleak. Idazteko moldeari gagozkiolarik, honelaxe dio Aingeru Epaltzak 1999an Hegats aldizkarian: "zenbait euskara-zaindari itzal handikorengandik hartu duen gaitzezpen sutsuak behin eta berriz erakutsi digu zailagoa dela ilargiari begiratzea, hatzari baino".

Euskal Kama Sutra (2000) ipuin erotikoen bildumako egileetako bat ere bada Luku.

Euskal Kultura? lanak 2008ko Juan Zelaia Saiakera Saria jaso zuen. Antzerkigintzan izandako esperientziatik abiatuta, Lukuk zenbait gogoeta egiten ditu kulturaren agerpenaren inguruko instituzio, tresna eta pertsonei buruz (bereziki Iparraldeko egoeraz). Ezen, egungo gizarte globalizatuan, kultur transmisioa arriskuan ikusten du egileak. Bukaeran, bere ustean aterabide izan daitezkeen jardun moldeak proposatzen ditu. Azkar korritzen duen testua da, bizi-bizia da, beti ere ekialdeko euskararen ukituak dituena.