Konposatzaileak

Mocoroa Arbilla, Eduardo Justo

Organista, zuzendari eta konpositore gipuzkoarra. Tolosan jaio zen 1867ko urriaren 13an. 1959ko urtarrilaren 30ean hil zen.

Modesto Letamendia eta Felipe Gorritirekin organoa, harmonia, kontrapuntua eta fuga ikasi zituen. Bere jaioterriko Orfeoiaren eta Udal Bandaren zuzendaria izan zen. Lehenengo taldeari hainbat sari eman zizkion abesbatzen lehiaketetan, Remigio Múgicak eta Secundino Esnaolak zuzentzen zituzten Pamplonés eta Donostiarra bezalako orfeoi baliotsuekin. Irakaskuntzan aritu zen eta benetako organista, zuzendari eta konpositore eskola osatu zuen. Ehun obra baino gehiago

idatzi zituen, erlijioso eta profanoen artean, organo, orkestra, banda eta korurako; oso ezagunak dira bere konposizio orfeonikoak: Egun sentiya, Epailetza, Domine, Gona gorria, Sorgiñoen dantza eta Euzkeraren eriotza. Sudun operaren egilea da, eta joera wagneriarrak antzematen dira bertan. Tolosako Udalak, 1942an, Mocoroa Hiribilduko Seme Kuttun izendatu zuen; Donostiako Orfeoiak eta "Felipe Gorriti" eskolaniak Ohorezko Zuzendari izendatu zuten, eta 1943an Alfontso X.a Jakitunaren Gurutzea eman zioten.