Industriak

Altos Hornos de Vizcaya

Sozietate Anonimoa. Bizkaiko Labe Garaien jatorria burdingintzako fabrika integraletan (Nuestra Señora del Carmen, gerora Bilboko Labe Garaiak, San Francisco eta Vizcaya) eta latorrizko fabrika batean (Iberia) aurkitu behar dugu.

Burdingintza arloko Bizkaiko hiru fabrika moderno horien azterketa (1882) XIX. mendean hasi zen eta XX. mendeko azken laurdenean indartu den polemika luze bat sorrarazi du. Hemeretzigarren mendeko Bizkaiko meatzetako ingeniarien ustez, Nerbioi ibaiaren ezkerretara kokatzen den burdingintzaren jatorria mineralaren esportazioak sortu zuen kapitalean gordetzen da. Tesi hori Bilboko ontziteriaren jatorria azaltzeko ere baliatu zuten eta Bilboko Bankuaren mendeurrena zela-eta kaleratutako liburuan jasotzen da; eta gerora ere, hainbat historialari garaikide tesi horren alde agertu dira. Dena den, 1882 inguruan sortu ziren burdingintzako hiru fabrika handi horien akzionistak aztertzen baditugu, ezinezkoa zaigu baieztatzea horietan inbertitutako kapitala nagusiki meatzaritzara bideratu zenik. Bizkaiko sektore ekonomiko gehienetan agertzen diren inbertitzaileak (burdingintza arlokoak barne), aldi berean meatzetako jabe zirenak, garai horietan %26 baino ez ziren. Beste ikerketa batzuetan azaldu denez, meatzetako mozkinen zati handi bat atzerriko sozietateek bereganatu zuten; horrez gain, bertan geratutako mozkinaren zati nahikoa handi bat jabedunek errentadun bizitza izatera bideratu ziren.

1854 inguruan Ybarra Hermanos sozietateak fabrika nahikoa modernoa ireki zuen "Barakaldoko basamortuan". Bertan Chenot labeak ezarri ziren, munduan funtzionatu zuten lehenengo eta ia bakarrak. Labe garai eta findura jo beharrik gabe burdina gozoa ekoizteko sistema zen hura. Denboraren poderioz sozietateko kide izan ziren Jose Vilallonga, Mariano Vilallonga, Cristobal de Murrieta eta Jose Javier Uribarren, Ybarra Hermanos y Compañia (Ybarra anai bi eta Cosme de Zubiria) delakoarekin batera. Ybarra anaien espiritu berritzaileari esker, 1857an (oso goiz) Bessemer bihurgailu bat muntatu zuten Guriezoko (Santander) fabrika txikian. Nolanahi ere, proiektua alde batera utzi zuten, izan ere, haien asmoa bihurgailu horrekin burdina gozoa lortzea zen eta ez altzairua. 1882an Nuestra Señora del Carmen fabrika modernizatu eta burdina eta altzairua ekoizteko Bilboko labe-garaien fabrika bilakatu zen (Bilboko Labe Garaiak), hamabi milioi eta erdi pezetako kapitala zuelarik. Akzionista gehienak eta inbertitutako kapital gehiena Euskal Herriko mugetatik at iristen zen (%50 Madrildik, %36,5 Bizkaitik, %11,2 Bartzelonatik eta %2,40 Londresetik). Bizkaiko eta Londreseko kapitalistak (Ybarratarrak eta Murrietarrak hurrenez hurren) burdinazko meatzaritzarako interesa zuten; hala ere, Bilboko Labe Garaien eraketari oinarri oinarrian egindako ekarpena aurrez ziren bi burdingintza-enpresen aktiboetan bilatu behar dugu (Nuestra Señora del Carmen, Barakaldo; eta Guriezoko fabrika, Santander), horri %10 gaineratu behar zaiolarik.

Francisco de las Rivas y Ubieta, 1882an, hura erosi ostean, II. karlistaldiaren aurreko proiektura itzuli zen, hau da, The Cantabrian Iron Company Limited sozietate britainiarrera itzuli zen, burdingintzako planta bat altxatzeko. Francisco de las Rivas Madrilen bizi zen, nahiz eta jatorriz bizkaitarra izan, Enkarterrietakoa. Bere jabetzako zati handi bat Isabel II erreginak agintzen zuen garaiko desamortizazioetan izandako partizipazioei zor zien. Murrietako markesaren lehen semeak 1886an San Francisco bere lehengusu Jose Martinez de las Rivasi saldu zion. Lehengusuak Astilleros del Nervión sortu zuen Charles Palmerrekin batera.

Urte berean (1882) industriari eta merkatariz osatutako beste talde batek eta Perdo P. de Gandarias y Navea meatzariak Sociedad Anónima de Metalurgia y Construcciones Vizcaya eratu zuten Sestaon, La Vizcaya izenez ezagunagoa dena, Bilboko Labe Garaien antzeko kapital batekin. Kasu horretan, meatzaritzaren sektorean interesa zuten akzionistak gehiago ziren; dena den, oraindik ez ziren erdia baino gehiago.

Gipuzkoarrez osatutako talde batek, Francisco Goitia buru zutela, Beasainen latorrizko fabrika bat instalatu zuten. Hala ere, laurogeiko hamarkadaren hastapenean Nerbioi ibaiaren ezkerraldean burdingintzako garapen garrantzitsu bat zegoela ikusita, La Vizcaya arestian aipatutakoaren jabeen eskutik zenbait lur eskuratu zituzten enpresa horretatik hurbil. Modu horretan, Goitia y Compañia enpresa sortu zuten, 1890ean eraldatu eta Sociedad Anónima la Iberia izango zena. Enpresa horrek lehengaia La Vizcayatik hartzeko eta latorrizko ekoizpenaren ondorio ziren hondakinak (txatarra) bertan saltzeko konpromisoa hartu zuen.

Burdingintza modernizatzeko xedez inbertitu ziren kapitalak hainbat lekutatik eratortzen ziren (bankua, aurrez zegoen burdingintza, errentadunak, merkatariak, meatzaritza; Madril, Bizkaia, Bartzelona) eta barne-merkatuan jartzeko burdingintzazko produktuak eskuratzeko asmoz egin ziren inbertsio horiek, ez esportaziorako. Burdingintza arloko enpresariek bazekiten Espainian eskaera handia zegoela, besteak beste, errail, hodi, habe, profil, plantxa eta zutabeei zegokienez, eta eskaera hori kanpotik asetzen zen nagusiki. Botere politikoa (Errestaurazioko sistemaren bidez, sarritan, hartako parte garrantzitsu izaten zirelarik) limurtu nahi izan zuten Espainiako siderometalurgiako industria babes zezan, izan ere, gehienean inportatu egiten ziren ondasun horiek, Espainian ekoizten ziren okerrago edo hobeto; eta azkenean, limurtzea lortu zuten. Muga-zerga ezarrita protekzionismoa bultzatu zen; horren ondorioz, atzerritarrak barne-merkatutik irten ziren, modu horretan, inportazioak ordezteko praktika bat abia zitekeen. Politika protekzionistei esker (muga-zergak 1892, 1902,...), siderometalurgia garatu egin zen eta horrek ondorio positiboa izan zuen burdingintzan, izan ere, lehenengoari bigarren horrek ematen zion lehengaia (totxoak, lingoteak, altzairuak...). Horrenbestez, XIX. mendearen amaieraz geroztik, siderometalurgiaren garapenak zerikusi handia zuen burdingintza arloko fabriken interesekin. Lotura hori 1959an hautsi zen Egonkortze-Planaren eraginez.

1902an, Bilboko Labe Garaiak, La Vizcaya eta Iberia batu egin ziren Sociedad Anónima Altos Hornos de Vizcaya (Bizkaiko Labe Garaiak) sortzeko, 32.750.000 pezetako kapital batekin, gehiena Bilboko Labe Garaietatik eratorria.

Bizkaiko Labe Garaiek hogeiko hamarkadaren hastapenean (1919an erosteko aukera baliatuz, 1924an gauzatu zena) San Francisco fabrika bereganatu zuten. Modu horretan Bizkaiko burdingintza-enpresa nagusien integrazio-prozesua osatu zen. Prozesu hori, hein handi batean, finantza kontuetara mugatu zen, alderdi produktibo eta teknikoetan arreta gehiegirik jarri gabe. Siderometalurgiaren sektorean antzeko zerbait gertatu zen, izan ere, 1901ean Recalde, Santa Águeda eta Castrejana enpresek Echevarría sozietatea eratu zuten, altzairu bereziak tratatzeko.

1891n ezarritako muga-zerga protekzionistaren ondotik, hainbat neurri ezarri ziren helburu bera erdiesteko, esate baterako, 1894an Alemaniarekin egin zen merkataritza-tratatua (porrot egin zuena), zenbait produkturen muga-zerga eskubideak urrez ordaintzea (1901) edo 1906ko muga-zerga berria, material finko eta biragarriaren inportazioa ahalbidetu zuen trenbideen tarifa berezien erregimena bertan behera uztekoa. Hurrengo urtean, 1907ko legeek herri-lanetan Espainiako materiala erabiltzea derrigortzen zuten eta Eskuadraren berreraikuntza hasi zen. 1909an Bizkaiko Labe Garaiei buruzko monografia idatzi zuen anonimoak adierazi zuenez, neurri horiekin "burdina eta altzairuaren industriari dagokionez itxaropen labainkorrak" zabaldu ziren. Lehen mundu-gerran barne-merkatuko erreserba sendotu egin zen, baina, era berean, gerrak Bizkaiko Labe Garaien deskapitalizazio nabarmena ere eragin zuen, izan ere, gerran lehiatzen ziren herrialdeek ez zuten zaharkitua geratzen ari zen makinaria ordezteko beharrezko makinaria modernorik ematen. Alemaniara enkargatutako ijezteko makina handi bat Amsterdamen geratu zen blokeatuta. Gatazkaren ondoren, Primo de Rivera diktadorearen politikari eta gatazkan zehar metatutako kapitalen zati handi bat inbertitzeari esker, enpresa modernizatu egin zen eta ekoizpen kopuru handia erdietsi zen (1929), berrogeita hamarreko hamarkadara arte gainditu ez zena (1954). Gerra zibilak suntsiketa oso gutxi eragin zituen enpresan, ia batere ez. Frankoren erregimeneko autarkia (nazio-merkatua nazioko ekoizleentzat gorde zuen) onuragarria izan zen Bizkaiko Labe Garaientzat. Dena den, dibisa gutxi zeuden eta, gainera, prezioen eta ekoizpenaren gaineko kontrola handia zen Burdingintza Industriaren Estatutuko Ordezkaritza Ofizialaren aldetik (DOEIS), egoera horrek eragin positibo gutxi izan zituen. Gainera Frankoren erregimeneko sektore batek mesfidati begiratzen zion Bizkaiko Labe Garaien egoerari, ia monopolioa baitzuen, are gehiago Mediterraneoko Labe Garaiak bereganatu zituenean, 1940an. Industria Institutu Nazionalak (INI) Asturiasen burdingintza berria abiarazteko proiektuak ezinegon sakona sorrarazi zuen Bizkaiko Labe Garaien Administrazio Kontseiluan, izan ere, INIren proiektua "erabakigarritzat jo zuen sozietatearen martxa eta etorkizunari begira". 1952tik aurrera INI eta Bizkaiko Labe Garaien arteko harremana ez zen ona izan. Hala ere, urte horietan Bizkaiko Labe Garaiak izan ziren Iparramerikako laguntzetara sarbidea izan zuen enpresa gutxietako bat. Horrez gain, Export-Import Bank delakoarekin kreditu-lerro bat adostu zuen, modu horretan, instalazioak modernizatu zituen, dibisen urritasuna nagusi zen sasoi batean. Aldi berean, Bizkaiko Labe Garaiak beste enpresa batzuetan sartu ziren pixkanaka. Enpresa horiek orokorrean Labe Garaietatik ateratako produktuen eskatzaile ziren edo, bestela energia eta lehengaien hornitzaileak. 1956an Bizkaiko Labe Garaien balore-zorroa 381 milioi pezetakoa zen, honakoetan inbertitu zirenak: Aguas y Saltos del Zadorra, The Alquife Mines, Sefanitro, Hulleras del Turón, Talleres de Miravalles, Forjas y Alambre del Cadagua, Ferroland, Tetracero, etab.



Alabaina, berrogeita hamarreko hamarkada horretan burdingintza astunen, Bizkaiko Labe Garaiak buru zirela, eta siderometalurgiako sektoreen (burdingintza ekoizpena behar zuten beren produktuak eratzeko) arteko harreman estuak apurtzen hasi ziren. Ontzigintza-industriaren hazkundearen, automobilen industria berriaren eta Espainiako gizartea, apalki izan arren, kontsumo-ondasun erdi galkorren industrian (garbigailuak, hozkailuak, telebistak, etab.) sartzearen eraginez, bi sektoreen arteko harremanak gaiztotu egin ziren. Siderometalurgian Espainiako burdingintzako produktuen prezioak gehiegizkoak zirela irizten zuten nazioarteko prezioekin alderatuta, eta presioa egiten zuten burdingintza-ondasunen inportazioetan muga-zergak murrizteko. Bizkaiko Labe Garaiak eta burdingintza integrala ez ziren muga-zergak kentzeko prozesuaren aldekoak; dena den, prozesu hori martxan jarri zen Egonkortze- eta Liberalizazio-planaren ondotik. Burdingintzaren arloko inportazioetan muga-zergak zertxobait murriztu ziren eta horri aurre egiteko, Bizkaiko Labe Garaiek modernizazio-politika bat abiarazi behar izan zuten, neurri batean, Ekintza Itunduan babesten zena. Inbertsio berri asko kapitala handitzeari eta betebeharren jaulkipenari esker gauzatu ziren; dena den, dibidenduak ez ziren handiegiak izan eta kapitala ez zen berehala amortizatu. Hala, 1964an Bizkaiko Labe Garaiek akordio bat adostu behar izan zuten United States Steel co. delakoarekin eta Gobernuarekin ekintza itundua eginez sartu behar izan zen Burdingintzako Programa Nazionalean, Lehenengo Garapen-Planaren testuinguruan. U. S. Steel co. konpainiak zenbateko handi bat inbertitu zuen Labe Garaietan eta asistentzia teknikoa emateko konpromisoa hartu zuen, baina ekintza itunduaren bidez Bizkaiko Labe Garaiek kreditu biguna jaso zuten, ziurrenera interes negatiboak izango zituena, Estatu Batuetako enpresak inbertitutakoaren baliokidea, hain zuzen.

Iparramerikatik kapital aldetik eta arlo teknikoan jasotako laguntzari esker nahiz estatuko mailegu eskuzabalei esker egindako inbertsio handiek ez zuten ekidin, Espainiako burdingintzarekin orokorrean gertatu bezala, Bizkaiko Labe Garaiek zailtasun larriak izatea 1974tik aurrera ziklo ekonomikoak norabidea aldatu zuenean. Lehengaiak eta, batez ere, energia garestitu egin ziren, gainera, Frankoren erregimenak soldatetan ezarritako gerruntzea askatu egin zen eta eskaera uzkurtu egin zen, hori horrela, Bizkaiko Labe Garaiak zenbaki gorritan ziren eta fakturazioaren %17 galdu zuen. 1978an Mediterraneoko Labe Garaiak sektore publiko bihurtu ziren. Nolanahi ere, ez burdingintzaren sektoreari bultzada emateko presazko neurriek (1978), ez eta burdingintza integrala eraldatzeko presazko neurriek (1981), ezin izan zuten erorketa saihestu, Gobernuak Mediterraneoko Labe Garaien egoitza nagusia itxi eta Bizkaiko Labe Garaiak eta ENSIDESA sustatzearen alde egin bazuen ere. 1986an Bizkaiko Labe Garaietan hobekuntza-plana amaitu zen. Hala ere, EEEn sartzearen eraginez (1986), hau da, muga-zergak kentzeko prozesu etengabe eta saihestezinaren eraginez, ezinbestekoa izan zen bigarren eraldaketa bat gauzatzea, Mc Kinsey txostenaren ildoei jarraiki, Bizkaiko Labe Garaientzat arras kaltegarria izan zena. Azkenik, enpresak sektore publikora jo zuen eta erabateko eraldaketa gauzatu zen: egoitza nagusiko instalazioak eta Ansioko beroko banden trena itxi egin ziren eta horien ordez altzairu-fabrika trinko bat eraiki zen, 1996an inauguratu zena. Atzerrian burdingintza integraleko planta horiek, hots, hotzean ijetzi ezin daitezkeen altzairuzko bobinak (coils) ekoizteko, labe elektriko eta isurketa jarraituaren bidez, energia elektrikoa eta txatarra erabiltzen duten plantak minimills edo miniacéries izenez ezagutzen dira, haien neurri txikia dela-eta.