Sendagileak

Madinabeitia Ortiz de Zarate, José de

Gipuzkoar ospetsua. Oñatin jaio zen 1870eko urriaren 14an. Familia aberats handi bateko zazpigarren semea izan zen. Bilbon hil zen, arreben etxean, 1923ko urtarrilaren 2an, zorabioak eragiten zizkion gaitz luze eta mingarri baten ondorioz.

Medikuntza ikasi zuen, bere anaia Juanek bezala (hura gastroenterologo ospetsua izan zen geroago). Bilbon jardun zuen sendagile- eta zirujau- lanetan, eta mende amaieran politikan hasi zen, lehen nazionalisten inguruan. Mende hasieran sozialista egin zen.

Aranak, Madinabeitiaren ideiengatik eta beste gazte batzuengan izan zezakeen eraginarengatik izututa, artikulu bat idatzi zuen La Patria aldizkarian (1902ko martxoaren 9a) izenburu hau erabilita: "Alerta. A los jóvenes vascos y especialmente a los de E.G.". Artikuluan mediku gaztea salatzen zuen. Zolaren, Marxen eta Tolstoiren liburuak zabaltzearren eta JEL goiburua ezestearren lagunen morala hondatzea leporatzen zion Aranak. Bilbon zituen bezeroak ere galdu zituen aldaketa politikoa zela eta.

Luis Araquistainek hauxe dio:

"Bilboko burgesiak haren kontsultatik izurritetik bezala alde egin zuenean, txiroei ireki zizkien ateak eskuzabal; eta gainera, hainbat urtez, zerbitzua ibiltari bihurtu zuen, inguruko hainbat herri bisitatuz. Esan beharrik ez dago gehienetan doakoa zela. Hainbat gaixo artatzen zituen Eibarren, Sestaon, en Miranda de Ebron...".

Itziarren ere izan zen, Deban. Eibarren eman zuen bere lehen hitzaldia, eta kontsulta bat ere ireki zuen bertan. Gainera, hainbat liburu eman zituen bertako Langileen Zentrorako. Eibarren Jardín de Convalecientes, izenekoa sortu zuen, Sociedad de Socorros Mutuos delakoan. Ezkondu, eta handik gutxira, banandu egin zen, arazo ideologikoak tarteko, karrera eta lagunak utzi zituenean bezala. Haren garaikideak adierazten duten bezala, izaera atseginekoa omen zen, tolerantea, eta ez omen zen, garaiko sozialisten artean hain erabilitakoa zen pentsaera askearen topikoak erabiltzearen aldekoa. Blasco Ibañezek haren erretratu zehatza egin zuen Aresti doktorearen pertsonaiaren eskutik, 1904an idatzitako El Intruso obran. Legenda bihurtu zen diru-premian zegoen bakoitzean mikroskopioa bahituran emateko ohitura, baita ekitaldi ofizial batean zin ez egiteagatik Larrinagako kartzelan egindako egonaldia ere. Legendazkoa -eta aitzindaria, Prietoren esanetan- izan zen Madinabeitiaren jokabidea Bizkaiko meatzariek 1903ko urrian egindako greban.

Madinabeitiak antolatuta, grebalarien haurrak bildu eta aldekoen etxeetara eraman zituzten, haurrek greba luzearen ondoriozko gabeziarik paira ez zezaten. Eibarren bakarrik 200etik gora izan ziren meatzarien seme-alabak. 1905ean, Madrilen izan zen, PSOEren Biltzarrean, Eibarko taldearen ordezkari. Askotan idatzi zuen La Lucha de Clases argitalpenean. 1917ko greban eszeptiko agertu zen, eta "iraultzailea" zela esan zuen (T. Echeverria: Viaje al..., 1968). Musikazale handia zen -bereziki Wagnerrena eta euskal folklorea zituen gogoko-; 1918an Eusko Ikaskuntzaren sortzaileetako bat izan zen; eta 1919an, Huici doktorearen lekua hartu zuen "Medikuntza" sailean, nahiz eta behin baino gehiagotan adierazi gizarte-gaietan aritzeko grina. Urte haietatik aurrera, pixkanaka, militantzia politikotik urrunduz joan zen. 1919an, haren adiskide Amuategui hil zenean, Eibarrera joateari utzi, eta Madril (anaia Juanekin) eta Larrondo (Asua harana) izan zituen bizileku. 1922an, gaixorik, nahita ere ezin izan zen Eusko Ikaskuntzaren Biltzarrera joan, Gernikara.

"Azken aldiz 1922ko abuztuan ikusi nuen -dio I. Prietok- gaixorik, larri, gereziondoz inguratuz eraiki zuen txabola batean oheratuta, epeka erositako ortu batean, Derioko hilerritik gertu".

"Gaur egun -dio 1923ko urtarrileko "La Voz de Guipúzcoa"n- D. Jose de Madinabeitia iritzi desberdinak izatearren, alderdi sozialista eta langileetatik urrunduta dago, eta bere jardun eta talentu guztia eskaintzen dizkio bere ogibideari eta Eusko Ikaskuntzari ".

Heriotza ere gatazkatsua izan zen, erabili egin nahi izan baitzuten, bai katolikoek, bai antiklerikalek. Azken horiek, Julian Zugazagoitia tartean zela, salatu egin zuten (El Socialista, 1923-1-9) bahiketa hutsa izan zela "elizak beretzat hartzearren zenbait kilo hezur eta haratustel". Oñatin ehortzi zuten. Harako bidean, gorpua zeraman trena Eibarren gelditu zen, han zain baitzituen langileen erakundeak, lore-sortekin ("las organizaciones obreras, depositando coronas sobre el féretro" -La Voz de Guipúzcoa, 1923-1-5, 8. or.-); besteak beste Herriko Etxekoena eta Sociedad de Socorros Mutuos de Artesanos elkartearena. Hileta-segizioan maila eta iritzi guztietako pertsonak zihoazen: Aranaz Castellanos, A. Bandres, Turiel, L. Eleizalde, langileak, nagusi monarkikoak, Eusko Ikaskuntzako Batzordeko kideak, eta haren anaia, Juan Madinabeitia doktorea ("segizio luzearen amaieran eta pixka bat urrunduta..."). Haren izaerari buruz hauxe dio Luis de Araquistainek (El Socialista 1923-1-6):

"Jose Madinabeitia beti iruditu zitzaidan, gizon erreala baino gehiago, Ibsendar mundutik ateratako pertsonaia imajinarioa. Gutxik bezala pertsonifikatu zuen gizonaren borroka inguruaren kontra" (...) "Ez zen hiztun handia, hitz horren ohiko esangurarekin: hitz pisukoa, ez zuen lexiko aberatsik, euskalduna zuen joskera, eta, hala ere, haren hizkerari -jendetzen etsai eta talde txiki eta hurbilekoen zalea zen- halako elokuentzia liluragarri bat zerion, artifizio erretorikoak gainditzen zituena, agian, arima sakonetik ateratzen zitzaiolako edo. Erakargarria zen, magnetismo adeitsua baitzuen, ez dialektikagatik, ezta orduko oratoriaren trapuzko loreengatik. Sentimenduan oinarritutako sozialista baino gehiago, doktrinan oinarritutakoa zen".

Aranak, lehen aipatutako arrazoiengatik deskribapen horrekin bat egin zuen:

"Izaera ezti, gozo eta lausengaria zuen; tratuan hasi bezain laster oparo ematen zituen adiskidetasuna eta begirunea. Alferrik harekin haserretzea, ez baita inorekin haserretuko...".