Arkitektoak

Aladren, Luis

Arkitektoa. Zaragozan jaio zen 1852an eta 1902an hil zen. Ia lan guztia Donostian eta Bilbon egin zuen.

Donostian Adolfo Moralesekin batera 1887an inauguratutako Kasino Handia egin zuen, gaur egun udaletxea dena. Eredu frantsesetan oinarritutako eraikin eklektiko tipikoa da. Bi arkitektoek berreraiki zuten zatika Gipuzkoako Foru Aldundiko eraikina ere, eta hortik zimenduak eta jatorrizko fatxadak soilik salbatu ziren 1885eko sutearen ostean.

Bilboko Foru Aldundiko jauregia da obra ezagunena: egitura neoklasikoko obra da, eta dekorazio neoplateresko oparoa du, modernismoaren ezaugarri nabarmenekin. Jauregiaren proiektua lehiaketa publiko batean aukeratua izan zen. Obrak 1890 eta 1900 artean egin zituzten, eta Luis Aladrenek berak zuzendu zituen 1899 arte; ordutik aurrera, osasun-arrazoiak zirela eta ordezkatu egin zuten.

Hauek dira arkitektoaren beste eraikin nabarmen batzuk: Zaragozako Aladren bitxitegia (1885), Casa Urbieta (1890), Mirakontxako Almudena Etxea (1894) eta Mariaren Zerbitzarien Komentua (1886) Donostian eta Bilboko Errekalde zumarkaleko Montero Etxea.