Ikertzaileak

Lekuona Etxabeguren, Manuel de

Lekuona zaharrak.

1894ko otsailaren 9an Oiartzunen (Gipuzkoa) jaiotako idazle gipuzkoarra. Oiartzunen hil zen 1987ko uztailaren 30ean.

1905etik 1916ra bitartean ikasketa eklesiastikoak egin zituen Gasteizko seminarioan eta gerora irakasle izan zen bertan 20 urte baino gehiagoz.

Eusko Ikaskuntzako kide izan zen. Eusko Folkloren maiz kolaboratu zuen. 1921ean bere anaia Martinen lankidetzarekin Eun dukat izeneko komedia argitaratu zuen.Antzerti aldizkarian. 1933an, berriz, Gabon Kantak argitaratu zituen.

1935ean Zabalkundea bilduman Literatura oral euskérica lana argitaratu zuen. Barbierrek jatorriz lapurteraz idatzitako lanak (Sorgiñak, besteak beste) gipuzkerara itzuli zituen eta berdin egin zuen Larzabal Akillomendiren lanekin ere. Gerra ostean agertu zen Iesu... (1948).

1951n euskaltzain oso izendatu zuten Euskaltzaindian. Bere sarrera-hitzaldia Euskera aldizkarian ikus daiteke: Gorotzika'tik Gurutzeaga'ra. Aldizkari berean euskarazko beste lan batzuk eginez kolaboratu zuen. Iesu Aurraren bizitza haurrentzako poema argitaratu zuen. 1954an Egan aldizkarian kolaboratu zuen hainbat poesia idatzita, horien artean, I. Belenen, II. Bizia Maite-irria, III. Tanzlied. Horrez gain, Boletín de la Real Sociedad Vascongada de Amigos del País-en hainbat artikulu idatzi zituen eta 1954ko Geroren hitzaurrea ere berak eman zuen.

1956tik 1961era bitartean Egan aldizkarian kolaboratzen hasi zen berriz ere Jesusen jaiotza edertian, arte erromanikoari buruzko Romanikoa Gipuzkoa'n eta Orixe'ren Euskaltzaindian sartzea idatzita. Gainera hainbat eta hainbat monografia egin zituen: Oyarzun, El Monasterio de MM. Brígidas de Lasarte, Parroquia de S. Pedro de Lasarte, Fuentes de la M. Rafols, Ciencia Tomista, La Catedral de Calahorra, Iglesia de San Andrés de Calahorra, Iglesia de Santiago de Calahorra, Santa Klara'ren kanta zahar bat, La Iglesia parroquial de Andoain, Dos Grecos en Guipúzcoa... Hitzaldiak ere eman zituen hainbat gairi buruz: Deikia izenetan, Deikia aditzetan, Mondragoe sutan, Gure pertsulariak, Berrospe, Añorga en la Artiga de San Sebastián...

Halaber, artikulu eta hitzaurre ugari idatzi zituen hainbat aldizkaritan: RIEV (Nazioarteko Eusko Ikaskuntzen Aldizkaria) Euskalerriaren Alde, Eusko-Folklore, Euskera, Egan, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko buletina, Euzko Gogoa,El Bidasoa, Rioja, Oiarso, Príncipe de Viana, Berceo, Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo", Munibe, Kardaberaz Bazkuna, Jaunaren Deia, Aránzazu, Estudios de Deusto, Gure Herria, Fontes Linguae Vasconum, Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, Eusko Ikaskuntzaren Cuadernos de Sección Hizkuntza eta Literatura eta Artes Plásticas y Monumentales.

Euskaltzaindiko lehendakari izan zen 1967-1970 bitartean. Era berean, 1924an Gasteizko Seminarioan sortutako Kardaberaz Akademiako sortzaile eta sustatzaile, eta euskarazko idazle berrien bultzatzaile ere izan zen. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko ikertzaile eta kide oso ere bai. Liturgia Testuak euskaratzeko itzultzaileen taldeko zuzendari. Espainia Iparraldeko Teologia Fakultateko Honoris Causa Doktore (egoitza Gasteizen). Hitzaldi eta eskola ugari eman zituen hainbat lekutan. Bere lan osoak 1978an argitaratu ziren eta 1982an Arte vasco lana argitaratu zen.

1983an Eusko Ikaskuntzak ematen duen Manuel Lekuona Saria jaso zuen.

Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Bidegileak bilduman informazio gehiago eskura dezakezu Manuel Lekuonari buruz.