Monarkia eta noblezia

Felipe I.a Nafarroakoa eta Frantziako IV.a "Ederra"

Nafarroako ezkontza bidezko erregea (1284-1305) eta Frantziako koroako errege titularra (1285-1314).

Frantziako Felipe III.a "Ausarta" erregearen semea zen, eta ama aldiz, horren lehen emaztea izan zen Isabel Aragoikoa izan zuen. 1268an jaio zen Fontainebleau izeneko herrian. Frantziako historiografian "le Bel" ezizenez ezagutzen da.

Ezkontza bidez eskuratu zuen Nafarroako tronua 1284an, erreinu horretako erreginagaia zen Joana I.arekin ezkondu baitzen. 1274-1305 bitartean gobernatu zuen erregina hura Enrike I "Potoloaren" eta Artoiseko Blankaren alaba zen. (Blanka Frantziako Luis IX erregearen iloba zen). Hortaz, Frantziako Luis IX.a erregea Felipe IV.aren aitaren aldetiko aitona eta Joana I.aren osaba handia zen.

Hurrengo urtean aitaren lekua hartu zuen Frantziako tronuan. Felipe "Ederra" eta Joana erregina Parisen bizi izan ziren eta sekula ez ziren Nafarroara joan erreinuaren berri izatera. Hainbat gobernadore, teniente, ordezkari militar eta merio baliatu zituzten erreinuko administrazioa eta gobernua kudeatzeko, gehienak frantziarrak. Erregeak Parisetik gainbegiratzen zituen funtzionarioek zuzendutako administrazio-kontuak eta, era berean, monarkari helarazitako eskaera edo eskabideak ebazten zituen. Dena den, eskaera horien inguruan hartutako erabakiak haren gobernadoreek aplikatzen zituzten erreinuan.

Gobernuaren politika horren eta Frantziako monarkiaren mendekotasunaren ondorioz, erreinuaren barneko hainbat indar ez ziren gustura. 1297an infantzoiak eta hiribilduetako gizon onak batu eta bilkurak egin zituzten, gerora erregeei foruak, usadioak eta askatasunak zaintzeko eskatuz. Batzarrak prest ziren Parisera prokuradoreak bidaltzeko foruen zin-egiteak jaso eta erreginari leialtasuna erakusteko. Bestalde, Felipe erregeak Joanarekin izan zuen Luis Hutin semea Nafarroako koroako oinordeko gisa aitortzea nahi zuten. Horrela, nafarrek Nafarroako tronua Frantziako monarkiaren hatzaparretatik askatu nahi zuten eta, modu horretan, Nafarroako Erreinua Frantziako koroako lurraldetzat baitaratua izatea ekidin.

Felipe IV.a Frantziako errege izan zen bitartean hainbat gatazka izan zituen Aita Santuarekin, nagusiki jauntxo laikoek eta elizak boterea izateko zuten lehia zela-eta. Elizaren aurka azaldu zen eta, horren ondorioz, Bonifazio VIII.a Aita Santuari aurre egin behar izan zion. Aita Santuaren egoitza Avignonera ekarri zuen, eta tenplarioen Ordenaren aurkako jazarpen eta baliogabetzean parte hartu zuen. 1306an judutarrak erreinutik botatzeko agindua eman zuen. Haietako asko Pirinioen hegoaldera abiatu ziren eta Nafarroako herri eta gune anitzetan finkatu ziren. Bestalde, monarka honek Frantziako erreinuko egitura instituzionala garatu zuen, hartako erakunde administratibo eta judizialak areagotuz eta finantza-sistema sendotuz.

Joana erregina 1305eko apirilean hil zen, Vincennesen. Hurrengo hilean hiribilduetako ordezkariak berriro batzartu ziren eta bertan erreinuak paira zitzakeen ahaltsuen erasoetan elkarri laguntzeko aldarria indartu zuten eta, beste alde batetik, foruen eta usadioen errespetu-eskakizuna berretsi zuten. Nafarroako Gorteek Luis Hutin eskatu zuten tronua har zezan, orduan 14 urte baino ez bazituen ere. Bitartean, Felipe IV aitak Nafarroako errege tituluarekin jarraitu zuen 1307an Luis Hutinek Nafarroara bidaiatu zuen arte, koroa hartzera.

1314an Felipe "Ederra" Fontainebleau herrian hil zen eta Nafarroako Luis I erregea zen bere semeak hartu zuen haren tokia Frantziako tronuan Luis X.a tituluarekin.

  • ALVAREZ PALENZUELA, Vicente Angel (koord.). Historia de España de la Edad Media. Bartzelona: Ariel, 2008. 3. argit.
  • GARCIA ARANCON, Maria Raquel. "La junta de infanzones de Obanos hasta 1281". Vianako Printzea, XLV. urtea, 173 zbk. (1984), 527-559 or. [Kontsulta data: 2011ko maiatzak 30].
  • HINOJOSA MONTALVO, Jose. Jaime II y el esplendor de la Corona de Aragón. Donostia: Nerea, 2006.
  • JIMENO JURIO, Jose Maria. Historia de Pamplona y de sus lenguas. Tafalla: Txalaparta, 1995.
  • LACARRA DE MIGUEL, Jose Maria. El juramento de los reyes de Navarra (1234-1329). Zaragoza: 1972.
  • LACARRA DE MIGUEL, Jose Maria. Historia del Reino de Navarra en la Edad Media. Nafarroako Aurrezki Kutxa, 2000. 2. argit.
  • LACARRA DE MIGUEL, Jose Maria. Historia política del reino de Navarra: desde sus orígenes hasta su incorporación a Castilla. Iruña, 1972.
  • RIVERO, Isabel. Compendio de historia medieval española. Madril: Istmo, 1982.
  • ZABALZA ALDAVE, Maria Itziar. Archivo General de Navarra (1274-1321). Documentación Real. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1995. [Kontsulta data: 2011ko maiatzak 30].
  • ZABALZA ALDAVE, María Itziar. Archivo General de Navarra (1274-1321). Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1997.