1964an Gasteizen (Araba) jaiotako euskarazko idazlea.
Eusko Abertzale Ekintza alderdiko arduradunetako bat izan da. Aiako (Gipuzkoa) Pagoeta parkean basozain aritu ostean, Abere madarikatuak narratiba liburua argitaratu zuen (Susa, 1997). Sei ipuin ditu liburuak, eta horietako bakoitzean animalia bat da protagonista; beste bat, berriz, denentzat da: sai zuria, narrazioen arteko lotura egiten duena. Animaliak agertzen dira, otsoa, hartza, azkonarra eta gepardoa bezala, baina ez dira alegiak, eta narratzailea gizaki bat da, ez animalia bat. Ipuin gehienak gaur egungo Euskal Herrian girotuta daude, eta beste batzuk urruneko lekuetan, Errusia eta Irlandan adibidez. Egilearen arabera, animalia horiekin lotutako natura eta sinesmen eta mitoak aldarrikatu nahi izan ditu, garai batean ugariak izan baitziren Euskal Herrian.