Olerkariak

García de Cortázar Agirrezabal, Mirari

1969an Donostian (Gipuzkoa) jaiotako euskarazko idazlea.

Euskal Filologian lizentziatua. Pasaiako Udalak eratutako Pasaia Hiria poesia saria irabazi ondoren, Poesiaren magalean poema-liburua argitaratu zuen (Bermingham argitaletxea, 1994). Gero, 1994an, Euskaltzaindiak eta BBK-k sortutako Felipe Arrese Beitia Poesia Saria irabazi zuen, Itzaleko hitzak (Euskaltzaindia-BBK, 1995) poema-bildumari esker; eta 1997an Euskaltzaindiaren sari hau eskuratu zuen berriro, Kea urruntzean (Euskaltzaindia-BBK, 1998) poema-bildumarengatik. Jon Kortazar kritikariaren arabera, olerkari honek minor kutsu sentibera erabiltzen du eta "gauza txikien arima azalera ateratzen saiatzen da". Kortazarren hitzetan, lexikoa "aberatsa da, batzuetan zaila, eta beti fina eta landua".