1948ko irailaren 30ean Donostian jaiotako euskal idazlea.
Industri ingeniari ikasketak burutu zituen.
Oilarraren promesak (1973) izenburupean kaleratu zuen lehen lana. 1975ean. Hutsatik esperantzara poemei esker Irun Hiria saria jaso zuen Iñaki Zubizarretarekin batera. 1980an Azkue saria jaso zuen Poliedroaren hostoak eleberriari esker (Erein, 1982). Introspekzio eleberri konplexu horretan protagonista familiaren aurrekarietan sakontzen hasten da, bi karlistadetara iristen den arte.
AAA
Ingeniaritzan lizentziatu bazen ere ez da sekula ingeniari lanetan aritu. Aspaldidanik, itzultzaile eta telebista saioetarako testuen egokitzaile moduan aritzen da lanean. Eleberria, ipuina, poesia eta haur eta gazteentzako narratiba jorratu ditu, besteak beste. Gaztetan Hego Amerikara bidaiatu zuen eta Arguedas, Scorza, Sabato, Garcia Marquez, Vargas Llosa eta Benedetti irakurriz, bestelako literatura bat ezagutu zuen. Baina, batez ere, Juan Rulfo izan zen bere arreta bereganatu zuena, Pedro Páramo eta El llano en llamas liburuen egilea.
Hurrengo paragrafoetan Marijose Olaziregi irakasleak Irigoieni buruz egindako ikerketa (Historia de la literatura vasca, UHUN, 2000) laburbiltzen da. Hala, idazlearen lehen eleberrian (Oilarraren promesa, Gero, 1976) denbora tarte oso zabala hartzen duen istorio bat kontatzen duela esan daiteke. Lehen eleberri horrek Kritikaren Saria jaso zuen. Zehatz-mehatz esanda Azpil herriaren jatorri mitikoa deskribatzen da. 1830etik aurrera apaizak, irakasleak eta alkateak osatzen duten talde zapaltzaile batek menderatzen du Azpil. Irakasle berria iristen denean hura hil egiten dute eta egoera errotik aldatzen da. Marijose Olaziregi analistaren arabera, narrazio hori frankismoak Euskal Herriari eragiten dion zapalkuntzaren aurkako alegatu garbia da, eta Hego Amerikako errealismo magikoaren eragina oso nabarmena da.
1982an Irigoienek bigarren eleberria kaleratu zuen (Poliedroaren hostoak, Erein). Eleberri hori gaztelaniaz itzuli zen La tierra y el viento izenburupean (Hiru, 1997). 1980an Resurreccion Maria Azkue saria irabazi zuen eta 1982an Kritikaren Saria. Bost belaunaldiz elkarren aurka indarkeria handiz lehiatzen diren bi leinuen patua kontatzen duen eleberri-segida bat da: Elizaldetarrak (karlistak) eta Ibargoientarrak (liberalak). Lehen karlistadatik hasi eta frankismoraino luzatzen da kontakizuna. Juan Mari (egilearen alter egoa) pertsonaia nagusia eta narratzailea da aldi berean, eta liburua idazteko bere osaba Joxeren eskuizkribua erabili zuela azaltzen du. Bi elementuren inguruan biltzen dira familiak: lurra eta haizea. Lurra Elizaldetarren tradizio, erlijiozkotasun eta immobilismoaren ikur da; eta haizea, Ibargoientarren aurrerakoitasun, arrazionalismo eta mugikortasunaren ikur. Marijose Olaziregiren iritziz, liburu hori "egileak erabiltzen duen prosa magiko-mitikoaren adibide onenetarikoa da".
Hurrengo eleberriarekin (Udazkenaren balkoitik, Erein, 1987) 1986ko Mirande saria eskuratu zuen eta aurreko eleberriek ez duten errealismo kutsua gordetzen du. Istorioa Ollaran herrian kokatzen da (Altza herriaren imitazioa, egilearen jaioterri dena). Garai batean herri idiliko zena zementuzko mendi bilakatu da, etorkinez betea eta bertako gizartearen eremuan euskara ia galdu duena. Protagonistak ETA erakundean sartzea erabakitzen du.
Haren ondotik Babilonia eleberria kaleratu zuen (Elkar, 1989), gaur egun izenburu berdinarekin gaztelaniaz ere topa dezakeguna (Acento, 1999). Izen hori hartzen duen baserrian kokatzen da istorioa. Bertan, ia jaio aurretik elkar gorroto duten bi anaia bizi dira, Trinido eta Feliciano. Emakume berbera dute begiko eta nor baino nor aritzen dira, eta helduaroan ere bando ezberdinetan borrokatzen dira, bata alderdi karlistan eta bestea liberalen alderdian. Marijose Olaziregik idatzi duenez "eleberria modu bikainean egituratu eta aurkezten da, hori da benetan deigarriena". Babilonia eleberriaren narrazioa hiru planotan ematen da eta bakoitzak bere narratzaile dauka. Mari da hirugarren narratzailea, euskal mitologiako jainkosa. Eleberri horrek oso harrera ona izan zuen.
Consummatum est (Elkar, 1993) izenburupean kaleratu zuen eleberria ez da Euskal Herriko erreferentzia historiko eta mitikoz hornitzen, istorio unibertsalagoa ageri du, ongiaren eta gaizkiaren arteko lehia gisa laburbil daitekeena. Plano batean erromantizismo zantzu indartsua duen moja mistiko baten bizitza kontatzen da, jatorriz alemaniarra dena; beste planoan, haurtzaroan bizitako oinazearen mendekua hartzeko borrokan dabilen faxista baten gorabeherak kontatzen dira. Lan hori Ttarttalo argitaletxeak gaztelaniaz eman zuen 2001ean.
1996an Irigoien umorezko helduen eleberrigintzan barneratu zen Kalamidadeen liburua lana kaleratuta. Familia baten gorabeherak kontatzen ditu. Aita poeta mistikoa da eta aitona poeta soziala, biak ere erabat despistatuak eta sekulako kalamidadeak. Liburuaren bigarren zatian Irigoienek matxismoa kritikatzen du. Eleberrian Antton Olariagak egindako marrazkiak, komikak eta gurutzegramak txertatzen dira. Marijose Olaziregiren ustez, pertsonaiak gehiegi karikaturatzen dira eta horrek liburuaren irakurketa zailtzen du; horren ondorioz, liburuaren umore kutsua ahuldu egiten da.
2000. urtean bere eleberri lodiena argitaratu zuen, 600 orrialde baino gehiago dituena eta denbora gehien lapurtu diona: Lur bat haratago (Elkarlanean, 2000). Ekintza XVII. mendeko Nafarroan kokatzen da. Joanes Etxegoien da pertsonaia nagusia, bi munduen artean kulunkatzen dena: Gaztelaren aurka borrokatu zuten bere arbasoen heroitasunaren eta agintari berriekin adiskidetutako bere gurasoen prgamatismoaren artean; zientziari darion argitasunaren eta erlijioak eskaintzen duen babesaren artean; tradizioaren eta modernitatearen artean; lurraren eta itsasoaren artean, Europa eta Amerika artean, katolikoen eta luterozaleen artean. Lan horretan Irigoienek Axularrek (ezagutzen den lehen euskal idazlea) erabiltzen zuenaren antzeko prosa darabil, izan ere, donostiarrak haren miresletzat aitortzen du bere burua. Kontakizun horretan duela hirurehun urteko Nafarroako gizartearen erretratua eskaintzen da, eta Hasier Etxeberria idazlearen aburuz "askatasunera egindako bidaia eta tolerantziaren aldeko alegatua da, nahiz eta ez izan esplizituki emana".
Halaber, Apaiz zaharraren guitarra haurrentzako eleberria argitaratu du Irigoienek (Elkar, 1996).
Poesiari dagokionez ere zakua ez du hutsik donostiarrak: Hutsetik esperantzara (Caja de Ahorros Provincial de Guipúzcoa, 1975), Denborak ez zuen nora (Erein, 1991), Hautsa eta maitemina (Elkarlanean, 1998, oso poema laburrak) eta Metak eta kometak (Elkar, 1994, haurrentzako poesia).
FIO