Euskal idazlea, Zaldibian (Gipuzkoa) 1945eko azaroaren 16an jaioa.
Zumarragako Esteban Orbegozo enpresan egin zuen lan doitzaile gisa, eta gero bulegari gisa Muebles Yany eta CAFen. 1983tik aurrera Urretxu, Zarautz eta Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) udal euskaltegietan aritu da euskara irakasle, eta azken honetan zuzendari ere izan da. Urte asko lanean eman ondoren Magisteritza titulua lortu zuen.
Bi literatur sari irabazi ditu: Irun Hiria (1994) eta Antonio Maria Labaien (2000). Sari horien fruitu izan dira Dena dago zatitxo baten baitan liburuak. Kutxa Fundazioa, 1994) eta Hire magalean (Alberdania, 2001). Azken hau, fraide batek eta moja batek elkarri idatzitako eskutitzen bidez egituratuta dago. Fraile eta moja horiek lehen ezkongaiak izan ziren, baina familiek ez zieten ezkontzen utzi. Gaur egungo munduko hainbat arazori buruz hausnartzen dute beren gutunetan.
Gainera, Iraolak liburu hauek argitaratu ditu: Artxanberriren ziriak, Patxi Errotaren ugaritasuna, Jainkoaren ateraldiak (Sendoa, 1999, bertsolaritzarekin zerikusia duten hiru pertsonaia horien pasadizoen bilduma); Zaldiarangoak (Hiria, 2000, kontakizunak); Biziaren bisutsak (Hiria, 2000, artikuluak); Abaraska (Hiria, 2000, artikuluak eta aforismoak); eta Metamorfoskaren itzulpena (Hiria, 2000). Bertsolaritzan espezializatuta dago Iraola, bai bertso idazle moduan, bai komentarista moduan. Lehenengoari dagokionez, sariketa hauek irabazi ditu: Lazkao Txiki (bost aldiz), Orixe (lau aldiz), Xalbador, Zapirain Anaiak eta Lekuona. Bertsoei buruzko erreportajeak eta iruzkinak argitaratu ditu El Diario Vasco eta Bertsolari aldizkarietan, eta ipuinak Habe aldizkarian. Horrez gain, bat-bateko bertso lehiaketa ugaritako epaimahaikide izan da, baita 1986 eta 1989ko Euskal Herriko Txapelketetakoa ere.