Olerkariak

Gandiaga Artetxe, Bitoriano

Poeta. Mendatan (Bizkaia) 1928ko urriaren 8an jaio zen, Orbelaun baserrian. Arantzazuko frantziskotarren komentuan hil zen 2001eko otsailaren 21ean.

1940an Arantzazukko (Gipuzkoa) Aita Frantziskotarren komentuan sartu zen nobizio moduan. Arantzazuko, Foruko, Zarautzeko eta Erriberriko komentuetan garatu zituen ikasketa. 1954an apaiztu zen eta irakasle gisa aritu zen Arantzazun.

"Aránzazu", "Eusko Gogoa", "Egan" eta "Olerti" aldizkarietan kolaborazioak eginez hasi zen euskal poeta modura nabarmentzen. 1954an Zarautzen ospatu zen poesia lehiaketan lehen saria eskuratu zuen, abuztuaren 8an, Begion Lore izenburupean aurkeztu zuen poesiari esker. Denbora gutxienera, 1956an, lehen saria eskuratu zuen berriz ere, oraingoan Arantzazuko lehiaketan Elorriko lorak izeneko poesiarekin.

Prosari dagokionez, Arantzazuko Folklore-gaienbiltzeaz argitaratu zuen "Euskera" aldizkarian. 1959an bigarren saria eskuratu zuen Bedoñan ospatu zen literatur lehiaketan, Lelo xamurrak poesiari esker.

Baina Elorri poemarekin jo zuen goia Olabidek poesia-lanari dagokionez. Poema horrek, argitaratu eta urtebetera, 1963an, "Jose Antonio de Aguirre" saria irabazi zuen. Elorri ez da Euskal Herria protagonistatzat hartuta euskaldunen herria abiapuntu duen poema bat; poetaren bizitza inguratzen duen drama da poemaren hastapena, irakurleen sentimendua erakartzeko ahaleginean. Aita L. Villasante izan zen bere iruzkingilea eta honakoa adierazi zuen poema horri dagokionez: "neurri batean gizaki guztion drama da, eta drama hori poetak Arantzazun bizi izan zuenez, poemak kutsu herrikoi nabarmena dauka ezinbestean. Gaia, beraz, gizatiarra eta unibertsala litzateke, nagusiki. Sarasola izan zen Olabide aztertu zuen beste iruzkingile bat. Haren ustez gerraosteko poemarik eder eta bikainena da. Poema horren gaztelerazko itzulpena Pedro Anasagasti anaiari zor diogu.

Urte horretan bertan "Olerti" euskal poesiaren lehiaketan lehen saria erdietsi zuen 1964an "Olerti" aldizkarian argitaratu zen Argi oneko poema lanari esker. L. Michelena kritikariaren arabera nekez erakuts daiteke Gandiagaren mailakorik. Bere iritziz, Gandiagaren poesia isilpeko musikari esker iristen da irakurlearengana, doinu ozenari esker baino gehiago. 1974an Hiru gizon bakarka argitaratu zuen, eta, hiru urte beranduago, Uda batez Madrilen; bi lanak Arantzazun argitaratu ziren. Erref.Arrue, A. Cuatro poetas vascos. "Euskera" 1963- 64; Michelena, L. Hist. de la Lit. Vasca (161. or.); Onaindía, S. Milla Euskal Olerti eder (753. or.); Villasante, L. "Elorri" lanaren hitzaurrea, 1963; Michelena, L. Elorri "Egan", 1962; Zarate, M. Bizkaiko euskal-idazleak, 1970; Estornés Lasa, B. Literatura (vasca), IV. liburukia (415-420. or.), 1974. Torrealday, Euskal idazleak gaur (342. or.).

ABE

Frantziskotarren argitaletxearekin argitaratutako Elorri poema-liburuan Natura da gai nagusia, fraide frantziskotar horren existentzia sostengatzen zuen ardatzetako bat; izan ere, Gandiagak oso lotura estua zuen komentuaren zonaldean zeuden baso, haitzulo eta historiaurreko monumentuekin. Lehenengo liburu hark tomu liriko nabarmena zuen, eta Gandiagak sinbologia asko gaineratu eta lexikoaren aberastasun oparoa erabili zuen ustekabean. Jon Kortazarrek ustetan (Euskal literatura XX. mendean, Pramés argitaletxea, 2000), Gandiagak "bere buruari buruzko poesia" egiten du liburu horretan, eta dagoeneko poeta honen liburu orotan errepikatuko diren tentsioak hautematen ditu Kortazarrek: errealitatea-ametsa, desira-existentzia eta landa-hiria. Kortazarren hitzetan "Gandiagaren obra Naturaren samurtasunaren eta sinboloen bilaketaren artean kokatzen da". Elorri egilearen "libururik samurrena da, sinbologia gehien agertzen duena eta klasizistena" dela usten du.

Lehen liburu hori jende askok goraipatu bazuen ere, Gandiagaren ustez aintzat hartzeko moduko pertsona baten eskutik jaso zuen kontrako kritikaren ostean, literatura gehiago ez idaztea ere pentsatu zuen. Une horretan funtsezkoak izan ziren Jorge Oteiza eskultorearen esutik jaso zituen animoak.

Aurrerago, 1974an, Hiru gizon bakarka (Gero-Mensajero argitaletxea, beranduago Elkarrek berrargitaratua) argitaratu zuen. Liburu horrek ez zuen zerikusirik aurrekoarekin eta euskara da gai nagusietako bat. Bigarren liburu horretan Euskal Herriak, eta, bereziki, euskaldunak bizi duen egoerak sorrarazten dion saminaz mintzo da. Agintari frankistekin arazoak izan zituen; izan ere, liburuan erregimena arriskuan jar zezaketen edukiak barneratzen zirela iruditu zitzaien. Liburu horretan Jorge Oteizaren eragina nabarmentzen da. Gandiagak harreman estua zuen eskultorearekin, hura santutegiko apostoluen eskulturak taxutzen ari zela ezagutu baitzuten elkar. Gai soziala lantzen zuten poesia haietan bere herriak eta bere hizkuntzak pairatzen zuen zapalkuntza egoerarekin konprometitutako eta mindutako poeta bat hautematen zen. Poesia horiek harrera ona izan zuten eta gainera jende askoren belarrira iritsi ziren, izan ere, Gorka Knörr abeslariak eta Pantxoa ta Peio bikoteak poesia haiek baliatu zituzten doinuei hitzak jartzeko. Koldo Izagirre poetaren iritziz, Elorrin agertzen zen poesia ez zen jendartera iritsi eta abeslarien artean hainbesteko arrakasta izan zuten kutsu sozialeko poemen (Hiru gizon bakarka liburuan barneratzen zirenak) itzalpean bizi izan zen.

Jon Kortazarren aburuz (Euskal literatura XX.mendean, Pramés argitaletxea, 2000), bigarren liburu honekin Gandiagak sinbolismoaren estetika hautsi egiten du eta Bibliara hurbiltzen da, salmo eta profeten presentziak argi uzten duenez.

Gandiaga Madrilera joan zen gero, teologia ikastaro bat egitera, baina ikastaroak ez zuen asebete; egonaldi haren ondorio da Uda batez Madrilen (EFA-Jakin argitaletxea). Bertan, poeta hiri handi baten geografiari so ageri da. 1977an argitaratutako poema-liburu hartan, hiriaren deskribapenak nabarmentzen dira eta poetaren sentimenduek ez dute hainbeste garrantzirik. Jon Kortazarrek adierazten duenez, liburu hori da Gandiagaren nortasun gutxien erakusten duena eta, era berean, arrakasta gutxien lortu zuena.

Gandiagaren hurrengo liburua 1985ean argitaratu zen, Denbora galdu alde (Erein argitaletxea) izenburupean. Liburu ezohiko eta harrigarri honetan, poesiaz gain, kontaizun eta gogoeta laburrak barneratu zituen; kontakizun horietako asko barne-barnekoak ziren, bere izaerari buruzkoak, eta tristura eta melankoria aro bat igarotzen ari zela aitortzen zuen egileak. Terapia modura idatzitako liburu honetan lagunak izateko gai ez zela eta gizartean portaera egokia izaten ere ez zekiela aitortu zuen, eta belar edo zuhaitz jaio beharko zukeela. Izenburua (Denbora galdu alde) psikiatra batek denbora galtzen ikasi behar zuela-eta eman zion aholkuari jarraituz hautatu zuen.

Hurrengo urtean Gabon dut anuntzio argitaratu zuen (EFA argitaletxea). Erlijioa hartu zuen gaitzat lan hartan, eta irakurlearekikoak eginak zituela zirudienean Erein argitaletxeak Ahotsa behartu gabe argitaratu zuen 1997an. Bertan, tiraderatik berreskuratuta, garai ezberdinetan idatzitako poemak eta Gandiaga berak errezitatutako poema grabazio bat (CD euskarrian) barneratu ziren. Urte hartan Bilboko Liburu Azokako Urrezko Luma eskuratu zuen.

2001ean mendeko poesia kaierak (Susa argitaletxea) poesia antologia-bildumak ale bat eskaini zion. Koldo Izagirrek egin zuen hartako aukeraketa eta sarrerako ikerketa.

Gaztetatik izan zuen mendirako grina eta Arantzazutik Urbiako zelaira 16 minututan igotzeko gai zen. Aizkorriko mendilerroa zehaztasun osoz ezagutzen zuenez gida eta laguntzaile lanetan aritu zen Arkeolaneko arkeologoekin, eta haren laguntzari esker enpresa horrek arkeologia-ekinaldi garrantzitsuak gauzatu zituen Urbiako zelaian. Kantu zale sutsua ere bazen Gandiaga eta gabon-kantak abesteko zonaldeko baserrietatik zehar hainbat fraidek egiten zituzten ibilaldiak koordinatzeaz arduratzen zen.

FIO