Kapera maisua, organista eta konpositorea. Uharte Arakil (Nafarroa), 1839ko abuztuak 23; Tolosa (Gipuzkoa), 1896ko martxoak 12.
Bere aitak, jaioterriko idazkari-organista zen Leon Gorritik, eman zizkion lehen musika ezagutzak eta 11 edo 12 urte besterik ez zituela Tafallara (Nafarroa) bidali zuen Jose Preciado kapera maisuarekin ikasi zezan. Aurrerago pianoa eta harmonia ikasi zituen Mariano Garciarekin, Iruñeko Katedralean lan egiten zuen konpositore eta instrumentista. Ondoren Tolosako Santa Maria kaperako (Gipuzkoa) Candido Aguayo kapera maisuaren ezagutzak jaso zituen, eta 1856ko irailean Madrilgo Errege Kontserbatorioan sartu zen, organoa Roman Jimeno de Lermarekin ikasiz eta Konposizioa Hilarion Eslavarekin. Bere ikasketak bukatutakoan, 1859ko ekainean, zilarrezko domina jaso zuen kontserbatorioak urtero antolatzen zuen lehiaketan.
Bere heziketa oraindik bukatu gabe zuela, 1859ko martxoaren 17an, Tafallako Santa Maria parrokiako kapera maisu eta organista postua eskuratu zuen oposizio bidez. Orduan hasi zen fama lortzen eta inguruko herritako dizipuluak erakarri zituen, tartean Apolinar Brull eta Calixto Barcos zeudelarik. Tafallan, kaperako musika zuzendu eta bere lan azpimarragarrienak idazteaz gainera (Surge propera, Misa de Requie, sonata eta organorako beste lan batzuk, eta abar), hasiberria zen musika-banda antolatu zuen. 1860an Eugenia Izurekin ezkondu zen eta bost seme-alaba eduki zituzten.
1867an Tolosako (Gipuzkoa) organista eta kapera maisuaren plaza libre gelditu zen, bere maisu izandako Candido Aguayok uko egin baitzion postuari. Gorritik postu hau oposizio bidez eskuratu zuen (1867ko urria) eta hil arte egongo zen bertan. Santa Maria parrokian bere eliz lanak interpretatzeko 28 musikariz osaturiko kapera zeukan, gizonezko abeslari eta hari eta haizezko instrumentuez osatua zegoena. Era berean, Tolosan musika-banda zuzendu zuen eta irakaskuntzan ere ibili zen, bere ikasleen artean Vicente Goicoechea edo Eduardo Mocoroa bezalako konpositoreak zeudelarik. Azken honek Gorriti hil ondoren, postuan ordezkatu zion. Bere jaioterrian lurperatua dago.
Gorritik lortutako fama eta mailaren adierazgarri nagusi Pariseko Société Internationale des Organistes et Maîtres de Chapelle-en konposizio lehiaketetan lortutako arrakastak dira. Lehiaketako epaimahaia Theodore Dubois, Cesar Franck, Alexandre Guilmant edo Gustave Lefevre-Niedermeyer bezalako konpositore ezagunez osatua zegoen. 1881etik zazpi aldiz aurkeztu zen hilero antolatzen ziren lehiaketa hauetara eta bertan lau lehen sari eta hiru lehen aipamen lortu zituen (1881eko urrian, lehen aipamena organorako Plegaria-rekin; 1881eko azaroan, lehen saria Sub tuum proesidium-ekin soprano edo tenorearentzat eta organoa; 1882ko martxoan, lehen aipamena Inviolata-rekin, hiru ahots misto eta organorako motetea; 1882ko maiatza lehen aipamena O salutaris-ekin soprano eta tenore eta organorako bakar-saioa; 1882ko ekaina, aho batez eta epaimahaia zoriondutako lehen saria, Marcha funebre-rekin organorako egina; 1882ko abuztua, lehen saria Cinco versos para el Magnificat-ekin; 1883ko uztaila, lehen saria Sanctus-ekin lau ahots eta organorako idatzia). Procès-verbal-eko 11. lehiaketako lehen urtean, epaia 1882ko abuztuaren 12an eman zena, epaimahaiak erabaki zuen "hainbeste garaipenen ondoren" urte horretako lehiaketetan parte hartzen jarraitu zezakeela (1881eko urria - 1882ko iraila) baina ohorezko titulu bezala soilik. Beste edizioetan Leon Boëllmann edo Gabriel Pierne bezalako organista ezagunak izan ziren sarituak.
Bere katalogoa 250 bat lanez osatua dago, gehienak erlijiozkoak. Produkzioaren artean azpimarratzekoak dira Misa en Do, 1885eko Tolosako Santa Maria elizako Stolz Frères organoaren inauguraziorako idatzia; ahots zurirentzat idatzitako Misa en Re 1889an Tolosako Santa Klara komentuko organoaren inauguraziorako; Miserere "Viejo" eta Miserere "Grande" bezala ezagutuak; Surge propera moteteak, koru, tenore bakarlari eta harizko orkestrarako eta Sub tuum proesidium, tenore edo soprano eta organorako; Ecos de Andía, 1894an Iruñeko orfeoien lehiaketa batetarako idatzia; Agur Jesusen Ama, Ama Birjinari eskainitako abesti ezaguna; Sonata en Re eta Sonata en Fa, Cinco versos sobre el Magnificat eta Marcha fúnebre en Do meno, denak organorako idatziak; eta abar. Inprobisatzaile bezala eta organoaren teknika menderatzeagatik ere nabarmendu zen. Espainiako organorako lehen lan erromantikoak idatzi zituen.
Gorritiren konposizioen azterketak erlijio musikaren momentu interesgarri bat azaltzen digu, non ondoan ezartzen diren Italiako opera estiloa (bereziki Bellini), Europa erdialdeko erromantizismoa, Frantziako organo irakaspena, folklore musikaren eragina eta Alemania, Italia eta Frantzian gertatzen ari zen erlijiozko musikaren erreformarekin zenbait ezaugarri zituen, kantu lauaren tratamendua edo estilo soilaren erabilera polifonia errenazentista hartzen duelarik eredutzat. Azken finean, XIX. mendeko erlijiozko musika eta Espainiako organoko musikako funtsezko pertsonaia da.