Ikertzaileak

Abadia, Anton (1810-1897)

Arrastoitarra.

Dublinen, Irlandako hiriburuan, 1810eko urtarrilaren 10ean jaiotako zientzialari eta euskararen sustatzailea.

Aita euskalduna eta ama irlandarra zituen. Aita Arrast herrikoa zen jatorriz (Urrustoia, Zuberoa). Hiru urte zituela familia Frantziara joan eta Tolosan (Frantzia) finkatu zen. Han egin zituen ikasketak Arnault eta Charles anaiekin batera. 19 urterekin ikasketak amaitu eta gai fisikoetan espezializatu zen.

25 urte zituela Brasilera bidaiatu zuen lur-magnetismoa ikasteko. Hura izan zen bere lehen bidaia. Bi urte geroago Arnault anaiarekin Etiopia eta Goi Egiptora bidaiatu eta 1848. urterainoko egonaldia egin zuten bertan. Han 900 puntu geodesiko (Géodésié de la Haute Ethiopie, 1873) zehaztu zituen. 1849an bere herrialdera itzuli zen behin betikoz eta Hendaiatik oso hurbil hartu zuen bizilekua, Abbadiako lursailean, lehen Arragorri zenean.

Etiopiatik material oso garrantzitsuak ekarri zituen zientziaren hainbat adarrei zegozkienak, horien artean, 15.000 hitz baino gehiago barneratzen zituen amari hizkuntzako hiztegi bat (Catalogue raisonné de manuscrits éthiopiens, 1859). Ikerketa eta azterketa horiek eta beste hainbat nahikoa arrazoi izan ziren hainbat sari lortzeko eta Abbadie zientziaren arloan munduko hainbat herrialdetan lan anitzak egiteko ordezkari izendatzeko. Modu horretan, 1850ean Frantziako "Societé de Géographie" delakoak urrezko domina handia eman zion. 1851n Frederiks vaern (Norvegia) zapaldu zuen eguzki-eklipse bat ikusi asmoz; hurrengo urtean Pariseko "Académie des Sciences" delakoaren urgazle izendatu zuten: 1860an Briviescara bidaiatu zuen helburu bera buruan zuela; 1877an Frantziako Zientzietako Akademiak Geografia eta Nabigazio Elkarteko kide izendatu zuen; 1878an "Societé Philologique" delakoaren buru izan zen; lau urte beranduago Santo Domingo uhartera iritsi zen Artizarra Eguzkiaren aurretik nola igarotzen zen ikertzeko; hurrengo urtean Madrileko Historiako Akademia ospetsuak Ohorezko Ordezkari izendatu zuen. Dena den, 1885ean egin zituen Kairo, Atenas, Alexandria eta beste hainbat lekutarako bidaia ospetsuak, helburu zientifiko zehatzekin. 1892an dagoeneko Pariseko Zientzia Akademiako eta Geografia Elkarteko presidente zen.

Ikerketaz ikerketa eman zuen bizimodu horrek, lehen begi kolpean, Abbadie goitik behera zurrupatu zutela irudi dezake, baina ez zen halakorik gertatu. Ikerketa zientifikoak eta bidaiak euskal hizkuntza eta abestigintzaren lantegiarekin uztartu zituen; horrez gain, literatura mugimendu herrikoi sendo bateko sustatzaile ere izan zen, hala, 1853rako Urruñan (Lapurdi) Euskal Festak antolatu zituen, kataluniarrek "Cortes de Amor" delakoak ospatzen hasi baino sei urte aurretik, izan ere, 1859raino ez ziren Lore Jokoak berrezarri. Kataluniarren eta euskaldunen artean alde nabarmenak zeuden 1897an Carmelo de Echegarayk adierazi bezala. Abbadiek antolatutako Euskal Festak konplexuak ziren, izan ere, zibilizazio euskaldun orok parte hartzen zuen bertan. Gizonen Joko eta Kirolekin, abesti ederrekin, usadio eta ohitura foralekin, herriaren indar fisiko eta moralarekin eta erlijiozko fedearekin batera euskarazko poesia eta hizkuntza bera ernamuindu egin behar ziren. 1853az geroztik, garaian garaiko euskaldunen pentsatzeko modua aintzat hartuz egoki aukeratutako babes eta sariekin ospatzen diren festa guztiek jite hori zuten: ontzako urrea eta zilarrez beztitutako makila.

Urruñan sortutako Euskal Festetan osagai hauek barneratzen ziren gutxi gorabehera: txistularien alborada, agintariak hartzen zituen Meza Nagusia, pilota partida, goizez edo arratsaldez, herri bazkaria, bertsolariak, kirol jokoak, abeltzaintza edo nekazaritza lehiaketak eta literatura lehiaketa, eta, zenbaitetan, saritutako pieza koru herrikoi batek abesten zuen. Urruñan hasi ziren (1853-1863), gerora Saran (1863-1876) eta Saint-Palaisen (1877) ospatzeko; Nafarroan izan zuten jarraipena festa hauek, Elizondon (1879) eta Beran (1880); gero Gipuzkoara mugitu ziren, Donostia (1879) eta Oiartzunera (1882 ); Bizkaiara ere iritsi ziren, Markinara (1882) eta Durangora (1885) hain justu; eta, azkenik, Araban ospatu ziren, Aramaion, (1899). D'Abbadie goitik beherako euskalduna izan zen. Esan ohi denez, Garat-ek ospetsu bilakatu zuen Aitarik ez dut abestia txera bereziz abesten zuen Abbadiek.

Iriart, Abbadieren biografoak aipatzen duenez: "Idazkun arabiar eta etiopiarrez hornitutako Urruñako gaztelu paregabearen apaingarri arranditsuen artean, noizean behin, harako bisitariek ama hizkuntzan hitz egiten zihardutela egiten zituzten akatsak zuzendu egiten zituen, zegokion samurtasunez. Bere izaera proselitista agerian utzi zuen Afrikako misio katolikoak diruz lagunduta, eta izaera horrek Abbadieren mugimenduan zurrunbilatu zituen Darrigol irakaslea, Bonaparte Printzea, Inchauspe, Duvoisin kapitaina, Campion, Aita J. Ignacio de Arana, J. Manterola, Pierre Loti eta baita, zeharka, garai hartako euskal intelektual oro ere. Abbadie 1897ko martxoaren 19an hil zen 87 urte zituela. Bere gorpua Hendaiatik hurbil, Zubernoan eraiki zuen gaztelura eraman zuten.

1997an Abbadieren heriotzaren mendeurrena ospatu zen. Antolatu ziren ekitaldi ugarien artean, Eusko lkaskuntzak eta Euskaltzaindiak irailaren 24 eta 27 bitartean Hendaian antolatu zuten Nazioarteko Kongresua azpimarratu behar da. Unibertsitateko ikertzaile eta irakasle asko elkartu ziren bertan. Kongresuari amaiera emateko, irailaren 28an Saran jaialdi bat ospatu zen Abbadiek sortutako Lore Jokoen giroa berpiztu eta omenaldia egiteko. Gainera, Joko hauen lehenengo edizioak antolatzeko ohorea izan zuten Euskal Herriko udalerrietako alkateek parte hartu zuten. Patri Urkizu irakasleak jakintsuak utzitako obraren argitalpen arduratsu bat prestatu zuen hiru liburukitan. Hurrengo urtean liburua argitaratu zen, eta Kongresuan izandako mintzaldiak barneratu ziren.

Mezenas horren heriotzaren mendeurrena ospatzeko egindako ekitaldi-programa ia osoa 1997an bete bazen ere, 2004ko abuztuan desestali zen Antoine D'Abbadieren omenez ezarritako plaka. Ekintza horrekin amaitutzat eman zen Euskal Jaien mendeurrena ospatzeko antolatu zen ekitaldi-programa. Artiako auzoan (Irun, Gipuzkoa), bere izena daraman plazan garatu zen euskal festen sortzaile eta mezenasa oroitzeko egin zen omenaldi hunkigarria. Hendaiako alkate Kotte Ecenarro, Iruneko jarduneko alkate Miguel Angel Paez, Iruneko Udaleko E.A.J.-ko bozeramaile Elena Etxegoyen, Alberto Buen senatari sozialista eta Euskal Jaiak antolatzeaz arduratu zen komisioko presidente Josebe Carcavilla izan ziren bertan.