Literatoak

Arruti, Txomin

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Mendi Lauta. Zarautz, 1897-1968.

Txomin Arruti Zarautzen jaio zen 1897ko urtarrilaren 22an, eta herri berean hil 1968ko apirilaren 22an. Idazleari buruzko oso informazio gutxi aurki badaiteke ere, badakigu "Mendi-lauta" ezizenez zela ezaguna eta Espainiako Gerra Zibilaren ostean euskaraz argitaratuko zen egunkari bat sortzeko ametsa izan zuen, Xabier Lizardi eta beste euskal idazle batzuen antzera. Lizardik ez zuen proiektu hura gauzatuta ikusteko aukerarik izan, heriotzak eraman baitzuen 1933an. Arrutik, berriz, bai, 1937ko urtarrilaren 1etik aurrera Eguna izeneko aldizkaria kaleratu baitzen, harik eta Frente Nazionaleko gudarosteak Bilbon sartu ziren arte.

Arrutik Loretxo. Eleberri edestia izeneko eleberria argitaratu zuen Eguna egunkarian -haren bizitza laburra izan bazen ere- atalka. Lehen kapitulua 1937ko otsailaren 14an agertu zen, eta azkena urte bereko martxoaren 21ean. Eleberria amaitu gabe geratu zen, guztira hamaika atalek osatzen dute. Loretxo lanak amodio-istorio bat du gai nagusitzat, Loretxo izeneko emakume gazte baten eta Jon izeneko gizonaren arteko maitasuna, hain zuzen ere. Eleberria 1936ko gerratean kokatzen da eta karlismo-nazionalismo arazoa aztertzen du.

Loretxo Arrutiren obra ezagunena izanik ere, ez da egileak kaleratu zuen bakarra. El Día egunkarian bazuen aurretik Loretxo eta Mirentxu izenburua zeraman narrazioa, hiru ataletan banatua, 1932. urtean agertu zen, martxoaren 12, 19 eta 27an hain zuzen ere. Bestalde, Euzkera-an, hots, 1929 eta 1936 urte bitartean Euskaltzale Bazkunak argitaratutako aldizkarian, "Itxartu, euskalduna!" euskarari buruzko artikulua ere argitaratu zuen, 1929ko otsailaren 25ean.

  • Armiarma. Literaturaren Zubitegia. "Txomin Arruti, Mendi-Lauta". [Kontsulta data: 2012-04-27].
  • KORTAZAR, Jon. "Loretxo (1937)". Euskal Literaturaren Hiztegia - Idazlanak. EHU-Euskara Institutua. [Kontsulta data: 2012-04-27].