Basilikak

Eunateko Andre Mariaren eliza. Muruzábal

Gares eta Arrizabalagaren arteko errepidean eta Robo ibaiaren ertzean kokatua, Somportetik eta Orreagatik zetozen Bidearen bi adarrak elkartzen diren puntutik oso gertu dago Eunateko baseliza ederra, Done Jakue Bideko osagai garrantzitsua. Bere izenaren etimologia euskaldunaz asko eztabaidatu da, "ehun" eta "ate" hitzetatik etorriko ote zen suposatuz, eraikinaren inguruan dauden arku ugariengatik. Hala ere, agiri zaharretan maizago agertzen da "Onat", "Onate", "Oñat" edota "Unate" formekin, "oin" eta "ate" hitzetatik datorrela pentsaraziz.

Lautada baten erdian agertzen da, erabat isolaturik, eta Torres del Rioko Hilobi Santuko elizarekin erlazionatua dagoela ematen du, bai bere funtzioan, baita morfologian ere, berehala ikusiko dugun eran. Jerusalemgo Hilobi Santuko elizarekin oinplanoan duen antzekotasunak, gainera, Tenpleko ordenako zaldunen ekimena izan zela pentsatzera eraman zituen autore batzuk, baina honen inguruan ez dago inolako frogarik. Garbiagoa agertzen da agirietan, berriz, Jerusalemgo San Joaneko zaldunekin izandako harremana. Bere funtzioei buruz, bestalde, argi dago hilerri-eliza izan zela, eliza eta kanpo arkuteriaren artean erromesen eta jende arrunta ugariren hilobiak agertu direlako, eta autore batzuek erromesak gidatzeko faroa ere izan zela uste dute, nahiz eta, faroa egongo zen tokian, gaur egun ikusten den horma-kanpaia jarri zuten geroago. Eliza estilo erromaniko berantiarrean egina dago, eta mendeetan zehar Izarbeibarreko batzarrak Eunateko kanpoko arkuterian egin izan ziren.