Musika-zuzendaria, interpretea eta musika-irakaslea. Irunen jaio zen 1964ko maiatzaren 22an.
Bere jaioterrian hasi zituen musika ikasketak, eta ondoren kontrabaxua eta pianoa ikasi zituen Baionako École Nationale de Musiquen. 1985ean Alemaniara joan zen, Karlsruheko (Alemania) Goi Mailako Musika Eskolan ikasten jarraitzeko. 1993an Kontrabaxuko Goi Mailako Irakasle titulua lortu zuen, eta hurrengo urtean Koru eta Orkestra Zuzendari titulua. Piano, kontrabaxu, zuzendaritza eta interpretazio ikastaroekin osatzen du bere prestakuntza. Kontrabaxu-jotzaile gisa aritu da Karlsruheko Unibertsitateko Orkestran eta Freiburgeko Concerto Harmonico taldean, besteak beste.
Bere ibilbide musikalaren barruan, musika koralaren arloan egindako lana nabarmentzen da. Oiason Musica taldea sortu zuen Irunen. Irungo Enara abesbatza zuzendu zuen 1982 eta 1997 artean, nazioarteko lehiaketa entzutetsuetan sariak lortu dituen ahots berdinen abesbatza (Tolosakoa (1992) eta Arezzokoa (1993), 1994tik Ametsa abesbatzaren buru da eta azken urteetan Betiko Ametsa abesbatza zuzentzen du, Irunen ere.
Irakaskuntzan ere aritu da: Irungo Kontserbatorioan kontrabaxu irakasle izan da, eta Gipuzkoako Aldundiak antolatutako ikastaro pedagogikoetan kantu koraleko irakasle.