Zuzendariak

Eraso Olaetxea, Juan

Nafarroako abesbatzaren zuzendaria, Elizondoko Abesbatzaren sortzailea. Erason jaio zen 1914ko otsailaren 21ean. Angelun (Lapurdi) hil zen 2002ko abenduaren 21ean.

Juan Berekoetxea Elizondoko apaiz eta organistaren eskutik hasi zen musikan. Nafarroako herri horretan bizi izan zen sei hilabete zituenetik eta bertan jarraitu zituen musika ikasketak, gerra zibil betean koru zuzendari ibilbidea hasi zuen arte.

1930eko hamarkadaren amaieratik aritu zen lanbidean. Iruñeko Orfeoiko zuzendaria izan zen hiru urtez, kantarien plantilla eta bel cantoaren teknika berrituz, eta Iruñeko Kontserbatorioko irakaslea. 1942an Elizondoko Abesbatza sortu zuen eta bere ibilbide musikala talde honi oso lotua egon zen, sari ugari jaso zituelarik. 1952an lehen bi sari lortu zituen Galeseko Nazioarteko Eisteddfod-ean. Urte horretan bertan koralak folklore eta polifoniako lehen bi sariak lortu zituen Llangollenen eta hurrengo urtean, lehen saria Ahots Polifonia Klasikoaren Nazioarteko Jaialdian. 1978an Tolosako Nazioarteko Abesbatzen Lehiaketan ere lehen postuan geratu zen.

Elizondoko bizilagunekin izan zuen harremana hain estua izan zenez, 1947 eta 1948 artean alkate lanak egitera iritsi zen. Ikasle ugariri kantu eskola partikularrak eman zizkien eskuzabaltasunez, berarentzat ikasitakoak ezin baitziren inoren jabetzakoak izan. Harena izan zen esaldia: "dakienak irakats dezala, balio duenak ikas dezala eta duenak ordain dezala".

1983an Elizondoko Seme Kuttun izendatu zuten eta 1992an, bere Abesbatza sortu zeneko berrogeita hamargarren urteurrena betetzean, Batzar Nagusiak Baztango Seme Kuttun ere izendatu zuen.